Ia hiru urteko itxaronaldiaren ostean, Espainiako Gobernuak onartu du amiantoaren biktimen funtsa abian jarriko duen dekretua. Biktimen aldeko elkarteek eta sindikatuek urte luzez egindako borrokari esker, Espainiako Kongresuak 2022ko urrian onartu zuen funtsa sortzeko legea, baina orain arte ez du inork kalte ordainik jaso, zehaztu gabe zeudelako haiek jasotzeko irizpideak. Izatez, 2023ko urtarrilaren 19an amaitu zen legea martxan jartzeko epea, baina, azkenean, bi urte eta erdi geroago heldu da.
Ministroen Kontseiluak gaur eman dio oniritzia Osasun Ministerioak egindako proposamenari, eta kalte ordainak jasotzeko baldintzak eta tramiteak zehazten dituen dekretua bihar argitaratuko da BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean; handik hiru hilabetera sartuko da indarrean. Bertan zehazten da nortzuk izan daitezkeen onuradunak, zer baldintza bete behar dituzten, zer tramite egin behar dituzten eta kalte ordainak zenbatekoak izango diren. Onuradunek kolpe bakarrean jasoko dute diru guztia.
Prentsaurrekoan, Pilar Alegria gobernuko bozeramaileak esan du «aldarrikapen historiko bati erantzuna emateko» balioko duela dekretuak, eta, haren hitzetan, biktimek pairatu dituzten kalteetako asko konponezinak diren arren, «justizia kontua» zen haiei entzutea eta mekanismo hau abiatzea.
96.621Mesotelioma diagnostikatu dietenek zenbat jasoko duten, eurotan. Dekretuaren arabera, kalte ordainik apalena asbestosia dutenek jasoko dute: 32.207 euro. Laringeko minbizia dutenek 48.310 euro jaso dituzte; biriketako minbizia dutenek, 64.414; eta mesotelioma dutenek, berriz, 96.621.
Onartutako testuak dioenez, lanean arnastutako amiantoak elbarritasun iraunkor bat eragin diela aitortua dutenak izan daitezke onuradunak. Aldeko epai bat dutenek ere jaso dezakete dirua, baita dekretuak jasotzen dituen gaixotasunetako bat dutenek ere, baldintza batzuen arabera. Senideren bat galdu dutenek ere izango dute kalte ordaina jasotzeko aukera.
Funtsa Gizarte Segurantzak kudeatuko du, eta dekretuan zehaztutakoaren arabera banatuko du dirua, eskaria egin eta sei hilabeteko epean. Asbestosia diagnostikatua dutenek 32.207 euro jasoko dituzte; laringeko minbizia dutenek, 48.310 euro; biriketako minbizia dutenek, 64.414 euro; eta mesotelioma dutenek, 96.621 euro. Gaixotasun bat baino gehiago izanez gero, kalte ordain handiena duena hartuko da kontuan.
«Bizirik gaudela erakusten du, eta epaitegien bidetik jo ezin zuten biktimentzat oso garrantzitsua izango da»
JON GARCIAAsviamie elkarteko bozeramailea
Jon Garcia, Asviamie amiantoaren biktimen elkarteko bozeramailea, zuhur agertu da albistearen inguruan. Oraindik ez du jaso gaur onartutako testua, eta uste du Madrilek zabaldutako laburpena interesatu samarra dela. «Letra txikia irakurri beharko da».
Dena den, aitortu du aurrerapauso bat dela, era batera edo bestera funtsa martxan jarriko delako. «Bizirik gaudela erakusten du, eta epaitegien bidetik jo ezin zuten biktimentzako oso garrantzitsua izango da», azaldu du.
Zerga salbuespena
Madrilek 2023. urtean aurkeztu zien zirriborro bat biktimen elkarteei eta sindikatuei, baina haiek ez zuten proposamena onartu, haien nahietatik urrun zegoelako. Besteak beste, salatu zuten kalte ordainen kopuruak oso txikiak zirela beste mota batzuetako biktimenekin alderatuta, adibidez terrorismoaren, hiesaren eta talidomidaren biktimen laguntzen aldean. Garciak kontatu duenez, ordutik mila bider saiatu dira gobernuarekin negoziatzen, baina emaitza ez da nahi bezalakoa izan.
Pozik agertu da, behintzat, EAEn zerga salbuespena lortu dutelako kalte ordainak jasoko dituztenentzat: «Horrek esan nahi du ia bi halako poltsikoratuko dutela biktimek, bestela ia erdia kentzen baitie ogasunak».
Iragarpenak ez du ezustean harrapatu; izan ere, EH Bilduko Mertxe Aizpuruaren galdera bati erantzunez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak martxoan esan zuen urteko lehen seihilekoa amaitu aurretik onartuko zutela araudia.
Amiantoarena arazo nabarmena da Euskal Herrian. Biktimek bildutako datuen arabera, mila lagun inguru hil dira Hego Euskal Herrian amiantoak eragindako gaixotasunen ondorioz. Iaz 30 izan ziren, baina Garciak ohartarazi du kasu guztien %10 baizik ez direla horiek.