Zergak

Amazonek ez dizkio 250 milioiren zergak ordaindu beharko Luxenburgori

EBko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Europako Batzordearen agindua.

Amazonen irudia, artxiboko irudi batean. TANNEN MAURY / EFE
Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 12a
11:56
Entzun

Multinazionalen garaipena Europako auzitegietan: Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak baliorik gabe utzi du Europako Batzordeak emana zuen agindu bat, Amazonek Luxenburgori zergetan 250 milioi euro ordaintzekoa. Epaileen arabera, Bruselak ez du frogatu ahal izan Luxenburgok tratu berezi bat eman zionik AEBetako konpainiari, eta trikimailuen bitartez baimendu ziola zergen ordainketa arintzea.

Luxenburgoko Gobernuak berak jo zuen auzitara, Europako Batzordeak agindu zionean Amazoni 250 milioi euro eskatzea ustez ordaindu ez zituen zergak berreskuratzeko. Bruselak ziurtatu zuenez, 2006-2014 artean, Luxenburgoren Gobernuaren baimenarekin, Amazonek bere zerga faktura txikitzeko eta Europan ia zergarik ez ordaintzeko sistema bat osatu zuen. Multinazionalak enpresa bat sortu zuen Europako negozio osoa zuzentzeko, LuxSCS izenekoa. Hark, berriz, urtero kanon handi bat ordaindu behar zion LuxOpCo izeneko AEBetako beste konpainia bati, Amazon taldearen jabego intelektuala erabiltzeko lizentzien truke. Bruselak zioen tasa hori «puztuta» zegoela, eta horrela lortzen zuela aitortutako irabaziak txikitzea eta ia zergarik ez pagatzea. Izan ere, LuxOpCok soilik AEBetan ordaindu behar ditu zergak.

Gaur  jakinarazitako epaian, ordea, EBko Auzitegi Orokorreko epaileek argudiatu dute Bruselak ez duela aski erakutsi sistemak lehiakideei kalte egin diela, eta LuxSCSk ordaindutako kanona handiegia zela.  

Appleren kasua

Europako Batzordeak epaiaren aurkako helegitea jarri ahal du EBko Justizia Auzitegi Nagusian. Hala jarriko balu, han egingo luke topo Batzordeak multinazionalen mesederako zerga amarruekin jasandako muturreko handienarekin: Appleri eskatutako 13.000 milioi euroak. Izan ere, iazko uztailean, EBko epaileek baliorik gabe utzi baitzuten sagarraren konpainiak Irlandari «ordaindu gabeko» 13.000 milioi euro ordaintzeko emana zuen agindua. Kasu horretan ere, Appleri zerga tratamendu berezia ematea aurpegiratu zion Bruselak Dublini, eta azken horrek jo zuen auzitara.

Irlandarekin eta Luxenburgorekin batera, Herbehereak dira AEBetako multinazionalen inbertsioak erakartzeko beren zerga sistemetan trikimailuak egiteaz akusatuta dauden EBko hiru estatukideak. Zerga paradisutzat ere jo dituzte bidezko zerga sistemak eskatzen dituzten nazioarteko erakundeek. Horietako batek, Oxfamek, haserre erantzun dio EBko Auzitegi Nagusiaren epaiari: «Pandemiak herritarrak pobreziara kondenatzen ditu, baina Amazon eta Jeff Bezos [burua], gero eta aberatsagoak dira, ez baitituzte ordaintzen dagozkien zergak».

Bi garaipen ere bai

Amazonen eta Appleren aldeko epaiez gain, Bruselak beste bi porrot jaso ditu zerga ihesaren aurkako borrokan: Starbucksek ez zizkion Herbehereei 30 milioi euro itzuli behar izan, eta epaileek ontzat jo zuten 35 multinazionalek beren zergak txikitzeko Belgikak sortutako egitura.

Baina bi garaipen ere lortu ditu, horietako bat, gaur bertan. Izan ere, EBko Auzitegi Orokorrak frogatutzat jo du Luxenburgok zerga kontuetan mesede egin ziola Engie enpresari. Frantziako argindar konpainiak 120 milioi itzuli beharko dizkio dukerriari.

2015ean, berriz, Fiat zigortu zuten Luxenburgori berari hogei milioi euro ordaintzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.