Amazoneko greba «arrakastatsua» izaten ari dela esan dute LABek eta ELAk

28.000 pakete inguru banatu gabe geratu direla adierazi dute sindikatuek. Greba eskubidea urratu dela nabarmendu dute berriro.

AMAZON GREBA
Amazoneko grebalariek gaur Trapagaranen egindako protesta. LAB
inaut matauko rada
2024ko urtarrilaren 4a
15:30
Entzun

Amazonen Trapagarango (Bizkaia) zentro logistikoko langileek urteko bigarren greba eguna izan dute gaur. LAB eta ELA sindikatuek adierazi dute greba deialdia «arrakastatsua» izaten ari dela: «Egun hauetan atera ohi diren 30.000 paketeetatik 12.000 bakarrik banatu dira». Mobilizazioa egin dute langileek goizean, lan zentrotik abiatuta.

Hainbat arazo daude Amazonen. Lehenik eta behin, LAB eta ELA bultzatzen ari diren negoziazioa eta hitzarmen berria ez da aurrera egiten ari. Garraio sektoreko lan hitzarmena aplikatzen diete langileei, eta lantegiko ituna nahi dute sindikatuek. Horrez gain, banatzaileei ez diete aplikatzen garraio sektoreko hitzarmen hori. Horregatik daude greban.

2022an ere hainbat greba egin zituzten, eta, sindikatuen arabera, Amazonen zuzendaritzak grebak eteteko eskatu zien, negoziazioei ekiteko. Zuzendaritzaren jarrera «immobilista» dela adierazi zuten 2023 amaieran sindikatuek, eta grebara jo zuten berriro, Gabonen aurretik eta orain.

Gabonen aurreko greben ostean, bi sindikatuek salatu zuten Amazonek langileen grebarako eskubidea urratuko duela urtarrileko hiru eguneko greban, Manpower aldi baterako laneko enpresa (ABLE) kontratatuz, grebalarien lana ordezkatzeko. Hori dela eta, atzoko greban piketeak egin zituzten zentroaren atarian, eta Manpowerreko hainbat langile lantegian ez sartzea lortu zuten.

Teilatua erorita

Hori gutxi balitz bezala, urtarrilaren 2ko gauean lantegi barruko teilatuaren zati bat erori egin zen haize ufada indartsuen eraginez, nahiz eta ez zen langilerik zauritu. Hori dela eta, atzo arratsaldera arte teilatua konpontzeko lanetan aritu dira bertan, eta banaketa lanak geldirik egon dira.

Sindikatuek adierazi dutenaren arabera, Amazonek herenegun eta atzo teilatua konpontzeko egindako lanak ez dira nahikoa, eta hala dio Amazonek berak kontratatutako kanpo ingeniari batzuek egindako txostenak. LABek eta ELAk diote «plastikozko lonaz, oholez eta hondarrezko zakuz» egin zituztela konponketak; Lan Ikuskaritzarekin eta Osalanekin jarri dira harremanetan konponketa horiek ikuskatzeko.

Amazonen erantzuna

LABen eta ELAren eskakizunei eta salaketei erantzun die Amazonek, Crónica Vasca hedabidearen bitartez. Sindikatuek negoziazioak etenda daudela dioten bitartean, Amazonek dio beti dagoela hitz egiteko prest, eta Trapagarango zentroko langileen baldintzak goratu ditu. Esan dute 1.900 euro irabazten dituztela hilabetean, eta bestelako abantailak badituztela, aseguru mediko pribatuak eta pentsio planak, esaterako.

Hala ere, Amazonek emandako datu horiek soldata gordinari dagozkio, lanaldi osoko soldatari, eta urtean hamabi ordainsari ematen direla kontuan hartuta. Bertako langile askok lanaldi partzialak dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.