Albisteak merkatuak irauli zituen berehala. Esaterako, Madrilgo burtsak Arcelorren kotizazioa behin-behinean bertan behera utzi zuen, eta, berriro ireki zuenean, %34,2 igo ziren konpainiaren akzioak. Eskaintza publikoak ondorio zuzenak izango ditu Euskal Herrian. Arcelorrek hamar lantoki ditu: hiruna Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta bakarra Araban. Guztien artean, gutxi gorabehera, 4.000 langile dituzte. ELA sindikatua kezkaturik dago lantokien etorkizunarekin. Arcelorrek dagoeneko hainbat lantoki saldu dituela gogoratu (Azpeitian, Lasaon edo Baionan, besteak beste), eta horren ondorioz lanpostu ugari deusteztatu direla azpimarratu zuen.Mittal Steelek Rotterdamen (Herbehereak) du egoitza. Orotara, konpainiako lau akzio eta 35,25 euro eskaini ditu Arcelorren bost akzioren truke. Eskaintzak Arcelorren akzioei 28,21 euroko balioa aitortzen die, ostegunean Europako altzairu taldeak Parisko burtsan zuen kotizazioa baino %27 gehiago, eta azken hilbateon izan duen batez bestekoa baino %31 gehiago.
Merkatuaren hamarren bat kontrolatuko luke Mittalek
Operazioa burura eramatea ez da erraza izango. Arcelor, munduko bigarren ekoizlea eta Europako lehena, bere administrazio kontseilua aurki bilduko du, erantzuteko estrategia prestatzeko. Hala ere, gauzatuko balitz, emaitza negozio ikusgarria litzateke: altzairuaren merkatuaren %10 kontrolatuko luke Mittal Steelek, 56.000 milioi euroko diru sarrerak izango lituzke, eta 320.000 langile, Arabako, Nafarroa Behereko eta Zuberoako populazioak baturik adina.
Bestelako mugimenduak ere pentsatu ditu Mittalek. Dagoeneko Alemaniako ThyssenKrupp taldearekin akordioa erdietsi du, eta, Arcelorren gehiengoa lortzen badu, Kanadako Dofasco konpainia salduko dio. Aurretik, Arcelorrek Dofasco erosteko joan den asteartean iragarri zuen eskaintza publikoa ordaindu beharko du, 3.950 milioi euroren truke. ThyssenKruppek, ondoren, 3.800 milioi eurotan erosiko dio Mittali Kanadako altzairu produktorea.
Frantzia, kezkaturik, eta Europako Batasuna, adi
Munduko lehen altzairu ekoizlearen jabea Lakshmi Mittal handiki indiarra da. Holandan eta Erresuma Batuan ditu egoitza nagusiak, eta 2004. urtean (dauden azken datuak dira) 22.200 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Hamalau lantoki ditu,mundu osoan barreiaturik.
Europako Batasuneko Lehia komisarioak, Neelie Kroesek, aurreratu du erosteko eskaintza «sakon» aztertuko duela. Bat-egiteei buruzko araudiaren arabera, EBri dagokio operazioa onartzea edo baldintzak jartzea.Frantziako Ekonomia eta Finantza ministro Thierry Breton, berriz, kezkaturik dago industrian edo enpleguan izan daitezkeen ondorioekin, eta elkarrizketa eskatu dio Lakshmi Mittali.Arcelor 2002an sortu zen, Espainia, Frantzia eta Luxenburgoko hiru talde batu eta gero. Gaur egun 95.000 langile ditu, eta 60 herrialdetan ditu negozioak. 2004. urtean (datuak dauden azkena) 2.314 milioi euro garbi irabazi zituen.
lakshmi mittal
Mittal Steeleko presidentea
Altzairua, metal preziatu
Urrea, zilarra edo platinoa ez da, baina Lakhsi Miwal Mittalen (India, 1950) pentsamenduan metal preziatu bakarra litzateke altzairua. Rajastango basamortuan haren aitak zuen Ispat altzairutegi apalean hasi, eta gaur egun Europako pertsonarik dirudunena da, eta munduko hirugarrena, 20.250 milioi euroko ondare bat izanikia EAEko BPGren erdia, Forbes aldizkariaren arabera.
Indiako egoerarekin nazkaturik, 1976an Indonesiara alde egin zuen, eta handik aurrera arrakastak kateatu zituen etekin gabe, egun duen inperioa eraiki arte. Esaterako, Trinidad eta Tobagon Iscott altzairutegi defizitarioa hartu, eta urte baten buruan errentagarri bihurtu zuen.Hainbat herrialdetan beste konpainia batzuk erosi zituen, eta 1995ean Londresera alde egin zuen. Harrezkero, Steel AEBetako taldea edo Ukrainako Kryvorizhstal erosi ditu, besteak beste. Negozioetan duen arrakastak itzalak ere baditu. Esaterako, Tony Blairren alderdi laboristari eman dizkion diru laguntzak eztabaida iturri izan dira. Ez da polemika bakarra izan: Kengsintonen (Londres) duen etxetzarraren truke 100 milioi eurotik gora ordaindu zituen.