Iker Aranburu.

Luzapenean, baina aldaketarik gabe

2024ko martxoaren 17a
05:00
Entzun

Alboko kalte batzuk utzi ditu Kataluniako Generalitatea datorren urterako aurrekontuak onartzeko gai ez izateak: Kataluniako legealdia bera, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina kanpoko interferentziarik gabe egiteko aukera, eta Espainiako Estatuko aurrekontuak. Azken horri dagokionez, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak erabaki du ez duela merezi aurrekontu horiek babesteko botoen bila jarraitzea, hautagai batzuk —ERC, Junts eta sozialistak beraiek— lehia bizian izango direlako Kataluniako lehendakaritza lortzeko, eta horrek zaildu egingo duela ezer negoziatzea.  

Balizko babesle horien artean zeuden EH Bildu eta EAJ ere. Sanchezen erabakia kirol legez hartu dutela esan daiteke, nahiz eta aurrekontuen eztabaida den garai egokienetako bat inbertsioak eta eskuduntzak arrantzatzeko. Aitor Esteban jeltzaleak espero du arrantza horretan hilabete batzuetako atzerapena baizik ez duela ekarriko 2024an estatuko aurrekontuak ez izateak, 2025eko aurrekontuen negoziazioan helduko dietelako berriro beren intereseko gaiei.

Horien artean egon daiteke EAJren agendan dauden gaietako bat: energia enpresen gaineko zergaren erreforma. Zerga hori eta bankuen gaineko zerga berezia 2022an sortu zituen Madrilek, sektore batek zein besteak ezohiko irabaziak lortzen ari zirela argudiatuta. Hasiera batean behin-behinekoak izan behar zuten, 2022ko eta 2023ko emaitzen gainekoak, baina ikusita bi sektoreetako enpresek esne mamitan jarraitzen dutela, zerga horiek iraunkor egitea hitzartu zuten PSOEk eta Sumarrek beren koalizio programan. 

Tximiniak eta dorreak

Iragarpen hori oso gaizki hartu zuten energia enpresek eta bankuek—auzitara eraman dituzte bi zergak— eta haien kexuek aurkitu dute entzuteko prest zegoen belarri bat: EAJrena. Arrazoia bilatu nahi duenak Muskizko tximiniak eta Bilboko Euskadi Plazako dorrea ikustera joan dadila, eta han ikusiko du zer interes duen EAJk ahal duen neurrian zerga hori urardotzeko. 

Jeltzaleen presioek izan zuten fruitua sozialistengan, eta Teresa Ribera Energia Trantsiziorako ministroak onartu zuen energia enpresek ordaindu beharrekoa txikituko duen formula bat: energia berriztagarrietan egindako inbertsioak salbuetsiko dira zerga ordaintzetik. Ondorioz, isildu egin dira zergaren aurkako kritiko nagusiak, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako burua eta Josu Jon Imaz Repsolekoa. Azken horrek ika-mika publikoa izan zuen Riberarekin, baina beste doinu bat dute orain haren hitzek. «Gauzak zerbait aldatu dira, eta duela aste batzuk baino ikuspegi positiboagoa dut [zergari buruz]», esan zuen, gaiari buruz jendaurrean hitz egin zuen azken aldian.

2025eko aurrekontuen aukera

Ikustekoa izango da zer pentsatzen duen orain Imazek, 2024ko aurrekontuak artxiboan geratzeak hankaz gora jarri baitu Espainiako Gobernuaren plana. Izan ere, abenduaren 27an onartutako dekretu batek luzatu egin zituen behin-behineko zergak, baina 2024ko aurrekontuko legearen esku uzten zuen zehaztea zer inbertsio salbuetsiko ziren zerga hori ordaintzeaz.  

Eta orain zer gertatuko da? Aukeretako bat da 2025eko aurrekontu proiektuan arautzea zerga, eta 2024ko urtarrilaren 1erako atzerako eragina izatea. Bankuen zergari dagokionez, ez da zabaldu zer asmo zuen gobernuak, baina jakina da elkarrizketa batzuk izan dituela banku handietako ordezkariekin. 

Zerga horiek ez dira airean geratu diren proiektu bakarrak. Aitatasun baimenak hamasei astetik hogeira zabaltzeko asmoa ere zapuztu du, oraingoz, aurrekonturik ez izateak, eta Nafarroako Gobernuak ohartarazi du azpiegituretan egin beharreko inbertsio batzuk atzeratu edo murriztu ditzakeela, haien artean AHTrena eta N-121A errepidearen eta Belateko tunelen bikoizketarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.