Enpresak

Aldanondok salatu du aseguruaren dirua jaso ez eta enpresa arriskuan dagoela

Duela urtebete erre zitzaion Aguraingo fabrika nagusia (Araba), eta Generalik ez dio kalte-ordaina eman oraindik, sutea nahita piztua izan zela susmatzen duelako.

Suak erabat kiskali zuen Aguraingo lantegia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Aranburu.
2019ko abuztuaren 13a
09:01
Entzun

Sutea istripu bat izan zela dio enpresak eta Ertzaintzaren ikerketek ez dute kontrakoa esan, baina kalte-ordaina blokeatuta du aseguru konpainiak, Generalik. Atzeratze horrek enpresa bera arriskuan jarri duela ohartarazi du gaur Hector Hernandez Aldanondo Corporacion Alimentariako zuzendariak.

Elikagai enpresak agindu zuen urtebetean berriro eraikiko zuela lantegia, eta lanean izango zirela han jarduten zuten 50 langileek. Urtarrilean ekin zieten berreraikitze lanei. Suak txikitatutakoa kendu zuten, baina martxoan lanak geratu zituzten, aseguruaren dirua iristen ez zelako.

Hernandezek atzo Agurainen azaldutakoaren arabera, Aldanondok 46 milioi euroren ondasunak babestuta zituen aseguruaren bitartez, eta horietatik hamar milioi aurreratzeko eskatu zioten Generaliri, 2018ko urrian. Ez dute euro bakar bat jaso. «Aseguru etxeak dio sutea nahita piztutakoa izan zela, baina susmoak bakarrik dituzte». Epaitegietan dago auzia, eta orain arteko ebazpen guztiak Aldanondoren aldekoak dira, sutea istripua izan zela babestu dutelako. Arabako Lurralde Auzitegiak ekainean bota zuen atzera Generaliren azken helegitea. Dirua orain jasoko ez balu, administrazio auzitegietara joko duela iragarri du Aldanondok. Horrek gehiago atzeratuko luke lantegiaren berreraikitzea, eta handitu, berriz, Aldanondoren estuasunak. Hernandezen arabera, galerak pilatzen ari dira, dirutan ez ezik, irudian ere bai, eta egoera «jasanezina»  da. «Gero eta konplikatuagoa da gaztandegiaren etorkizuna». Agurainen egiterik ez dituen gaztak beste enpresa batean egiten ari da orain Aldanondo.

Erregulazioa, luzatzear

Langileen ere egoera ez da ona. 50 langileetatik, batzuk beste bulego batzuetan kokatu dituzte, behin-behineko kontratua zuten beste batzuk kalean geratu dira, eta hamasei behargin erregulazioan daude, kontratuak etenda. Konponbiderik ezean, urrian erregulazioa luzatuko die enpresak.

2018ko abuztuaren 13ko gauean piztu zen sua Aldanondoren plantan, bateriak kargatzen ari zen makina garbitzaile batean akats elektriko bat gertatu baitzen. Lantegia hutsik zegoen eta ez zen inor zauritu, baina txikizioa ia erabatekoa izan zen. Izan ere, gazta egiteko moldeak eta hura biltzeko plastiko eta kartoiak gordetzen zituzten gunean hasi zen sua, eta, ondorioz, oso azkar zabaldu zen. Bi milioi gazta ere kiskali ziren.

Aldanondo Idiazabalgo gaztaren sor-markako ekoizlerik handiena da, Aitzgorri eta Lana markekin. Erronkari gazta ere egiten du —Poliki eta Onkizu markak—, baita beste jatorri izen batzuetako edo halakorik gabeko beste gazta batzuk.

Aldanondo familiak sortutako enpresa bat da Quesos Aldanondo, baina gaur egun konpainiaren laurden bat baizik ez du. Estuasun ekonomiko handien ondoren, familiak enpresaren  %75 Saiona kooperatiba nafarrari saldu zion, 2016an. Saionak beste gazta fabrika bat ireki berri du Olvegan (Soria, Espainia), eta hura hornitzeko 20.000 behiko etxalde handi bat sustatzen ari da handik gertu, Noviercas herrian. Joan den astean jakin zenez, Dueroko Ur Konfederazioak lurrazpiko urak erabiltzeko baimena ukatu dio proiektu horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.