Aldundien zerga bilketa %22 murriztu da ekainera arte

Urte hasiera hobeagoaren ondoren, Bizkaian ere amildu egin da bigarren hiruhilekoan

Iker Aranburu.
Donostia
2009ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Txarretik okerrera doa diputazioen diru bilketa. Urteko lehen sei hilabeteetan 4.007 milioi euro bildu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, iazko epe horretan baino %22 gutxiago. Maiatzaren amaieran jaitsiera %16,8koa zen.

Jaitsiera nahiko antzekoa izan da hiru lurraldeetan. Eusko Jaurlaritzako Ogasun Saileko datuen arabera, Araban 583,2 milioi euro bildu dituzte zergetan (-%20), 2.326,6 milioi Bizkaian (-%21,5) eta 1.097,7 milioi Gipuzkoan(-%24). Harrigarriena Bizkaiko bilakaera izan da, urteko lehen hiru hilabeteetan bilketak %5,5 egin zuelako atzera, beste bi lurraldeetan baino nabarmen gutxiago.

Datua kolpe latza da Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenentzat. Izan ere, Carlos Agirre Ogasun sailburuak aurreikusi zuen urteak aurrera egin ahala zerga bilketaren erorketa moteldu egingo zela, eta abenduaren 31rako %5 eta %8 artekoa izango zela.

Zerga bilketaren amiltzearen arrazoi nagusia kontsumoaren jaitsiera izan da. Zergarik garrantzitsuena, BEZa, %25,1 jaitsi da urtarriletik ekainera. 1.534 milioi bildu dira kontsumoaren gaineko zergarekin. Lan errentaren gainekoa, berriz, %19,8 gutxitu da, 1.308 milioi eurora arte. Enpresen irabazien gainekoa, sozietate zerga, %27 gutxitu da, eta 219 milioi baizik ez ditu eman. Haren gainetik geratu da erregaien gaineko zerga, 484 milioi eurorekin. Gora egin duen bakarretakoa tabakoaren gainekoa da: %0,2 hazi da, Espainiako Gobernuak zergaren tasa igo zuelako.

Urte amaieran berdintsu

Andres Araujo Ekonomiako sailburuordeak «kezkagarritzat» jo du zerga bilketaren amiltzea, eta nabarmendu du ez dagoela arrazoi bakarra. Ekonomiaren uzkurtzeari -BPGak %2,5 egin zuen atzera lehen hiruhilekoan iazkoarekin alderatuta-, kanpo merkataritzaren jaitsierari eta «ezkutuko ekonomia handiagoari» egotzi die erantzukizuna.

Eneko Goia Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak garrantzia kendu dio bere lurraldean jaitsiera besteetan baino handiagoa izateari, eta urte amaieran hiruetan datuak «berdintsuak» izango direla ziurtatu du. Haren arabera, Aldundiak egin dituen zerga itzulerak dira jaitsiera handiagoaren arrazoi nagusia.



Aurreko Jaurlaritzaren inbertsio planaren atal batzuk baliatuko ditu oraingoak

Astelehenean Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek eta Eudelek egin zuten bileran, Juan Jose Ibarretxeren gobernuaren eta diputazioen ekonomia biziberritzeko plana zertan geratuko den galdetu zuen Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun sailburuak. Plan hori aztertu eta neurri «onak indarrean jarriko eta besteak baztertuko» dituztela erantzun zion atzo Patxi Lopez lehendakariak. Aurreko gobernua kritikatu zuen Lopezek, bere esanetan, planean aurreikusitako neurri askotarako aurrekonturik jarri ez zuelako. Berak, berriz, ez du «propaganda» planik egingo.

Ildo horretatik, Idoia Mendia bozeramaileak berretsi zuen zenbait ekimen ez dituela atzera botako, plana aurkeztu aurretik ere proposatutakoak baitziren. Baina Jaurlaritza berriak «beste lehentasun eta ekimen batzuk» dituela nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.