Azken orduko ezustekorik ez bada, François Bayrouk beste hitz bat gehitu beharko dio bihartik aurrera bere karguari. Lehen ministroa izan beharrean, «jarduneko» lehen ministroa izango da. Egun gutxi batzuk edo aste luze batzuk egingo ditu titulu horrekin, harik eta Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteak asmatu arte nola atera bere bigarren agintaldiko hamaikagarren krisi politikotik. Asanblearako hauteskundeetara deitzea da aukeretako bat, baina badirudi beste gobernuburu bat bilatzen eta sozialistak limurtzen saiatuko dela. Ez zaio erraza izango, inork ez baitu Macronen sutan erre nahi.
Bayrouk bederatzi hilabete egin ditu Matignonen, Michel Barnier aurreko lehen ministroak baino sei hilabete gehiago. Hala bata nola bestea Frantziako defizit publiko handia txikitzeko saioek hondoratu dituzte. Barnierrek ez zuen behar besteko babesa lortu 60.000 milioi euroren aurrezkiak eta murrizketak barne biltzen zituzten aurrekontuak onartzeko, eta konfiantza mozio bat galdu zuen. Bayrouk bide bera hartuko du, oraingoan ez baitu laguntzailerik aurkitu defizit hori bera 43.800 milioi euro jaisteko.
Berez, Bayrou ez zegoen derrigortuta konfiantza mozio bat aurkeztera, baina pentsatu zuen Alderdi Sozialistak (PS) edo Batasun Nazionalak (RN) ez zuela bota nahiko, eta posible izango zela haietako baten babes politikoa lortzea zorraren arazoari koska egiteko. Apustu arriskutsua zirudien, eta suizidio politikoa izango da azkenean.

Ez da damututa azaldu, ordea, uste baitu bere sakrifizioak modua eman diola bere aspaldiko kezka gizarteratzeko eta «frantziarrei egia esateko» kontu publikoen egoera kaskarrari buruz. Mezu katastrofiko bat helarazi du: zorra murriztea «larrialdi nazionala» dela esan du, eta neurri larriak hartu ezean Frantziak arriskua duela 2010eko hamarkadako Grezia hura bilakatzeko. Deiadar apokaliptiko horrekin bat egin du Eric Lombard Finantza ministroak, esan baitu Frantziak Nazioarteko Diru Funtsera jo beharko duela bere burua finantzatzeko. Urrunegi joan izana aurpegiratu zion Christine Lagardek, eta, kezkatuta zegoela onartu arren, Europako Banku Zentraleko presidenteak ukatu egin zuen Frantzia hondamendi baten atarian dagoela.
170.000 milioiko zuloa
Frantziak 3,35 bilioi euroko zor publikoa zeukan aurtengo lehen hiruhilekoaren amaieran, bere barne produktu gordinaren %114,1. Ez du oso urrutira joan behar ohartzeko zorpetze horrekin bizi daitekeela: Italiak %137,9koa dauka, eta hor dago; ez da hondoratu, ez dute erreskatatu, eta lortzen du bere zorra zerbitzatzea.
Baina horrek ez du esan nahi zorra arazo bat ez denik. Bada, eta serioa, gainera. Italian bezala, zorraren interesen ordainketari dagokio aurrekontuetako diru sailik handiena, eta, noski, horren ondorioz diru gutxiago dago gastu sozialerako eta inbertsiorako.
Gainera, interesen atala loditu egingo da Frantziak defizita txikitzea lortzen ez badu. Iaz barne produktu gordinaren %5,8koa izan zela esateak agian ez da esanguratsua izango jendearentzat, baina agian hobeto ulertuko da esanez gero gastua 170.000 milioi handiagoa dela kutxetan sartutako dirua baino. Edo aipatuz gero aurtengo lehen sei hilabeteetan zergetan bildu duena baino %44 gehiago gastatu duela.
Eta ez, estatuak ez dira familiak; sendiak behartuta daude zorrak kitatzera, baina estatuek nahikoa daukate zor hori berritzearekin eta interesa pagatzearekin.

Baina kontua da Frantziaren krisi politiko amaigabea interes hori handitzen ari dela poliki-poliki —ea zer egiten duten finantza merkatuek asteartean—, eta horrek gurpil zoroa elikatzen duela: interesak gero eta handiagoak badira, gastua ere handitu egingo da; horiei aurre egiteko nekeen eraginez, arriskua dago interesak handitzeko, eta, hori gertatuz gero, litekeena da neurri gogorragoak proposatzea. Hala, pausoz pauso, baliteke orain arazo den hori desastre bilakatzea azkenean.
Bayrou joango da, Macronen agintaldia ere bukatuko da, baina zorraren arazoa ez da haiekin batera joango. Eta agian ikusiko da orain oposizioan daudenek konponbide magiko gisa aurkezten dituzten neurriak —aberatsak gehiago zergapetzea proposatzen ari da ezkerra, eta zentzuzkoa dirudi— ez direla nahikoa egoera onbideratzeko eta erabaki mingarri batzuk ere hartu beharko direla. Bitartean, Frantziako gizartean hain errotuta dagoen haserre soziala handitu eta handitu ari da.