Amazoneko langileek eutsi egin diote Gabonetako greba deialdiari

Langile batzordearen arabera, zuzendaritzak ez ditu entzun haien eskaerak, eta horregatik mantendu dute protesta. Ez dute lanik egingo abenduaren 17an eta 18an, ezta urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean ere.

Amazon
Amazonen langileen protesta, Trapagarango biltegiaren aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko abenduaren 15a
16:35
Entzun

Amazonek Trapagan (Bizkaia) duen biltegiko langileek Gabonetarako deituak zituzten greba egunei eutsi diete. Urtebete daramate lan hitzarmena hobetzeko negoziatzen, eta, gaur eginiko azken bileran ere zuzendaritzak entzungor egin dienez, lanuzteak egingo dituzte abenduaren 17an eta 18an, eta urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean. Besteak beste, soldatak KPIaren arabera eguneratzeko, urtean gutxienez 22 eguneko oporraldia zehazteko, eta banatzaileei subrogazio eskubidea aitortzeko eskatzen dute.

125 langilek egiten dute lan biltegian, eta LABek eta ELAk deitu ditu grebara —LABek bost ordezkari ditu langile batzordean, ELAk bat, eta enpresako sindikatuak hiru—. Muinean, lan hitzarmena aldatzea nahi dute, haiei garraio hitzarmeneko biltegi langileen kategoriako baldintzak aplikatzen dizkietelako. Haien kalkuluen arabera, ohiko soldata 1.400 euro garbiko hamalau ordainketa da. Hori, gauez eginiko lan bat dela kontuan hartuta, eta langile gehienek ez dutela lanaldi osoko kontratua —%80koak dira ohikoenak—.

Amazoneko langileen eskaera batzuk

  1. Soldatak KPIaren arabera igotzea.

  2. Langile guztiei gutxienez 22 eguneko oporraldia bermatzea.

  3. Banatzaileei subrogazio eskubidea aitortzea. Guztiek azpikontrata bidez egiten dute lan.

  4. Aldi baterako kontratuek gutxieneko ordu kopuru bat izatea: 24 ordu astekoetan, eta 96 ordu hilabetekoetan.

Egoera konponbidean jartzeko asmoz, langile batzordeak eskaera sorta bat bidali dio zuzendaritzari. Esaterako, soldata KPIaren arabera eguneratzeko eskatu dute, eta jaiegunetan, larunbatetan edo igandeetan emandako zerbitzua soldata errealaren gaineko %75eko igoera ordainduz konpentsatu dadila.

Lanaldiari dagokionez, atseden denbora lanordu moduan kontuan hartzea nahi dute, eta aldi baterako kontratuak gutxienez asteko 24 ordukoak edo hileko 96 ordukoak izatea. Era berean, behin-behinean sei hilabete egiten dituzten langileei kontratu mugagabea eskaintzea nahi dute.

Gutxienez 22 eguneko oporraldia ezarri nahi dute, eta lanerako joan-etorrien gastuak enpresaren bizkar izatea. Azkenik, banaketan diharduten langileei subrogazio eskubidea bermatzea nahi dute. Hirurehun banatzaile inguru dira, eta biltegiko langileek baino baldintza kaskarragoak dituzte. Azpikontratentzat lan egiten dute, eta sindikatuek nahi dute Amazonek azpikontrataturiko enpresa aldatzen badu berriak obligazioa izatea aurrekoaren langileekin segitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.