joxerra senar
GEURE KONTU

'Navarra'-ren alde, nafarren kontra

2017ko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bere burua gizarte zibilaren ordezkari neutrotzat duten erakundeak perretxikoak legez ateratzen ari dira legealdi honetan Nafarroan. Horietako bat da Sociedad Civil Navarra. Erakunde horrek asteon Pedro J. Ramirez kazetari espainiarra gonbidatu du, eta hark honakoa bota du Iruñean: «Espainiaren Termopilak bihurtu beharko lukete nafarrek Nafarroa». Frank Millerri nekez otuko zitzaion Leonidas eta haren 300 gerlariekin parekatzea Ana Beltran eta Jose Javier Esparza, eta are gutxiago laukoa Persiako Xerxes I.aren armadarekin alderatzea. Norbere gezurrak sinestea baino okerragorik ez dago.

Grinarekin ez da aski, eta UPNk garaipen bat gizarteratzeko beharra du. Asteon, Mariano Rajoyk eta Jose Javier Esparzak akordio bat sinatu dute: UPNk saldu nahi izan du Rajoyren konpromisoa lortu duela AHTaren beste hamabost kilometro egiteko. Manu Aierdi Nafarroako lehendakariordeak atera behar izan du esatera akordio horrek ez duela ez edukirik, ez finantzaketarik. Hots, paper errea da. Berez, foru gobernuak du ardura azpiegituren inguruan Madrilekin negoziatzeko. Botererik gabe, UPNri propaganda egitea baino ez zaio geratzen. Rajoyri bost axola zaio argazki hori oparitzea, UPNko bi parlamentarien doako baiezkoa ziurtatuz gero.

Itxuraz, zailago izango zaio EAJren baiezkoa lortzea. Legealdi honetan PP gutxiengoan denez, akordioa egin nahi du EAJk. Jaurlaritzaren aurrekontuak aurrera ateratzeko, PPren abstentzioa erabakigarria izan da, baina ez dirudi kromo aldaketa soil horrekin konformatuko direnik. Nahiz eta duela egun batzuk Rajoyk jeltzaleen baiezkoa ziurtatutzat eman, berehala esan zuen EAJk hori ez dela egia. Zentralizazioaren eta ustelkeriaren PPrekin hitzartzeak kostu politikoa du, eta, oposizioaren kritikei aurre egiteko, etekin bat atera nahiko dio EAJk. Ekarpen Legea 2012tik hitzartu gabe dago, eta urtetik urtera bi gobernuen arteko desadostasuna dagoeneko 1.600 milioi eurokoa da. Hala, 2012ko Ekarpen Legea behingoz hitzartu eta 2017tik hasita hurrengo bost urteetako kupoa zehaztea lehentasun gisa hartu dute jeltzaleek. Ertzaintzaren lan eskaintza publikoaren desblokeoa ere aipatzen da beste eskaeren artean. Ikusi beharko da, azkenik baiezkoa emanez gero, zer prezio ordaintzen duten hala PPk nola EAJk.

Ikasle alferren tankeran

Iraganean zein orain, UPNk bestela jokatu du. Ikasle alferren tankeran, Miguel Sanzi aski zitzaion mehatxupean den Nafarroaren komodina erabiltzea gutxirekin asko lortzeko. Era berean, Jaurlaritzak kontzertu ekonomikoaren gaineko akordioak lortu izan dituenean —1997 edo 2001ean bezala—, korrika jo du Madrilera «nik ere hori nahi dut» aldarrikatzera. Gasteizi AHTaren finantzaketaren eskema ere —obrak azkartzeko dirua aurreratu eta Madrilek gero itzuli— kopiatu zion, baina ezerezean hasi eta bukatzen den proiektu bat utzi zuen ondare gisa.

Hala, orain UPNk ezer balio ez duen akordio bat saldu izanak erakusten du zein den bere lehentasuna. Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bezala, Nafarroa gaur egun ez dago ados Madrilekin urtero estatuari ordaindu beharreko ekarpenaren inguruan, eta, gai hori konpontzen ez den artean, behar baino gehiago pagatzen ari da.

Hala, adierazgarria izan da ekarpenaren gatazka horretan UPNren jarrera: Rajoy estutu ordez, Espainiako Gobernuarekin lerrokatu da. Are gehiago, gaur egun auzi hori blokeatua izateak zerikusi handia du UPNk eta PPk Nafarroan duten jarrerarekin. Azken finean, Madrilgo gobernuak ez luke arazo ekonomikorik Iruñeko gobernuarekin berehala akordioa erdiesteko, baldin eta bi alderdiok etengabe konfrontazio bila arituko ez balira. Horretarako, Termopilen fikzioa elikatu behar dute etengabe. Espartaren oldarkortasun berarekin ekin diote boterearen birkonkistari elite nafarrek, eta berdin zaie euskarari zein ikurrei buruz gezurrak esatea, elkarbizitza urratzea edo estatuari urtero gehiago ordaintzea. Navarra-ren defentsan, nafarren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.