Etxe Zuritik etorri berria zela eman zuen Javier Mileik elkarrizketa telebistan, joan den astean. Argentinako presidentea etxean jokatzen ari zen; aspalditxo da soilik bere sokako kazetariekin aritzen dela.
Baina, nahiz eta kazetariak ez oso estu hartu, Mileiren hitzetan agerikoa zen ezintasun doinua. Eta hori besapean Donald Trumpen babes pertsonalizatu garbia zekarrela, eta sakelan AEBetako Altxorraren 20.000 milioi dolarreko swap-a.
«Presidente, jendearen %80 ez da hilabete amaierara iristen; %60-70 hilaren 20ra soilik. Dirua falta zaie patrikan», esan zion kazetariak. «Eta zer nahi duzu nik egitea, dirua jaulkitzea, kichnerismoak egingo zukeen bezala?», galdetu zion Milek, eta jarraitu: «Inflazioa igoko zenuke, eta prezioen distortsioa eragin [...] Alegia, sendagaia gaitza baino okerragoa litzatekeela. Beraz, dirua jaulkiz ez da hori konpontzen; orduan, zer nahi duzu egitea? Esan, nola ipiniko diogu dirua jendeari?».
Kazetariaren errebeseko kolpea bizkorra izan zen: «Zu zara ekonomista: dirua badagoeneko eta ez dagoeneko hazkundean aditua zara». Mileik berretsi egin zuen: «Dirua badagoeneko eta ez dagoeneko hazkundean aditua naiz, bai».
Eta, hain zuzen, hazkundea eten egin da Argentinan.
Mirakulua
Presidenteak 2023ko abenduan hartu zuen kargua, eta esan daiteke datuetan ona izan zela haren lehen urtea. Jakina, ez dute gauza bera pentsatuko soldatak murriztutako edo kaleratutako milaka langile publikoek; oinarrizko zerbitzuen faktura askoz garestiagoak jasotzen dituzten herritarrek; ez eta pentsioa murriztu dieten erretirodunek ere. Horiek horrela izanagatik ere, shock terapia ortodoxoa ezarri eta debaluatu zuen pesoa, motozerratu zuen gastua, utzi zion dirua jaulkitzeari, eta, jarduera izoztuta, inflazioa azpiratzea lortu zuen, baita hilabete batzuen buruan ekonomia berriz hazibidean jartzea ere.
Hazita, Mileik mirakulua egin zuela zioen.

Inflazioak soldaten balioa suntsitzen du, eta hura menderatzeak sekulako balioa du Argentinan. Hori izan da Mileik oraintsu arte herritarren artean izan duen babes zabalaren esplikazioa. Hilabeteko inflazioa %25,5 izan zen 2023ko abenduan, eta, 2024ko maiatzerako, lortua zuen %5etik behera apaltzea.
Herrialdearen arrisku saria ere jaitsi da, 2023ko 2.500 puntutik 2025eko urtarrileko 500eraino. Kapital merkatuak Argentinaren alde zeuden orduan, hain zuzen, herrialdeak ortodoxia xuxen-xuxen betetzen zuelako. Nazioarteko Diru Funtsak ere, Milei bere baldintza zorrotzak betetzen ari zela ikusita, erreskatea eman zion, dolarrak, zorrak pagatuz joateko.
Gainbehera
Aurtengo apirilean dena gain behera joan den arte. Inflazioari eusteko asmoz pesoak jaulkitzeari uzteak — aingura monetarioa deitu diote—, zeharka, interes bidez, gehiegizko balioa eman dio diru argentinarrari. Egoera horretan, dolarrak izan dituen artean sistemak eutsi ahal izan dio balio artifizial horri, eta baita jarduera ekonomikoari ere. Euskarriak galdu diren arte.
Etorri baitziren Mileiren erabaki heterodoxo batzuk egoera okertu besterik egin ez dutenak, gerora ikusi denez.
Hauteskunde urtean, presidentea urduri jarri zen: inflazioari eusteak bozkalekuetan balio handia izaten jarraituko zuela pentsatuta, prozesua bizkortu egin nahi izan zuen. Kapitalen kontrola arindu zuen, eta pesoaren trukerako bandak elkarrekiko dibergenteak ezarri: uste zuen horrela pesoa indartuko zuela, funtsean, peso gutxi zegoelako.
Hilabeteek aurrera egin ahala, peso gutxiago egoteko neurri gehiago hartu ditu. Horrek guztiak pesoari balio handiegi hartan eutsi eta ondorioz inflazioari eustea zuen helburua. Baina gertatu dena da dolarren eskaria are gehiago hazi zela herrialdean.

Hori gertatzea ez da harritzekoa izan Argentinan —are gutxiago hauteskunde urteetan—, herritarrek dolarrak eskuratu nahi izatea beren diruak segurtatzeko. Joera indartu besterik ez zuen egin Mileik ipurdikoa jasotzeak irail hasierako Buenos Airesko hauteskundeetan.
Ezinean
Orain, ekonomia ezinean dago Argentinan. Bigarren hiruhilekoan BPGak %0,1 egin du behera lehenaren aldean. Eta inflazioa beherantz zihoan, baina orain berriz gora egin du urrian, hileko %2,1era (urteko %30). Kapitala ihesi herrialdetik, zorrak ezin pagatu... Eta, berriz, biluzik agertu da herritar gehienen egoera kaskarra. Mileik nekez, ezintasunez, egingo die aurre biharko hauteskundeei.
Etxe Zurira egindako bisita, eta 20.000 milioi dolarreko kreditu lerroaren albistea, kanpainako ekitaldiak izan dira funtsean. Baina, Paul Krugman Ekonomia Nobelaren ustez, kreditu lerro hori ez da berez Argentina salbatzeko. Egiaz zera nahi du Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkariak: diruak bere laguntxo aberats estatubatuarren estaldura funtsetara joatea. Orain irrikaz daude iaz Argentinan sartu ziren funts horiek irten daitezen, ahalik eta diru gutxien galduz.

Edonola ere, ez Argentina bera eta ez AEBetako Altxorra ez dira gai izan merkatuetan egindako erosketekin pesoari eusteko, eta badirudi saihetsezina izango dela debaluazioa berriz ere, horrek herritarrentzat dakarren zamarekin. Peronistei gailenduta ere, Mileik garai zailak ditu aurrean.
Elkarrizketa hartan, hazkundean aditua dela esan ostean, presidenteak, denbora gehiago eskatu zien herritarrei. «Ez dago lasterbiderik». Eta sakrifizio gehiago ere eskatu zien. «Ez gaitezen orain lasaitu, ez dezagun orain etsi», esan zien, hustuta.