Iker Aranburu.

Azken atala ala azken-aurrekoa?

2025eko uztailaren 17a
16:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Erregulazio espedientearen hitzartzearekin atal bat itxi da BSHren historian. Azkena izan daiteke, baldin eta, dirudien bezala, Ezkirozko lantegia betirako ixten bada. Baina oraindik bada aukera bat azken-aurreko atal bat izan dadin —edo beste atal bat, besterik gabe—. Kontua da lantegian inbertitzeko interesa agertu duenik izan badela, eta horrek segida eman diezaioke fabrikari, molde batean edo bestean. Nafarroako Gobernuak eta langile batzordeak azaldu dute energia, autogintza eta defentsa arloko gutxienez bost enpresak interesa azaldu dutela Ezkirotzen zerbait egiteko. 

Baina salbatzailearena tentuz hartu beharreko gaia da: duela hainbat hilabete agertu zen lehen aldiz, baina oraingoz inork ez du, jendaurrean behintzat, proposamen seriorik egin. Guardianen kasua ere gogorarazi daiteke: urtarrilean itxi zuten Laudioko beira lantegia, eta balizko salbatzaileak bazeuden arren, oraindik giltzarrapoa dago Laudioko fabrikaren atean.

Baina azken atala bat ala bestea izan, ezin daiteke esan BSHko langileak ez direla saiatu. Zazpi hilabetez gogor aritu dira lantegia eta haien lanpostuak salbatzeko, eta borroka horrek hainbat orbain psikologiko utzi dizkie —gaixo baimenak biderkatu egin dira uda aurreko asteetan, eta enpresa batzordeko buruak berak onartu du «higatuta» zegoela—. Borrokarik egiten ez duenak ez du ezer lortzen, baina borrokak ez du beti emaitza onik ematen. Kasu honetan, kaleratzeen baimenak duintzeko balio izan du, eta ez da gutxi, baina ez Alemaniako multinazionala ez da bere hasierako planteamendutik milimetro bat ere mugitu. Ezkirotz errentagarria izan arren, ekoizpena etekin handiagoa lor dezakeen fabriketan biltzea erabaki du, eta kito.

Nafarroako Gobernuaren jarrera ere oso proaktiboa izan da, eta langileek beraiek onartu dute irekita izan dutela une oro Mikel Irujo Industria kontseilariaren atea. Hasieratik azaldu da langileen alde eta enpresen erabakiaren aurka, baina hark ere ez du indarrik izan aspaldi eta urrun hartutako erabaki bat bertan behera uzteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.