Amiantoaren eraginez hildako suhiltzaile baten familiak kalte ordaina eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari

Familiak 174.000 euroko kalte ordaina eskatu du, aldundiak ez zituelako beharrezko segurtasun neurriak hartu. Suhiltzaile izana biriketako aldebiko asbestosi baten ondorioz hil zen.

Asviamiek antolatutako elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Asviamiek antolatutako elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko abenduaren 9a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asbestosiak jota hildako suhiltzaile baten familiak 174.000 euroko kalte ordaina eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Izan ere, Asviamie amiantoaren biktimen elkartearen arabera, badira nahikoa datu pentsatzeko gaixotasun profesional baten ondorioz hil zela suhiltzaile izandakoa, eta salatu dute aldundiak «legez exijitu beharreko segurtasun neurriak» hartu gabe jazo zela hori. Auziaren inguruko auzi saioa ostegunean izango da, Bilboko Gizarte Arloko 10. Epaitegian.

Asviamie elkarteak jakinarazi duenez, biktima suhiltzaile lanetan aritu zen 1974tik 2016ra bitarte, eta lan ibilbidean amiantoarekin izandako kontaktuak eragindako asbestosiaren ondorioz hil zen. Hain zuzen, biriketako aldebiko asbestosia zuela ondorioztatu zuen hari egindako autopsiak 2023an, eta Espainiako Gizarte Segurantzako Institutuak ebatzi zuen «gaixotasun profesional» baten ondorio zela heriotza.

Horrez gain, zenbait azterketari ere erreparatu die elkarteak. Izan ere, Osalanen ikerketen arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak berak egindako arriskuen ebaluazioak adierazten du suhiltzaileek substantzia kaltegarriekin kutsatzeko arriskua dutela, hala nola kearekin, gasarekin eta amiantoarekin berarekin kontaktua dutelako. Eta arrisku hori iraganera ere «estrapolatu» daiteke. Hala, litekeena da suhiltzaile lanetan amiantoak kutsatzea.

Elkarteak gogoratu du 1970eko eta 1980ko hamarkadetan erretzen ziren eraikin ugari uralitaz eginak izaten zirela, edo isolamendurako amiantoa zutela. Eta horiek itzaltzen aritutako zenbait langileren testigantzari erreferentzia eginez, azaldu du 1984ra arte suhiltzaileek ez zutela arnas aparatua babesteko neurririk hartzen. Besteak beste, adierazi du 1970eko hamarkadan langile horiek ez zutela suteei aurre egiteko ekipamendu berezirik, eta gerora iritsi zirela, esaterako, maskarak. Lehenak gomazkoak ziren, eta, langile haietako baten arabera, ez zituzten erabiltzen, «ezin zelako arnasa hartu». Era berean, salatu dute erabiltzen zituzten txaketek eta eskularruek amiantoa zutela, eta 1990era arte etxean garbitzen zituztela laneko arropak.

Hala, Asviamiek Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera kritikatu du, eta suhiltzaileen «babes eta osasun neurriak ez betetzea» egotzi dio. Elkartearen arabera, «ahanztura» nagusitu da erakundeetan, eta horiei eta enpresei eskatu die «amiantoari eta minbizia eragin dezaketen bestelako substantziei aurre egiteko neurri zorrotzak» ezartzeko.

Suhiltzaile lanetan aritu direnei, berriz, dei egin die Osalanen amiantoarekin kontaktuan egon diren langileen zerrendara batzeko eskaera egiteko. Elkartearen esanetan, horrek «mediku zaintza espezifikorako aukera» emango lieke, gaixotasunak azkar detektatzeko, baita aitortza profesionala eta laguntza ekonomikoak jasotzeko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.