Amestutako oporrak, kolokan

Irango gerrak aire trafikoa astindu du: hegaldiak garestitu, ibilbideak luzatu eta bidaiari askoren udako planak aldarazi ditu.

Turista batzuk Thailandiako hondartza batean. RUNGROJ YONGRIT / EFE
Turista batzuk Thailandiako hondartza batean. RUNGROJ YONGRIT / EFE
jokin sagarzazu
2026ko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda honetan urruneko hondartza exotikoetara edo Asiako eta Ozeaniako hirietara bidaiatzeko asmoa zuten askoren ametsa lausotzen ari da, baita hurbilagoko planak zituztenena ere. Hegaldiak nabarmen garestitu dira, eta gero eta jende gehiago ari da bere planak berriz pentsatzen.

Irango gerrak bete-betean jo du turismoaren sektorea. Ormuzko itsasartearen blokeoak erregaien prezioa igo du, eta hori da aire konpainien kostu nagusietako bat: gastuen %30 eta %35 artean. Gerraren aurretik, jet fuel edo keroseno upela 85-90 dolar inguruan zegoen; aurreko astean, berriz, 209 dolarrera iritsi zen, IATA Aireko Garraioaren Nazioarteko Elkartearen azkeneko datuen arabera. Ondorioz, hegazkin konpainiek erregai errekarguak ezarri dituzte txarteletan.

Hegaldi luzeak garestitu dira gehien, batez beste %12 eta %18 artean. Dena dela, Europako barnekoetan ere nabaritu da igoera, %5 eta %10 artekoa. «Bidaiariak kezkatuta datoz gurera», azaldu du Nerea Gamindezek, Bilboko Noma Bidaiak agentziako arduradunak. «Ziurgabetasun handia dago, eta prezioek gorabehera handiak dituzte egun batetik bestera; merkatua nahasita dago».

Lotura jakin batzuk %50etik gorakoa ere garestitu dira. Esaterako, gerraren aurretik Frankfurt-Bangkok eta Amsterdam-Singapur joan-etorriak 600 eta 1.000 euro artean ordaintzen ziren; gaur egun, berriz, 800 eta 1.400 euro artean dabiltza, «egunaren eta eskariaren arabera».

Gamindezek argi du: gatazkak gehiago edo gutxiago iraun, prezioak ez dira berehala lehengoratuko. «Hegaldien garestitzeko joera lehendik ere bazegoen; oraingo egoerak indartu egingo du, eta kostako da atzera egitea». Ildo berean, IATAk ohartarazi du aire konpainiek «presio operatibo eta ekonomiko handia» dutela, eta litekeena dela prezioen ezegonkortasuna udan ere mantentzea.

Zubi nagusia, Turkia

Erregaia garestitu izana ez da faktore bakarra. Orain, bidaiari askok eskala gehiago egin behar dituzte helmugara iristeko. Gainera, lehen Ekialde Hurbileko aireportuetan geldialdia egiten zuten hegaldiek bide luzeagoak hartu behar dituzte, Afrikatik edo Asia erdialdetik igaroz —Errusiatik ere igaro litezke, baina Europako aire konpainiek debekatuta daukate—. Horrek bidaien iraupena luzatzen du, bi eta sei ordu artean, eta erregai kontsumoa handitzen, %15 eta %25 artean.

%15

Ekialde Hurbileko aireportuetatik zenbat bidaiari pasatzen diren. Dubai, Doha, Abu Dhabi eta Istanbulgo aireportuetatik 526.000 bidaiari igarotzen dira egunean: aire trafiko globalaren %15, zazpi bidaiaritik bat. Dubaikoa da munduko aireporturik jendetsuena: iaz 95 milioi bidaiari hartu zituen.

Agentziak eta bidaiariak alternatiba bila ari dira, baina ibilbide horietan ere pilatzen ari da eskaria, eta horrek prezioak igotzea eragin du. «Hegazkin konpainiek oso denbora gutxian egokitu behar izan dute eskaintza, eta aireportuek ere zailtasunak izan dituzte. Sektore osoa hankaz gora jarri du gerrak».

Gamindezen arabera, Turkia bihurtu da Europatik Asiara joateko lotune nagusia, baita Euskal Herritik ere. 2025aren amaieratik, badaude Bilbo eta Istanbul lotzen dituzten zuzeneko hegaldiak. Lehen, ohikoena Amsterdamdik edo Frankfurtetik bidaiatzea zen, Golkoko aireportuetan geldialdia eginda. «Hura zen eskaintzarik zabalena eta lehiakorrena; Istanbul, berriz, bigarren mailako aukera zen». Orain, ordea, aukera hori ere garestitu egin da, «Europatik datorren eskaria handitu delako».

Hori dela eta, aire konpainiek gero eta gehiago erabiltzen dituzte Europa erdialdeko aireportuak: Budapest, Varsovia eta Praga. «Gaur egun, edozein konexio aztertzen dugu. Egunero ari gara aukera berrien bila, eta lehen pentsaezinak ziren ibilbideak agertzen ari dira. Orain, ordea, beste arazo bat dugu: hegaldien kopurua nabarmen txikitu da».

aireportua
Bidaiari baten maleta Loiuko aireportuan, Bizkaian. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Asiako aireportu nagusiekin lotura zuten Europako konpainia askok eten egin dituzte hegaldiak aldi baterako. Lufthansa taldeak, esaterako, jakinarazi du ez duela Ekialde Hurbilera joan edo handik igarotzen den hegaldirik egingo urriaren 24ra arte; Air Francek bertan behera utzi ditu Persiar golkoko aireportuetan geldialdia egiten zuten hegaldiak, eta ez du jakinarazi noiz itzuliko den; KLMk bere ibilbideak moldatu eta eskaintza murriztu du.

Turismo eta Bidaien Munduko Kontseiluaren (WTTC) arabera, aldaketa horiek ziurgabetasun handia eragin dute, eta erreserba malguen zein bidaia aseguruen eskaria handitu egin da. Noma Bidaiak agentzian ere nabaritu dute. «Bezeroak kezkatuago datoz. Hala ere, ez dute atzera egiten; akaso, hasieran zituzten planak aldatzen ari dira».

Amerika gehiago

Gerraren ondorioz, bidaiari askok beste norabide bat hartu dute. Erreserbek erakusten dutenez, Asiako eta gatazkaren inguruko herrialdeak baztertu, eta Mediterraneoko helmugak lehenesten ari dira: Espainia, Grezia eta Portugal. Era berean, Ekialde Hurbileko herrialde askok bertan behera utzi dituzte apirileko ekitaldi handiak, hala nola 1 Formulako lasterketak eta enpresa azokak; ondorioz, negozio bidaiak ere Europara bideratzen ari dira.

%10,3

Turismoak munduko ekonomian zenbateko pisua duen. WTTCren arabera, iazkoa izan zen turismoaren historiako urterik onena: 11,7 bilioi dolarren diru sarrerak izan zituen mundu osoan, aurreko urtearekin alderatuta %6,7 gehiago. Kopuru hori munduko BPGaren %10,3 da. Erakunde horrek kalkulatu du Ekialde Hurbilean turismoa 600 milioi dolar galtzen ari dela egunean gerraren ondorioz. Iaz, eskualde horrek munduko bidaiarien %5 hartu zituen, 94 milioi pertsona. 2019tik hona, Ekialde Hurbila izan da gehien hazi den eskualdea, %24.

WTTCren arabera, zenbait herrialdek irabazi egingo dute epe laburrean, baina eragina globala izango da. «Litekeena da Europako bidaiariak hegoaldera joatea, baina txinatarrak, asiarrak eta arabiarrak ez dira etorriko Europara, loturak zaildu direlako eta prezioak igo direlako».

Euskal Herriko bidaiarien artean ere joera bera ikusten du Gamindezek. Europako herrialdeak lehenesten ari dira, eta bidaia luzeagoa nahi dutenek Amerikara jo dute. Turkiak eta Egiptok, berriz, behera egin dute, batez ere «beldurraren» ondorioz. Hala ere, berak argi du: «Ez diogu bidaiatzeari utziko. Urruneko bidaiak garestitu egin dira, baina planifikazio pixka batekin, ez hainbeste. Trumpen mende bagina, ez ginateke etxetik aterako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA