Tubos Reunidosen etorkizuna zalantzak estaltzen duen honetan, Amurrioko Udalak adierazpen instituzionala helarazi die Eusko Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari, SEPIri eta Espainiako Gobernuari, enpresaren lantegiak irekita mantenduko dituen konponbide bat lortzea «lehentasunezko helburua» izan dadila eskatzeko. «Lanpostuak babestea» da udalaren lehentasuna, eta horretarako lantegientzako «egitasmo industrial bideragarri bat» abian jartzea ezinbestekotzat jo du.
Horretaz gain, udaleko bozeramaileen batzarrak onarturiko adierazpenean, udalak «Espainiako eta Europako legediak Tubos Reunidosen zorra tratatzeko eskaintzen dituzten tresna guztiak aztertzeko» eskatu die erakundeei, baita zor hori osoki edo partzialki kitatzeko ere, «betiere legez onar badaiteke». Hain zuzen ere, enpresak pilaturiko zor handia da orain arte inbertsiogileak atzera bota dituen arrazoietako bat. Horren ondorioz, Amurrioko, Iruña Okako eta Trapagarango lanpostuen etorkizuna kolokan dago, eta horiek mantentzea ziurtatu nahi du udalak.