Zedarriak-ek alderantzizko hipoteken zabalkundea proposatu du etxebizitza krisiari aurre egiteko. Ikerketa foroak etxebizitza merkatuan jarri du lupa bere azken txostenean, eta hau izan da egoera bideratzeko eman duen neurri berritzaileenetako bat: arrisku funts bat sortzea horrelako maileguak emateko. Funts horrek «modua emango luke ondare higiezina likidezia bilakatzeko, etxebizitza galdu gabe», eta jabea hiltzean, etxebizitza hori alokairu merkatura bideratuko luke funtsak. Hori bai, Zedarriak-ek ez du aipatzen nola hornituko lukeen diruz arrisku funts hori.
Taldeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxebizitza merkatuaren egoeraren berri emanez hasi du bere zazpigarren txostena. Herritarren erdientzat (%51) arazo nagusia da, eta kopuru hori %4 handitu da urtarrilaz geroztik. Agirian jaso dutenaren arabera, batez besteko alokairua 835 eurokoa da, eta hipoteken batez besteko kuota, 769 eurokoa; familiek soldaten %30 jartzen dute etxebizitza ordaintzeko, eta 43.053 etxebizitza huts daude. Alokairu turistikoari dagokionez, 4.932 legezko etxebizitza turistiko daude, haien %48,4 Bilbon eta Donostian.
Ikerketa foroak uste du etxebizitza arazoak kalte egiten diola lehiakortasunari, besteak beste, atzerriko talentua erakartzea zailtzen duelako
Bere analisian, Zedarriak-ek ondorioztatu du etxebizitzaren auzia «arazo ekonomiko soil bat baino zerbait gehiago» dela, gizarteak bizi dituen tentsioen isla dela. Gizakien «egonkortasuna eta bizitza egitasmoak» gehien baldintzatzen dituen faktorea da, eta dagoeneko oztopo bat bihurtu da «lehiakortasunerako». Zedarriak, beste ezeren gainetik, enpresari foro bat da, eta uste du etxebizitzaren aldagaiak talentua erakartzeko ahalmenari eragiten diola. Alegia, etxebizitza arazo bat dela atzerriko langileak erakartzeko.
Foroaren dokumentuak, dena den, haien iradokizun eta proposamenengatik dira ezagunak. Aurrekoan hautsak harrotu zituen euskal industriak defentsa sektorearen aldeko apustua egin behar zuela iradoki zuenean. Bada, oraingoan, deigarriak dira adineko etxejabeei egindako proposamenak, esaterako. Alderantzizko mailegu hipotekarioak pentsioak hobetzeko tresna gisa aurkezten ditu. Era berean, hobari fiskalak eskatu ditu zaharren egoitzetan dauden adinekoen etxeak alokairuan jartzearen truke.
Zedarriak kritikatu du ez dagolea orekarik etxebizitza babestuentzat gordetako zoru kopuruaren eta eraikitzen diren etxebizitza babestuen artean: «Zorua gordetzeak ez du islarik ekoizpen errealean»
Etxebizitza hutsei dagokienez, 43.000 zenbatu ditu elkarteak, eta horietatik 25.000 Alokabide, Etxebide eta gisa horretako programetarako egokiak izan litezke, elkartearen aburuz. Era berean, adierazi du komenigarria litzakeela etxe hutsei tasa bat ezartzea, eta harekin bildutakoa alokairu merkatua sustatzeko erabiltzea. Hala ere, ez du zehaztu ea bigarren etxebizitzak etxebizitza hustzat jo dituzten ala ez. Halaber, ondorioztatu du politika publikoak behar direla hutsik dauden etxebizitzen birgaitzea sustatzeko, etxe askok ez baitituzte gutxieneko baldintzak betetzen.
Etxebizitza turistikoak, oso errentagarriak
Etxebizitza turistikoei dagokienez, Zedarriak-ek uste du garaia iritsi dela etxe horiei «arrazoizko mugak» jartzeko, adibidez, ohiko bizitokiak lehenetsiz tentsio handiko eremuetan, eta luzapenak ezarriz etxebizitza turistiko asko dituzten auzoetan. Txostenaren arabera, etxebizitza turistikoek %5,9ko errentagarritasuna dute, ohiko banku produktuena baino handiagoa, eta «babes» inbertsio bilakatu dira. Hain justu, ondorio argigarri bat atera dute inbertsio horien inguruan: «Errentagarritasun hori merkatu distortsionatu baten ondorio da. Jabeek diru sarrera handiak jasotzen dituzte alokairu turistikoaren bidez, eta etxea berriz salduz gero irabazi handiak lortuko dituztela espero dute, oraingoz etxebizitzaren prezioak goranzko joera etengabea izango baitu».
Enpresarien lobby bat izanik, eta harengandik espero zitekeen bezala, Zedarriak-ek dio gehiago eraiki behar dela, eta hori sustatzeko neurriak behar direla. Eusko Jaurlaritzak esan zuen urtero 1.500 etxebizitza berriko defizita pilatzen dela, eta etxebizitza babestuarena are nabarmenagoa dela. 2024an hasitako etxebizitzen %31 bakarrik babestu zituzten, nahiz eta lurraren %75 halakoak eraikitzeko gordeta egon. «Zorua gordetzeak ez du islarik ekoizpen errealean», dio txostenak. Datu hori birritan agertzen da, eta Zedarriak-ek ondorio hau gehitu du: «Eraikitzeko lurzoruen eskasia erronka bat da: hazkundea mugatu, eta eraikitzaileen arteko lehia handitzen du». Arazo hori hirigintza araudiei eta administrazio prozesuei egozten die.