Iker Aranburu.

Etiopiak Somalilandian aurkitu du itsasorako bidea

2024ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun

Etiopiak erabaki du bere perrexila gehitzea Itsaso Gorrian eta Adengo golkoan dagoen saltsa handiari. Asiako produktuak Europara ekartzeko itsasoko pasabide nagusia dira Adengo golkoa eta Itsaso Gorria, baina azken asteetan itsasontzi gutxi ikusten dira han, Asiako aldetik erasoak egiten ari direlako Yemengo matxino huthiak. Baina orain nazioarteko begiak Afrikako ertzera hasi dira begira; zehazki, Berberako portura.

SOMALILANDIA
Berberako portua, artxiboko irudi batean. IÑAKI GURIDI

Google Maps-en begirada azkar bat eginez gero, europarren neurrirako portu nahiko txikia da Berberakoa; zabaldu berri duten arren, lauzpabost kargaontzi handirentzat lekua baizik ez du. Inguruan, etxe txikiko hiri bat, aireportu bat, industriarako egokitutako orubeak eta basamortu handi bat. Baina mapan behera eginez gero, errepide bat ikusten da, lehenik Hergaisara eta handik Etiopiako mugaraino.

Hergaisa Somalilandiako Errepublikako hiriburua da (2,1 milioi biztanle), eta Berbera (240.000), berriz, lurralde horretako merkataritza hiriburua, eta biak lotzen dituen errepidea da herrialdeko komunikabide nagusia. De facto herrialde burujabea da Somalilandia, baina 1991n independentzia aldarrikatu zuen, eta, ordutik, soilik Taiwanek aitortu dio izaera hori.

Somalilandia
Somalilandia

Etiopia izan daiteke bigarrena, baina trukean baztertzerik ez duen proposamen horietako bat egin dio Addis Abebak: 50 urtez Berberako portua eta inguruko hogei kilometroko kostaldea erabili ahal izatea, helburu militarrerako eta komertzialetarako. Trukean, Ethiopian Airlines aire konpainiaren edo Ethio Telecom telekomunikazio enpresa nazionalen zati bat eskaini dio Somalilandiari. Ez diru asko, baina kontuan hartu behar da Somalilandiarentzat saria nazioarteko ezagutza dela.

Etiopia potentzia bat da Afrika ipar ekialdean, eta, 126 milioi biztanle izanik, kontinentean gehien populatuta dauden herrialdeetan bigarrena da, Nigeriaren atzetik. Baina arazo bat dauka: ez dauka itsasorik. Izan zuen aldi batez, baina 1993an galdu zuen, Eritreak borroka odoltsu baten ondoren independentzia eskuratu zuenean. Orduz gero, portu baten bila aritu da, hori baitu bere salgaiak esportatzeko modurik errazena eta merkeena.

Izan ere, Addis Abebako gobernuak uste du nazioarteko merkataritzak lagun diezaiokeela orain duen krisia gainditzen, eta esportazioek bultzatutako industrializazio bat egiten. Gainera, herrialdea garai zailean bizi da; hainbat urtez hazkunde ekonomiko handia izan zuen, baina Tigrayko gerrak odolez bete ditu bazterrak, eta diruz hustu estatuaren kutxak. Abenduan, nazioarteko zorrak ordaintzeari utzi zion.

Auzokoen protestak

Berbera Etiopiaren portua izateko hautagai egokia da, Somalilandia ez dagoelako hura erabiltzearen truke zerua eskatzeko moduan. Berez, ez da lehen aldia Etiopiak Berberako portua erabiltzen saiatzen dena: 2018an portuaren %19 erosteko operazioak huts egin zuen.

Etiopiako eta Somalilandiko gobernuek sinatutako akordioak protesta ozenak eragin ditu eskualde osoan. Horien artean sutsuena Hamza Abdi Barre Somaliako lehen ministroarena izan da: «Geure lurraldea defendatzeko prest gaude. Geure lurraren, itsasoaren edo airearen zati bakar bat ere ezin da bortxatu». Erantzun militar baten mehatxu gisa uler liteke adierazpena, baina horretarako aukerak urriak dira, besteak beste, Berbera ofizialki bakarrik delako Somaliaren parte. Somaliako Gobernuak ez du inolako botererik izan Somalilandian azken 30 urte luzeetan, eta nahikoa lan badu bere barne gatazkekin, Al Shaba milizia islamistaren aurkako borrokarekin eta goseteekin. Kontrara, herrialde oso pobrea den arren, egoera egonkorra eta baketsua izan du Somalilandiak.

Protestak entzun dira Djibutin, hark duelako galtzeko gehien. Handik igarotzen dira Etiopiaren esportazioen %90 inguru, eta horrek 1.500 milioi dolarren diru sarrerak ekartzen dizkio.

Protestak entzun dira Djibutin ere, hark duelako galtzeko gehien. Handik igarotzen dira Etiopiaren esportazioen eta inportazioen %90 inguru, eta horrek 1.500 milioi dolarren diru sarrerak ekartzen dizkio Djibuti txikiari, Txinari, AEBei, Japoniari, Frantziari eta Italiari base militarrak alokatzeak halako hamar. Baina Etiopiaren begietara, portu garestia da hura, eta gainezka egiten du batzuetan. Hura utzi gabe, Berberak itsasorako beste ate bat irekitzen dio.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.