Saudi Arabiak merkatua petrolioz blai jartzeko estrategiaren alde onak ezagutu dituzte gasolindegian aldiro-aldiro geratzen diren gidariek. Badira, ordea, ondorio kaltegarriak, eta horiek ere ezagun dira Euskal Herriko hainbat enpresatan, besteak beste Ampo Idiazabalgo (Gipuzkoa) balbulagilean. Bere sektorean nazioarteko liderra izanagatik, kooperatibak salmentak eta irabaziak gain beheran joaten ikusi du azken urteotan. Baina salmenten pendulua gora begira jartzea lortu du berriro enpresak, eta, 2016an, %15 handitu du fakturazioa, 165 milioi euroko kopurua lortuta.
Kopuru hori erabat baldintzatzen du aldagai batek: kooperatibaren urteko salmenten %80 inguru petrolio eta gas sektorera bideratzen dira. Petrolio upelaren prezioaren gainbeherak eraginda, krisi handia du nazioarteko gas and oil sektoreak. Erregaiaren iturria zabaldu du LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak, eta petrolioa ustiatzeko azpiegituretako inbertsioarena itxi egin da. Baina egoera, mantso bada ere, aldatuz doan zantzuak badaude, eta horren isla izan daiteke Ampok bizi duen indarraldia bera.
Izan ere, Idiazabalgo kooperatibak hamahiru milioi euro inbertitu ditu Indian, planta berri bat zabaltzeko. 55.000 metro koadro izango ditu, eta balbulak muntatzeko instalazioek, proba bankuek eta margotzeko lerroek osatuko dute, besteak beste. Idiazabalgo balbula ekoizpenerako lantegiaren erreplika bat izango da Indiakoa.
2009. urtean ekin zion Ampok Indian zabaltzeari; pabiloi bat alokatu zuten hasiera batean, Coimbatore hirian, eta, pixkanaka, haziz joan zen; lau pabiloi alokatuta ere eduki zituen, halako batean. Hogei pertsonako lantaldea 240koa bihurtu da Indian. Lantegi berriko obrak apirilerako amaituko dira, eta ekainerako hasiko dira balbulak ekoizten planta berrian.
Euskal enpresa gutxi daude Ampo bezain nazioartekotuak. Ekoizpenaren %95 atzerrian saltzen du Idiazabalgo enpresak; Europatik kanpoko salmentak fakturazio osoaren %70 dira. AEBetan, Japonian, Hego Korean, Txinan, Errusian, Erresuma Batuan, Australian eta Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetan saltzen du Ampok, baita Europako herrialde gehienetan ere.
Zuzendaritza berria
Kooperatibak dio 2017. urtean «merkatuaren ziurgabetasuna» areagotu egin dela, eta mundu mailako petrolioaren krisiari aurre egiteko, «dibertsifikazio estrategiarekin» jarraituko duela; bonba, energia sorkuntza eta ontzigintza industrietarako galdaketa osagai berriak eskainiko ditu horretarako, eta brontzearen moduko lehengai berriak ekoizten hasiko da. Balbuletako negozioari dagokionez, itsas azpirako balbulak garatzen ari dira, «4.0 teknologiei esker gaitasun adimenduna emanez balbulei, eta bezeroei balio erantsi handiagoko soluzioak eskainiz».
Plan estrategiko berria diseinatzeari ekingo dio egunotan Idiazabalgo kooperatibak; «bezeroen beharrei merkatu globaleko erantzunak ematen jarraitzeko etorkizuneko estrategia definitzea» du helburu. 2016ko maiatzean, Jon Gorrotxategi izendatu zuten Kontseilu Errektoreko Presidente, eta ekainean, Pablo Mendizabalek hartu zuen Amporen zuzendaritza nagusia.
Ner group taldeko proiektu nagusietakoa da oraindik ere Ampo. Talde hori hogei enpresa erakundek baino gehiagok osatzen dute, eta elkarren arteko lotura Harremanen Estilo Berria da, Koldo Saratxagaren proiektua.
Amporen salmenten pendulua, goraka berriro
Kooperatibak hamahiru milioi euro inbertitu ditu Indian, Idiazabalgo lantegiaren erreplika bat egiteko. Ekainean hasiko dira han ekoizten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu