Europako altzairugintzak erronka bat ezarri dio bere buruari datorren hamarkadarako: balio handiagoko produktuak ekoiztea gutxiago kutsatuz. Bada, Eusko Jaurlaritzak bide hori urratu nahi du, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Europako «erreferentziazko eskualdeen artean» kokatzea du xede. Hala nabarmendu du Jaurlaritzako Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik, eta, haren aburuz, proiektuak 25 milioi euro inguru mobilizatuko ditu.
Hala adierazi du gaur Barakaldon (Bizkaia), non Basque Zirkular Metals proiektua aurkeztu duen. Proiektu hori Euskadi 2030 Industria Planean aurreikusitako 25 egitasmoetako bat da. Produktuen balioa handitzeaz eta karbono aztarna gutxitzeaz gain, beste zenbait helburu ditu, hala nola kanpoko lehengaiekiko mendekotasuna murriztea eta zirkulartasuna hauspotzea. «Altzairuaren balio kate lehiakor eta berritzaile bat bermatu nahi dugu, karbono urrikoa», adierazi du Jauregik.
Euskal enpresak «eraldaketa zirkularraren buru» izatea nahi du Jauregik, horrek «kalitatezko enplegu aukerak» sortuko dituelako. Hori egin ahal izateko, kalitatezko txatarra eskuratzea, hobekuntza teknologikoa, materialen trazabilitatea, ekodiseinua, negozio eredu berriak eta erregulazioaren arloan aurrea hartzea aurreikusten du proiektuak.
Lehen urratsa urte bukaerarako eginda izan nahi dute: produktuen pasaporte digitala. Eta proiektu osoaren gakoetako bat ere abian jartzea espero dute: produktuak eta materialak berrerabiltzea beste bizitza bat emateko, hain zuzen.
Pauso horiek emanez gero karbono emisioak gutxituko lituzkete; %80 murriztuko litzateke karbono aztarna altzairugintzan. Eta ez da baztertu beharreko datua; izan ere, gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako metalgintzak hamar milioi tona altzairu ekoizten ditu urtean.
Hala ere, ez da helburu bakarra, gaur egungo egoera geopolitikoak zaildu egin baitu lehengaiak eta erregaiak inportatzea. Hori dela eta, industria zirkular bat sortzeak «industria bera babestuko» duela uste du Jauregik.
datuak
%63Zenbatekoa den metalgintzaren karbono aztarna. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako karbono aztarna guztiaren %63 metalgintzaren sektoreak eragiten du.
110.000Zenbat langile dauden metalgintzan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako metalgintza kontuan hartuz gero, guztira 110.000 lanpostu daude.
Eta industria zirkular hori sei sektoretan eragin dezakeela esan du Irantzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordeak: siderurgian, automobilgintzan, mugikortasun jasangarrian, energia eolikoan, fabrikazio aurreratuan eta eraikuntzan.
Jauregik azpimarratu duenez, proiektuaren gidaria Jaurlaritza izan arren, eta egitasmo publiko batek bultzatu duen arren, erabakiak hartzeko orduan sektore pribatua ere kontuan hartu dute. Hori dela eta, azken hilabeteetan hamaika bilera egin dituzte zenbait enpresarekin, proiektua ontzeko. 11 industria enpresa, bost industria kluster eta beste zenbait eragilek hartu dute parte proiektuaren egituraketan, zehazki.
Basque Zirkular Metalsen Parte hartu duten euskal enpresak eta klusterrak
Sestaoko ArcelorMittal
Sidenor
Tubacex
Gescrap
CAF
Gestamp
Gamesa Gearbox
Haizea Wind Group
Viuda de Sainz
Etxetar
FMD Carbide
BRTA
EHU
Tknika
Siderex
AFM
Buid:INN
Acicae
Aclima
EBren mugarriak
EB Europako Batasunak metalgintzaren sektoreari begira ezarritako mugarriei erantzuteko proiektua da gaur aurkeztutakoa. Are gehiago, Jauregik eta Allendek nabarmendu dute ez dela soilik Europatik etorritako exijentziei erantzuteko estrategia bat, baizik eta «Euskadi Europako metalgintza zirkularreko laborategi industriala» bihurtzeko saiakera. Zedarri horri data jarri diote, gainera: 2036. urtea. Are gehiago, Allendek esan du EBk zera esan diela, lurraldea «potentzia» bat izan daitekeela.
«Euskadik abantaila bat du beste lurraldeekin alderatuz gero: balio kate osoa hemen dugu», nabarmendu du Allendek. Jaurlaritzak bultzatutako proiektuak aurrera eginez gero, EAEk bat egingo luke Lombardiarekin (Italia), Flandriarekin, Ekialde Handiarekin (Frantzia), Ipar Renania-Westfaliarekin (Alemania) eta Suediako erdialdearekin, Europako metalgintza zirkularraren «lider» gisa.