Amazonen negozioaren oinarria ez dago soilik bere merkataritza elektronikoan. AEBetako konpainia horren benetako motorra Amazon Web Services da (AWS), hodeiko konputazioan eta datu zerbitzuetan mundu osoan lider den azpiegitura informatikoa. Gaur, erraldoi teknologikoaren oinarriak dardarka jarri dira: AWSk matxura masibo bat izan du, eta horrek eragina izan du mundu osoko hainbat plataformatan.
Goizeko bederatzietan (Euskal Herriko ordua), Amazonek berak baieztatu du hodeiko hainbat zerbitzuk «errore tasa eta latentzia handiak» erakusten zituztela, batez ere AEBetako ekialdean dituen datu zentroetan.
AWSren arabera, arazoak bere 58 zerbitzu ingururi kalte egin die zuzenean, eta horietako bat erabat eten du: Dynamo DB izeneko datu basea. Horrek eragin zuzena izan du enpresaren zerbitzu propio batzuetan —hala nola Alexa laguntzailean edo Amazon.com dendan bertan— eta hirugarrenen aplikazio ezagunetan, Duolingo hizkuntzak ikasteko plataforman, Coinbase kriptodiruarekin loturikoan eta Fortnite bideojoko ezagunean, besteak beste. AWSk mundu osoko 76,8 milioi webgune eta plataformari ematen dizkie zerbitzuak.
Konpainiaren lehen azterketek adierazi dutenez, etenaren jatorria Dynamo DB izeneko datu basean dago. Sistema horrek datu egituratu eta ez-egituratu kopuru erraldoiak kudeatzen ditu, eta milaka enpresaren oinarri teknologikoa da. AWSk azaldu du Dynamo DBk «trafiko anormala eta eskaeren pilaketa handia» izan duela oso denbora laburrean, eta horrek «beste zerbitzu batzuetan eragin katea» sortu duela. Dynamo DB mundu osoko milioi bat bezero baino gehiago erabiltzen dute, eta segundoko 500.000 eskaera baino gehiago kudeatzen ditu. Horrek azaltzen du, neurri handi batean, gaurko etenaren eragin zabala.
Sektore ugaritan
Matxura hasi eta minutu gutxira, sare sozialetan erabiltzaileek ohartarazi dute Alexa ez zela erantzuten ari, Duolingo ezin zela ireki, eta Canva, Roblox eta beste aplikazio batzuek errore mezuak ematen zituztela. Adimen artifizialaren arloan, Perplexity plataformako zuzendari nagusi Aravind Srinivasek X sare sozialean jakinarazi du zerbitzua tarte batez erori dela eta arazoaren iturria AWS zela.
Finantza eta komunikazio sektoreetan ere oihartzun handia izan du gertakariak. BBVA, ING Direct, Movistar, Orange eta beste enpresa batzuek une batez jarduera arazoak izan dituzte. Ikuskizunetarako sarrerak saltzen dituzten bi plataformak, Ticketmaster eta Live Nation izenekoek, sarrera salmentak eten dituzte. Youtube, Netflix, Microsoft 365... Plataforma ugarik jakinarazi dituzte arazoak.
Arazoa sortu eta bi ordu eta erdi geroago, Amazonek adierazi du egoera egonkortzen hasi dela. «Berreskuratze zantzu nabarmenak ikusten ditugu, eta eskaera gehienek arrakasta dute jada». Hala ere, ohartarazi du oraindik lanean ari direla «eskaeren pilaketak desegiteko eta zerbitzu guztiak berriz normalizatzeko». AWSk azpimarratu du arazoaren kausa zehatza oraindik ikertzen ari direla. «Gure lehentasuna da zerbitzu guztiak lehenbailehen berreskuratzea eta etorkizunean antzeko egoerak prebenitzea».
Arazoak kreditu txartelekin
Gaur goizean ere arazoak izan dira banku txartelen bidezko ordainketekin. Redsys Hego Euskal Herrian ordainketa sistema hori kudeatzen duen konpainia nagusiaren sistemak erori egin dira. Konpainiak azaldu duenez, gertakari isolatua izan da, eta ez du loturarik Amazonen kasuarekin. Ez du azalpen gehiago eman eta matxura epe laburrean konpondu dutela ziurtatu du.