Sidenor buru duen partzuergoak beste 75 milioi euro jarriko ditu Talgo erosteko

Sidenorrek, BBK-k, Vital Kutxak eta Eusko Jaurlaritzak jarriko dute diru hori, Espainiako Gobernuaren menpeko SEPI fundazioak jarriko ez duen maileguaren erdia pagatzeko. Tren ekoizlearen zorra berregituratzea ezinbestekoa da erosketa gauzatzeko.

Talgo tren konpainiaren fabrika bat. Artxiboko irudia. EFE
Talgo tren konpainiaren fabrika bat, artxiboko irudi batean. EFE
aitor biain
2025eko uztailaren 10a
12:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Talgoren erosketaren azken korapiloa askatzeko urratsa egin du Sidenor buru duen partzuergoak: 75 milioi euro jarriko ditu tren ekoizlearen zorra berriz finantzatzen lagundu eta haren erosketa behin betiko gauzatzeko. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuari «malgutasuna» eskatu eta biharamunean egin du iragarpena Eusko Jaurlaritzak. Nabarmendu du egun gutxian lortu dutela dirua biltzea eta espero duela Madrilek beste horrenbesteko ekarpena egitea. Izan ere, SEPI Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietateak 150 milioi euroko mailegua emango zuela iragarri zuen hasieran, baina horren erdia jarriko zuela esan zuen gero, eta beste erdia partzuergoak berak jar zezala eskatu.

Zorra berregituratu ahal izateko finantza erakundeek jarritako baldintza da maileguarena, iritzi baitiote horrek bermea emango diela. Hala ere, ikusteko dago nahikoa izango ote den, posible baita Europako Batasunak estatu laguntza gisa hartzea Gasteizko eta Madrilgo erakunde publikoen parte hartzea eta, beraz, erosketa bertan behera uztea. Hori bera argudiatu zuen SEPIk hasierako erabakia aldatu eta atzera egiteko. Talgok 405 milioi euroko zorra du gaur egun, eta horien 318 hurrengo hiru urteetan itzuli behar ditu.

Edonola ere, Talgo erosteko operazioa behar baino gehiago atzeratzen ari da. Bost hilabete dira jada partzuergoak akordioaren aurrekoa egin zuela tren ekoizlearen akzioen %29,7 erosteko. 183 milioi euro ordainduko ditu horien truke. Baina oztopoak bata bestearen atzetik etorri dira orduz geroztik. Haren zorra da orain nagusia: hura berregituratzea ezinbestekoa da azken urratsa egiteko, Jose Antonio Jainaga Sidenorreko buruak adierazi baitzuen hura berriz finantzatu ezean ez zuela erosiko Talgo.

Denera 230 milioi

Eusko Jaurlaritzak jada 45 milioi euro jarri zituen Talgoren akzioak erosteko, Finkatuz funtsaren bidez. Sidenorrek eta BBK-k ere beste hainbeste jarri zituzten; Vital Kutxak, berriz, hogei milioi jarri zituen. Beraz, Sidenor bera buru duen partzuergoak 155 milioi euro mugitu ditu guztira. Eta orain beste 75 milioi jarriko dituzte denen artean. Jaurlaritzak, ordea, nahi du Espainiako Gobernuak ere esku hartzea operazioan, SEPIren bitartez, besteak beste haren eskariz eman zuelako tren ekoizlea erosteko pausoa.

Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen Talgorentzat bazkide industrial bat bilatzeko, eta euskal enpresak eta erakundeak mugiarazi zituen horretarako. Izan ere, Hungariako Marya Vagon taldeak Talgo erosteko egindako eskaintza publikoa egin zuen ordu hartan. Baina Madrilek bertan behera utzi zuen eskaintza, argudiatuta estrategikotzat jotzen duen enpresa horren—Renferen hornitzaile nagusietako bat da— erabakigunea Madrildik urrutiratzea ekarriko zuela.

Horregatik, Jaurlaritza bera eta batez ere EAJ haserre eta gogaituta agertu dira azken egunetan Espainiako Gobernuarekin. «Ardura» eta «malgutasuna» eskatu dizkiote, erosketa behin betiko egin ahal izateko, eta «oztopo gehiago» ez jartzea galdegin. Jeltzaleek Madrili gogorarazi diote Gasteizko gobernuaren bizkar utzitako «eskakizun guztiei» erantzun dietela, eta «behar ziren urratsak» egin dituztela. Asteartean, nolanahi ere, Maribel Vaquero, hau da, jeltzaleek Espainiako Kongresuan duten bozeramailea urrunago joan zen, eta Espainiako Gobernuari ohartarazi zion operazioak porrot egiten badu gobernua bera izango dela erantzulea.

Hain justu ere, Pradalesek eta Sanchezek bilera egingo dute datorren asteartean, eta Talgorena ez dago gai zerrendan sartuta. Bada, ordukorako akordioa «bideratuta» egotea espero du Maria Ubarretxena Jaurlaritzako bozeramaileak: «SEPIk erabaki bat hartu beharko du orain. Espero dut egoera bideratzea, eta espero dut hilaren 15a baino lehen egitea». Izan ere, badaki erosketa gehiago atzeratuz gero balitekeela tren ekoizlearen egoera are gehiago konplikatzea. Talgo eskariei erantzun ezinean ari da, eta egun 6.000 milioi eurotik gorako balioa duen zorroa du.

JAURLARITZAK JAINAGA SARITUko DU

Sidernor altzairutegi taldearen presidente Jose Antonio Jainaga sarituko du Eusko Jaurlaritzak. Joxe Mari Korta saria emango dio gaur iluntzean, Donostian, egindako enpresa ibilbidea aitortzeko. Bereziki «industria errotzearen, bikaintasunaren, berrikuntzaren eta kalitatezko enplegua sortzearen alde» egindako lana eskertu nahi diote Jainagari sari horren bitartez. LAB sindikatuak, ordea, kritikatu egin du saria hari ematea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.