Urte ona izan zuen iaz Ampok, eta aurtengoa ere halakoxea izatea espero du. Energia sektorean ziurgabetasun handiak dauden arren, Idiazabalgo kooperatibaren balbulek eskari handia dute munduan zehar, eta, horri esker, 2022. urtea 236 milioi euroko eskaera zorroarekin itxi zuen, inoizko handienarekin. Kontratu horien bidez, aurten 200 milioi euroren salmentak lortuko dituela uste du, eta horrela, iazko datu positiboak (178 milioi, +%12) gaindituko dituela.
«Bilakaera hau izateko, arreta jarri dugu balbula eta sistema gero eta zorrotzagoen eta gure bezeroentzako balio erantsi handiagoko soluzioen garapenean», adierazi du Ibon Imazek, Ampoko zuzendari nagusiak. Berrikuntza handiak egin ditu azken urteetan Idiazabalgo enpresak, bezeroei neurrira egindako soluzio adimendunak eskainiz energia, kimika, petrokimika eta meatzaritza sektoreetan.
Enpresa konpromisoa hartu du energia eredu berriak bilatzeko hidrogenoaren, karbono atzipenaren, biofuelen eta fuel sintetikoen alorretan. «Jada badauzkagu zenbait kontratu sinatuta, hala nola balio tekniko handiko balbulak garatzeko, hidrogeno aplikazioetarako eta bioerregaien sektoreari loturiko proiektuak egiteko», esan du Imazek. Haren esanetan, deskarbonizazio plan bat dute energia efizientzian, prozesuen elektrifikazioan, energia berriztagarrietan eta mugikortasun jasangarrian oinarrituta.
Azken urteetan Ampo mundu osoan hedatu da, eta 1.000 langile inguru ditu. Lantegiak ditu Saudi Arabian, Kazakhstanen eta Indian, eta Afrikan ere hasi nahi du ekoizten. Hala ere, Imazek adierazi du Ampoko bezeroek Idiazabalgo zentroan konfiantza daukatela oraindik ere, eta nazioarteko proiektuek Idiazabalgo egoera produktiboa sendotzen lagundu dietela.
Hurrengo urteetan Ampo Service programa indartzeko konpromisoa hartu dute, mundu osoko bezeroen beharrei berehala erantzuteko zerbitzuak martxan jarrita.