Navarra Sumak hatza begian sartu nahi izan dio PSNri. 2018ko urrian, UPNk, PSNk eta PPk proposatu zuten, 2012tik alderdiok amatasun laguntzei Errenta Zergan ezarritako atxikipena kentzea eta, atzerako eragina aplikatuz, itzultzea. Ordu hartan, laukoak atzera bota zuen proposamena. Urtebete geroago, politikoki egoera aldatu da eta PSN dago gobernuan, baina Navarra Sumak proposamen bera (edo antzekoa) ekarri du Parlamentura. Emaitza bera jaso du, ordea. Gainerako talde guztiek ezezkoa eman diote. Baita PSNk ere.
Eztabaida politikoaren oinarria iazko urrian Auzitegi Gorenaren epaian dago. Iaz, Gorenak arrazoitu zuen Gizarte Segurantzak ordaindutako amatasun laguntzari ezin zitzaiola errenta zergarik ezarri, eta atzerako eragina izan zezakeela. Alta, epai hark Espainiako erregimen komuneko legediari soilik eragiten zion.
Hego Euskal Herrian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek onetsi zuten epaia aintzat hartuz foru arauak aldatzea eta 2014tik hona amatasuna laguntza jaso dutenei atxikipenak itzultzea. Nafarroako Gobernuak eta hura sostengatzen zuten alderdiek, aldiz, beste bide bat hartu zuten: zerga autonomia baliatuz, epaiari jaramonik ez egin, eta 2019tik aurrera amatasun zein aitatasun baimenei %25era arteko zerga kenkaria aplikatzea. Laukoak argudiatu zuten kenkariak "progresiboak" direla, atxikipenak bere horretan itzulita batik bat errenta handienei egiten dielako mesede.
Neurri haren kontra azaldu ziren UPN, PP eta PSN. Espainiarekin alderatuta, "diskriminatuta" zeudela uste zuten guraso talde batzuek presio egin zieten alderdioi ere. Orain, sozialisten jarrera gogoan, Navarra Sumak haren kontraesana bilatu du. Berez, gaur osoko bilkuran eztabaidatu den lege proposamena uztailaren 4an erregistratu zen, oraindik ere gobernua osatu gabe zegoela.
Alta, egoera ez da solik politikoki aldatu. Aurreko astean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko epaitegiak ebatzi zuen Gorenaren epaia ez duela zertan Nafarroan aplikatu, bi arau diferente direla argudiatuta. Auzitegi Nagusiaren arabera, Nafarroako legean ondo adierazita zegoen amatasuna laguntzen atxikipena ez daudela Errenta Zergatik salbuetsita (hain zuzen ere, hori zen Espainiako legearen arazoa eta Gorenak kaleratutako epaiaren oinarria). Ondorioz, Auzitegi Nagusiak bertan behera bota zituen ama eta aita talde batek atxikipenak itzultzeko egindako erreklamazioa.
Navarra Suma eta PSN, elkar mokoka
Gaurko eztabaidan, Navarra Sumak argudiatu du euren lege proposamena ez dagoela epaiarekin kontraesanean, gobernuak nahi izanez gero, atxikipenak itzul daitezkeelako. Marta Alvarez parlamentariaren esanetan, proposamenak ez du segurtasun juridikoa urratzen, eta “interes orokorrekoa” denez, aplikatu daiteke. Giltza PSNk duela jakitun, sozialistei ohartarazi die ezezkoa emanez gero, “Barkosek ez dielako utzi” izan dela eta “hauteskunde taktizismoz” ari dela. Era berean, Alvarezen ustez, PSNk iruzur egin die atxikipenak itzuli egingo zietela promes egin zieten herritarrei.
PSNko Ramon Alzorrizek Navarra Sumaren “amarrua” salatu du. Alzorrizek kritikatu dio Alvarezi bere adierazpenetan ahaztu duela epai bat egon dela eta haren arabera, “ezinezkoa” dela atxikipenak itzultzea. “Zuek bai ari zarete herritarrei iruzur egiten”. Alzorrizen arabera, Navarra Sumak PSNrekin konfrontazioa bilatu du. PSNren ustez, egungo egoera gainditu behar denez, “beste bide bat” nahiago duela aurreratu du. Iradoki du araudi aldaketa bat proposatuko duela, gehaigo zehaztu gabe.
Ildo beretik jo du EH Bilduko Adolfo Araizek. Bere ustez, epaiak alderdi bakoitza “bere tokian” utzi du, eta atxikipena itzultzearen alde egin duten guraso talde horri iruzur egitea leporatu dio Navarra Sumari. “Zuek bultzatu dituzue epaitegietara”. Araizen ustez, Navarra Sumaren proposamenaren funtsa “foru erregimenaren aurkakoa” da. Gainera, atzean beste eztabaida ideologiko bat dagoela erantsi du. Izan ere, zerga atxikipenak bere horretan itzulita errenta handieneko familiek progresiboki “abantaila handiagoa” lortzen dute; egokiagoa ikusten du aurreko gobernuak hartutako bidea, zerga kenkariek errentadun apalenei egiten dietelako mesede.
Ahal Dugu-ko Mikel Builek gogorarazi du, gainera, hortik kanpo geratuko liratekeela gutxieneko soldata jasotzen dutenak, eta auziaren “erabilera politikoa” salatu du. Ildo beretik, Marisa de Simon Ezkerrako parlamentariak “hauteskunde kutsua” ikusi dio proposamenari.