Irune Lasa.

Donostia, mapan

2025eko urriaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Eskerrak». Lagun taldera lasaitasuna dakar ordenagailu kuantikoaren etorrerak: konbentzimendua orokorra da kuadrillan, trastea ezinbestekoa izango dela X adiskidearen pentsioa kalkulatzeko, ez dagoelako superordenagailurik haren bizitza laboralaren txosten amaigabea konputatu ahalko duenik. Ez da sinestekoa X-k, bateko edo besteko arrazoiengatik, lanez zenbatetan aldatzen duen.

Txantxak aparte, aste honetan Donostian inauguratuko duten IBMren ordenagailu kuantikoa apustu estrategiko sendo baten erakusle gisa ulertu behar da. Teknologia kuantikoek promestutako iraultzan sartzen du Euskal Herria, erreferentzialtasuna ematen dio, mapan kokatzen du.

Finean, Donostian dago munduko ordenagailu kuantiko aurreratuenetako bat. System Two bat da, gainera. Horrek esan nahi du, etorkizun batean nahiko balitz, modulu gehiago —qubit logiko gehiago— eransteko aukera zabalik duela. Halako ordenagailuak oso gutxi dira munduan: New Yorkekoak, IBMren laborategietan; Japoniakoa, ekainean inauguratua, eta Donostiakoa, Ibaeta auzoan, Ikerbasqueren eraikin berrian jarri dutena.

Egia da konputazio kuantikoa garatzeko bidean dagoela oraindik. Baina esan daiteke gainditzen ari dela promesen fasea. Eta egia da erronka teknologiko handiak gainditu behar direla oraindik halako ordenagailuak erabilgarriak izan daitezen lan esanguratsu eta inportanteetarako, nahiz eta ari diren lehen emaitzak agertzen, batez ere zientziarako tresna gisa.

ORDENAGAILU KUANTIKOA
Kableak, ordenagailu kuantiko baten barruan. IBM

Baina portaera kuantikoak kontrolatzea ez da samurra, eta horrek emaitzak kaskartzen ditu. Hala ere, teknologia horiek ziztu bizian ari dira garatzen, eta horretan dabiltzan konpainia nagusiek —IBM bera eta Google tartean— hamarkadaren amaierarako iragarri dituzte akatsei tolerantzia izango dieten lehen ordenagailu kuantikoak. Ordurako beharko dira haiek exekutatzeko algoritmo kuantiko egokiak ere.

Eta, behin jauzia gertatzen denean, ordenagailu kuantikoen ekarpena —ziurrenez ordenagailu klasikoekin eta adimen artifizialarekin elkarlanean— disruptiboa izango da. Orain arte lortzea ezinezkoa zen gauza baliotsuetarako erabiliko da; adibidez, optimizaziorako, arazo egiaz korapilatsuentzako irtenbide bizkor eta bikainak lortzeko, edo aldagai kopuru oso handiko simulazio eta modeloak egin ahal izateko. Hortik, esaterako, material edo sendagai berriak sortuko dira, edo klima eredu argigarriak.

Konputazioaz harago, teknologia kuantikoen iraultzak aldaketa sakonak ekarriko ditu komunikazioetan eta haien segurtasunean, eta baita sentsorikan ere. Jakinekoa da, hori bai, teknologia ia guztiek badutela haien ifrentzua, hots, aplikazio onuragarriez gain, maltzurragoak izan daitezkeenak ere izango direla, eta aurrerakizunak armagintzan ere erabiliko direla.

Edonola ere, teknologia kuantikoen inguruko azken titularretako bat finantzen mundutik etorri da. Irailean, HSBCk eta IBMk erakutsi dute ordenagailu kuantikoek —klasikoekin elkarlanean— klasikoak baino emaitza hobeak izan ditzaketela bonuen negoziazio algoritmikoan. Horrek esan nahi du abantaila polita eman diezaieketela haiek erabiltzen dituzten finantza zerbitzuei. Albistearekin, burtsetan kuantikarekin zerikusia duten balioek igoera ikusgarria izan zuten. Diruak apustu egin du horretan.

Milia kuantikoa

Eta halako albisteetan, noizean behin, BasQ —Basque Quantum— aipatuko dela itxaropena hor dago, eta ez da soilik ordenagailu berriari esker izango. Zerbaitegatik dago hura Donostian, IBM batek ez duelako bere System Two ordenagailu bat edozein tokitan jartzen. Basque Quantum ekosistema zabal bat da, ezagutza talde, eragile eta proiektu anitzekoa, eta hori oso baliagarria da IBMrentzat.

Eta etxean jarraituz, herri proiektu estrategiko honek eta trasteak berak, ezagutzari, berrikuntzari, ekonomiari eta ondorioz ongizateari egin diezaiokeen ekarpenean itxaropen handia izatea zilegi da.

Itxaropena ematen du Donostia epizentroa izateak ere, bere milia kuantikoarekin —Ikerbasque, Nanogune, DIPC, Materialen Fisika Zentroa...—. Hiria turismoaren monolaborantzaren arriskuei antzematen hasita dago, horrek dakartzan baldintza kaskar eta bizitza laboraleko txosten amaigabeekin. Apustu hau hobea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.