Goizeko lehen orduan, BSHko langileek egurrezko paletak eta pneumatikoak erre dituzte lantokiaren sarreran. Hamaiketarako, itzalirik dago sua, baina oraindik usaina nabari da, eta txingarren bat piztuta dago. Kanpoaldean bospasei guardia zibil daude, lasai. Bihar goizean, 11:00etan, asteartean, 655 langileen kontratua eteteko lan erregulazioko espedientearen kontsulta epea hasiko da, Irurtzunen. 11:30ean egoera aztertzeko batzarra egin dute, eta bilkura hasi aurretik erantzun ditu galderak Juanjo Hermoso de Mendozak (Iruñea, 1977).
Nola zaudete langileak?
Ni oso higatuta nago. Prozesua oso gogorra da, eta jendea emozionalki gainezka dago, harrituta, atsekabetuta. Psikologikoki azpiak jaten dizkizu itxiera prozesu honek, eta jendeak nahi du elementu ziurren bat izan.
Fabrika jada itxita dago?
Jendea lantokian dago, eta ez da iragarri itxierarik. Bihar negoziatzen hasiko gara behin betiko itxiera. Gehienez 30 egun iraun dezake prozesu horrek.
«Prozesu oso gogorra da, eta langileak gainezka daude, harrituta. Itxierak azpiak jaten dizkizu psikologikoki, eta jendeak nahi du elementu ziurren bat izan»
Bilera horretan zer arrazoi aurkez ditzake enpresak?
Asian ezarritako gigafaktorien lehiaren argudio hori bolo-bolo dabil, baina guk, langileen batzorde gisa, elementu ziur bakarra daukagu. Ekainaren 9an, kontsulta epeari ekiteko jakinarazpena bidali zigutenean, esan zuten antolakuntza eta produktibitate arrazoiak emango zituztela. Ezin dugu besterik esan. Ez daukagu dokumentazio zehatzik, eta hori dena bihartik aurrera ikusiko dugu.
Beraiek zer aurkeztuko duten ikusi nahi duzue, hortaz.
Bai, guk uste dugu lantoki hau oso sendoa dela eta balio industriala duela. Errentagarria da, eta produktibitate adierazle oso onak ditu, kalitatezkoak. Hemen ikerketa, garapena eta berrikuntza landu dira. Prozesu produktiboan eta ikerketan eta garapenean hemen ezarri diren kontuak gero munduan zehar hedatu dira. Itxierak ez du zentzurik eta fabrika barrutik ezagutzen duen edonork ez du ulertzen nola planteatu daitekeen itxierarik. Ez gara soilik fabrika produktibo bat: sendotasuna eta balio industriala dugu, eta multinazionalaren barruan erreferenteak gara.
Berrikuntzaren arlo horretan, bero bonbak kasurako hemen garatu dira.
Hori da. Bero bonben garapenean erreferenteak gara, eta horren eraikina hementxe bertan dago. Ez da hori bakarrik. Automatizazio eta errobotizazio prozesu batzuk, logistikoki ezarritako neurriak... Hemen garatutakoa oso aberatsa izan da, eta gero beste tokietan ezarri dute.
«Itxierak ez du zentzurik. Ez gara soilik fabrika produktibo bat, sendotasuna eta balio industriala dugu, eta multinazionalaren barruan erreferenteak gara»
Sei hilabete igaro dira, eta berrindustrializatzeko aukerari dagokionez BSHk uztailera arteko epea ematen du. Denborarik geratzen da?
BSHk Metyis aholkularitza etxea kontratatu zuen, eta informazio bilkura horietako batean erantzun ziguten uztailaren 17ra arte kontratatu dituztela. Berrindustrializatzeko prozesu bati begira, beharrezkoa da denbora gehiago izatea, oso luzeak izan ohi dira eta. Hiru aldi izan ohi dituzte, eta enpresa eroslearen eta saltzailearen artean informazio ekonomikoa eta teknikoa trukatu behar dute. Hori guztia zorrotz aztertzeko eta baten batek fabrika bere gain hartzeko, denbora asko behar da. Ezin da hiru-lau hilabetetan egin.
Enpresak benetako borondatea izan du horretarako, ala dena itxurakeria hutsa izan da?
Abenduaren 16an, ixteko gutuna irakurri zutenean, esan zuten alternatiba guztiak xehe-xehe aztertu zituztela. Urtarrilean berrindustrializazioa aztertzeko Metyis etxea kontratatu izanak agerian uzten du [Espainiako] estatuko Industria Ministerioak hori egitera dei egin ziola. Bestela, ez zukeen hori egingo.
Dena den, denbora irabazi nahian ibili al dira?
Haren jarrerari dagokionez, begira: oraindik ez dakigu non eta zer ordutan bildu nahi duten —azkenean 13:00 aldera jakinarazi diete Irurtzungo Plazaola hotelean izango dela, 11:00etan—. Langileen biltzeko eskubidea urratzen ari dira sistematikoki. Fede txarra izan du, eta portaera horrek agerian uzten du langileak gainetik kendu nahi dituela.
Nahasten ari zaizkizue?
Psikologikoki higatzen ari zaizkigu, argi eta garbi.
Fabrika erosteko aukeraren bat blokeatu egin al dute?
Bai, iturri fidagarrien bidez jakin genuen inbertitzaile lehiakide bati betoa jarri ziotela. Publikoki salatu genuen, eta ez ginateke jendaurrera aterako informaziorik ez bagenu esku artean. Iturri horiek zeintzuk diren ezin dugu esan. Ez gara kazetariak, baina iturriak beti zaindu behar dira.

Espedienteari buruz hasiko zarete hitz egiten. Mobilizazioak areagotuko dituzue?
Batzordeak aztertu egin behar du estrategikoki nola aurre egin kontsulta epeko bilera horiei eta kanpora begira zer mobilizazio egin.
Bruselan izan zinen aurreko astean. Nola joan zen?
Ongi. Industria eta enplegu arloko komisarioen kabineteek jarrera irekia izan zuten. Gestio batzuk egin behar dituzte, eta arrazoizko denbora bat igaro behar da ikusteko ea emaitzarik ematen duen. Kabinete teknikoekin egoteaz gain, Teresa Ribera Europako Batzordeko presidenteordearekin egon ginen, eta dokumentu bat eman genion, zeinak agerian jartzen baitu ez duela zentzurik Ezkirozko fabrika ixteak.
Nafarroako Gobernuaren bitartekaritza lan hori nolakoa izan da, zuen ustez?
Hilabeteotan gardentasuna eta zintzotasuna eskatu genien. Erraz eta usu jardun dugu Industria kontseilariarekin, baita gobernuko lehendakariarekin ere. Oraingoz esandakoa bete dute, baina guk nahi dugu berrindustrializazioaren eta enpleguaren aldeko esfortzu horrek guztiak fruituak ematea eta industria alternatiba egingarri eta fidagarri bat lortzea langileentzat.