BAKARRIZKETA

Abisua Japoniatik: garagardo eskasia 2050etik aurrera

DAI KUROKAWA / EFE.
inaut matauko rada
2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Klima aldaketa dela-eta, munduko tenperatura handitzen ari da, eta Asahi garagardogileak ohartarazi du 2050. urtetik aurrera eskasia egon daitekeela munduan gehien edaten den edari alkoholdunean.

1. Nola liteke... garagardoa amaituko da? Ez, egoera ez da hain muturrekoa, baina munduko garagardozaleek badute arduratzeko arrazoirik. Izan ere, Japoniako garagardogilerik handienak, Asahik, ikerketa bat egin du, eta ondorioztatu du tenperaturen igoerak kalte handia egingo diola garagarraren eta otsaihenaren uztari. Kasurik dramatikoenean, Frantziako garagar bilketa %18 gutxituko litzateke, eta Poloniakoa, berriz, %15.

2. Hain garrantzitsuak al dira Frantzia eta Polonia munduko garagarraren horniduran? Bai, lehena bereziki. Errusiaren ostean, Frantzia da munduan garagar gehien ekoizten duen herrialdea, 11 milioi tona baino gehiago urtean. Alemania eta Australia dira haren atzetik.

3. Eta zenbat garagar ekoizten du, ba, Japoniak? Hain zuzen ere, horregatik daude hain larrituta Asahiko zuzendariak, Japonia 55.a baita garagar ekoizleen zerrendan, eta Moldavia eta Estonia bezalako herrialde txikiagoak ditu aurretik. Gauzak hala, munduko garagar inportatzaile handien artean laugarrena da Japonia.

4. Ez nuke esango. Ez al dira maisuak arrozezko likoreak egiten? Bai, baina asko aldatu dira ohiturak Japoniako gizartean. Gutxinaka sake-a albo batera uzten ari dira, eta gero eta whiski gehiago edan eta ekoizten dute. Garagardoak ere bata bestearen atzetik edaten dituzte lanetik atera ostean.

5. Gero eta uda beroagoak baditugu, garagardo gehiago edango du jendeak. Hala da, eta hori da, hain zuzen ere, Atsushi Katsuki Asahiren zuzendaria gehien larritzen duena. Financial Times-ek egindako elkarrizketan, esan du eskariaren eta eskaintzaren aldaketa horiek eskasia ekar dezaketela.

6. Eta hasi al dira mugitzen? Oraingoz, Microsoftekin eta beste teknologia enpresa batekin hasi dira lanean garagar uzten bolumena eta kalitatea monitorizatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.