Amaia Susperregik jaso du 2026ko Joxe Mari Korta Saria, Eusko Jaurlaritzak enpresen arloan ematen duen sari nagusia. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, eta Gipuzkoako Jaso garabi enpresako buruaren ibilbidea aitortu nahi izan du aurten. Imanol Pradalesek eman dio garaikurra, gaur, Ajuriaenean.
Epaimahaiaren arabera, «errotzearekiko duen konpromisoagatik, bikaintasunagatik, enpresa sarearekiko hurbiltasunagatik, erakundeekiko konpromisoagatik eta Euskadiko garapen ekonomiko eta industrialari egindako etengabeko ekarpenagatik» saritu dute Susperregi. Idiazabalen eta Itsasondon (Gipuzkoa) ditu egoitza nagusiak Jaso enpresak, eta 1965ean sortu zen.
Susperregi Ordizian jaio zen. Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziaduna da Donostiako Deustuko Unibertsitatean, eta finantza zuzendaritzan espezializatu zen gero. Gainera, ESADEko Kontseilarientzako Prestakuntza Programako kontseilaria izan zen, eta iaz Madrilgo IE unibertsitatean ikasi zuen, luxuzko produktuak eta zerbitzuak kudeatzeari eta saltzeari buruzko programa aurreratu bat.
Joxe Mari Korta saria duela 26 urte sortu zuen Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, 2000. urtera arte enpresaria eta Adegiko presidentea izan zen Korta, eta urte hartako abuztuan hil zuen ETAk. Haren omenez ematen du sari hori urtero. Iaz Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak jaso zuen.