Altzairuaren jauna ez da herdoilezina

Jose Antonio Jainaga itzal handiko enpresaria da, eta maiz goraipatu dute erakunde publikoek. Sidenor berpiztu ondoren, euskal siderurgia talde handi bat osatzea izan zuen amets, baina Talgon jarri zuen arreta. Akusazio larriak egin dituzte haren aurka.

Talgoren gehiengoa eskuratzeko osaturiko partzuergoko buruak. Xabier Sagredo (BBK), Mikel Jauregi (Jaurlaritzako industria sailburua), Jose Antonio Jainaga (Sidenor), Noel d'Anjou (Jaurlaritza, Finkatuz) eta Jon Urresti (Vital).
Talgoren gehiengoa eskuratzeko osaturiko partzuergoko buruak. Xabier Sagredo (BBK), Mikel Jauregi (Jaurlaritzako industria sailburua), Jose Antonio Jainaga (Sidenor), Noel d'Anjou (Eusko Jaurlaritza, Finkatuz) eta Jon Urresti (Vital).
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urriaren 24a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hilabeteetan, Jose Antonio Jainaga enpresari bilbotarra berak nahiko lukeen baino gehiago ari da agertzen egunkarietan. Sidenor altzairutegia berpizteagatik egin zen ezagun, eta garai garratzak bizi ditu orain. Batetik, bera buru duen eta Talgoren akzioen %29 erosi asmo duen euskal partzuergoari espero baino gehiago kostatzen ari zaiolako operazioa ixtea; tren konpainiako akzioek, gainera, Jainagak eskaintza egin zuenean baino %40 gutxiago balio dute egun. Eta bestetik, Espainiako Auzitegi Nazionalak bere aurka eginiko salaketa oso larria delako. Israelgo arma enpresa bati Sidenorren ekoitzitako altzairua saldu izana egozten dio, eta, The Ditch Irlandako hedabideak argitaratu duenez, altzairu bidalketa horiek frogatuta eta ondo dokumentatuta daude. 

Jainaga duela 71 urte jaio zen, Bilbon. Taxi gidari baten semea da, eta ikasle bikaina izan zen Bilboko ingeniaritza eskolan. Egun, itzal handiko enpresaria da euskal industrian. El Mundo agerkariak iaz argitaratu zuenez, laurehun milioi euroko ondarea du, eta EAEko aberatsenen artean hamargarrena da. Jaurlaritzarekin oso harreman ona izan du beti; horren erakusgarri, aurten Joxe Mari Korta saria jaso izana eta Industria sailburuengandik eta lehendakariengandik jasotako laudorioak. Talgo operazioak, bestalde, erakutsi du Espainiako Gobernuarekin ere harreman oparoa duela. 

Pandemiaren aurretik, euskal siderurgia talde handi bat osatzen saiatu zen, baina beste altzairutegiek ez zuten onartu Sidenorrekin fusionatzeko eskaintza

Jainagak Sener ingeniaritzan hasi zuen ibilbide profesionala, eta hogei urtez Michelinek Frantzian dituen instalazioetan lan egin ondoren, Sabino Arrietaren eskutik iritsi zen Basauriko altzairutegira 1990eko hamarkadaren amaieran. Gerdau multinazional brasildarrak Sidenor erosi zuenean, Jainaga mantendu zuen buruan, eta 2016an berak erosi zuen enpresa, Mirai Investments funtsaren bitartez. Hartaz geroztik, Sidenor hazi baino ez da egin, baita Mirai funtsa ere. 

Asmo handiak

Azken hamarkadan jaso du Altzairuaren jauna ezizena. Pandemiaren aurretik eginahal guztiak egin zituen euskal siderurgiaren arloko konpainia handi bat osatzeko. Sidenor Euskal Herriko beste altzairutegi batzuekin fusionatzen saiatu zen: Celsa, Tubos Reunidos, Tubacex, Olarra… Zurrumurruak alde batera utzita, publikoki adierazi zuen bere asmoa, baina inork ez zuen gonbita onartu. Pandemiaren ondoren, besteak beste, ITPn eta Celsan sartzeko interesa zuela zabaldu zen, baina bere asmoa bestelakoa zen.

Hedabideetan gutxi agertu arren, mikrofono bat parean jartzen diotenean Jainagak ez du herdoilik izaten mihian. Pandemiaren ostean Iberdrola kritikatu zuen argindarraren kostuarengatik, eta 2019an CAF publikoki xaxatu zuen altzairua ez ziolako Sidenorri erosten. Ordurako argi zuen trengintza bezero oso ona izan zitekeela Sidenorrentzat; eta, bezeroak ez badatoz, onena bezeroarengana joatea da. Edo haiekin txertatzea akzioak erosiz, esate baterako, Talgon. 

'Talgo operazioa' kolokan egon daiteke. Jainagaren aurkako akusazioak larriak dira, eta Sidenorren koartada, ahula. Erakunde publikoek eta banku fundazioek lanak izango dituzte hari erakutsitako babesari eusten.

Iazko urrian, Jainagak jakinarazi zuen asmoa zuela Trilantic funtsak Talgon zituen akzioak —jabetzaren %29— erosteko. Horretarako, baina, gihar ekonomikoa behar zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren, BBK eta Vital Fundazioen, Mondragon taldearen eta Espainiako Gobernuaren bultzada jaso zuen. Operazioa luze gabe itxiko zutela zirudien arren, asko katramilatu da, hein handi batean Talgok bankuekin dituen zorrengatik eta bezeroekin pilaturiko isunengatik. 

Tarte horretan, Jaurlaritzak itsu-itsuan babestu du. Mikel Jauregi Industria sailburuak mantra gisa errepikatu du bera lasai zegoela Jainaga tartean bazegoen. Espainiako Auzitegi Nazionalaren ikerketa, baina, traba handia da operazioa gauzatzeko, are gehiago jakinda Sidenorrek Israeli altzairua saltzen jarraitu zuela negoziazioak puri-purian zeudenean ere, ustez Espainiako Gobernuari jakinarazi gabe. Enpresak argudiatu du bere salmentak eten zituela Espainiako Gobernuak Israelekin zituen kontratuak haustea erabaki zuenean. Koartada hori, baina, oso ahula da, eta akusazioak hain dira larriak, ezen banku fundazioek eta erakunde publikoek lanak izango baitituzte babes hori azaltzen, eta lan horiek are handiagoak izango dira epaileek Jainaga auzipetzen eta erruduntzat jotzen badute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.