Alemaniak zazpi urtez atzeratu nahi du Greziaren zorraren ordainketa

Hartzekodun pribatuek bigarren erreskatean «nabarmen» parte hartu behar dutela esan du Finantza ministroak

jakes goikoetxea
2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Alemaniak gehiago zehaztu du hartzekodun pribatuek Greziaren bigarren erreskatean parte hartzeko proposamena: haien eskuetan dauden zor bonuak beste batzuengatik ordezkatzea eta ordainketa zazpi urte atzeratzea. Teorian, horrek denbora gehiago eskainiko lioke Greziari bertako ekonomia berrantolatzeko eta suspertzeko, eta zorrak bere kabuz ordaindu ahal izateko, beranduago bada ere. Wolfgang Schauble Alemaniako Finantza ministroak egin die proposamena euroguneko Finantza ministroei eta Jean-Claude Trichet Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteari, gutun baten bitartez.

Greziari 110.000 milioi euroko erreskatea ematea hitzartu zuten iazko maiatzean. Erreskatea datorren urtean amaituko da. Berez, Greziak zor merkatuetara bueltatu beharko du dirua lortzera, bere zorraren hartzekodunei ordaintzeko. Baina Greziaren egoera ikusita, ez da gai izango dirua bere kabuz lortzeko eta hartzekodunei ordaintzeko. Horregatik, Europako agintariak bigarren erreskatea negoziatzen ari dira. Hilaren 20an gaiari buruzko bilera egin behar dute, Luxenburgon.

Frantzia eta EBZ, kontra

Alemaniak hartzekodun pribatuek bigarren erreskatean «nabarmen» parte hartzea nahi du, horretara behartu behar direla dio. Herrialdeez —zerga ordaintzaileez— gain, inbertsiogile pribatuek ere ordaintzea nahi du. Nola? Gaur egun dauzkaten zor bonuen truke beste batzuk hartuta. Bonu berrien ordainketa zazpi urte atzeratuko litzateke. Frantziak eta EBZk ez dute nahi, berregituraketak «borondatezkoa» izan behar duela uste dute. Alemania haiek estutzen ari da.

Alemaniak uste du EBZ kontra dagoela, EBZ delako Greziaren zorraren hartzekodun nagusienetakoa eta zorra atzeratzeak kontuak desorekatuko dizkiolako.

Grezian, Giorgos Papandreu presidente sozialistak lasaitua hartu du, PASOK alderdiko diputatu guztien babesa bermatu baitute murrizketa eta zerga igoera berrien alde. PASOKek gehiengo osoa du Parlamentuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.