Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Neguko sua, udako txingarra

2023ko ekainaren 04a
00:00
Entzun
Neguko hotzetik udaberri amaierako ekaitz giro berora, hamalau etapatan. Urtarrilaren 19an hasi ziren erretretaren aurkako lehen mobilizazioak Ipar Euskal Herrian, eta, beste hamabi protesta egun igaro ondoren, etzi dute hamalaugarrena, ekainaren 6an. Baionako geltokiaren aitzinean hasiko den manifestazioa agian ez da azkena izango, baina argi dago protestaren sua bizirik mantentzeko txingarrak itzaltzen ari direla, eta uda ostean jarraitzea ez dela lan erraza izango.

Erretretaren erreforma geratzeko azken saioa zapuztekotan daude Emmanuel Macronen aldekoak. Erreforma negoziatzeko —eta herritarrei entzuteko— erakutsi ez zuten trebezia erakutsi dute macronistek Frantziako Konstituzioaren irakurketa egiten. Legezko trikimailuekin bizkortu zuten eztabaida (38. artikulua), eta legezko trikimailuekin (49,3 artikulua) aurrera egin zuen erreformak apirilean, Frantziako Asanblean bozketarik egin gabe. Orain, legezko trikimailu batekin (40. artikulua) oztopatzen ari dira diputatuen ezezko bat jasotzeko aukera.

Erreformaren arbuioa LIOT taldeak aurkeztutako lege proposamen baten bitartez iritsi zitekeen. Asanbleako talde parlamentario txikiena da LIOT, eta haren 21 kideen artean denetatik dago: zentristak, Nupes koalizioaren aurkako ezkertiarrak, itsasoz haraindikako ordezkariak, Korsikako hiru abertzale eta Paul Molac Bretainiako erregionalista. Talde tekniko bat izateak abantaila bat izan du erretretaren erreformaren aurkako borrokan: gai izan da ezkerreko eta eskuin muturreko oposizioaren botoak batzeko, etsaiari jokoa egitearen salaketak entzun gabe. Berak aurkeztutako zentsura mozioa Elisabeth Borneren gobernua botatzeko zorian izan zela ikusita, LIOTek beste saio bat egin du erreforma geratzeko: legea bertan behera eskatzen duen proposamen bat egin du, «krisi sozial eta politiko batetik modu duin batean ateratzeko».

Saioak ez zuen aurrera egiteko aukera handirik, erretreta gibeleratzen aldekoek gehiengoa dutelako Senatuan, baina irekitako zirrikituak balio izan die sindikatuei protesta bizirik mantentzeko: eztabaida baino bi egun lehenago deitu zuten protestara.

Hustutako lege proposamena

Baina, gaur-gaurkoz, ez dago garbi bozketa egingo ote den. Gobernuak ez du bozketa galtzeko arriskurik hartu nahi, sinbolikoa izan ala ez. Asteazkenean, eskuinaren laguntzarekin, LIOTen proposamena mamiz hustu zuen: erretretak 62 urtetan geratzeko eskatzen zuen lehen artikulua atzera bota zuten Asanbleako gizarte arazoetako batzordean. Ondorioz, artikulu hori gabe iritsiko da proposamena osteguneko osoko saiora.

LIOTek badu oraindik aukera bat artikulu hori bozkatua izateko: osoko zuzenketa gisa aurkeztea. Baina Yael Braun-Pivet Frantziako Asanbleako presidente macronistak dagoeneko jakinarazi du zuzenketa hori trabatu egingo duela, konstituzioaren 40. artikuluaren bidez. Artikulu horrek aukera ematen du gastu publikoa handitzen duen proposamen bat ez eztabaidatzeko, gastu hori estaltzeko beste proposamenik ez badago. Tabakoaren gaineko zerga handitzea proposatu du LIOTek, baina ez dela nahikoa erantzun dio Braun-Ivetek, horrek ez duela erretreta 64 urtetan ez hartzeak ekarriko omen duen 15.000 milioi euroren zuloa estaliko.

Bozketa eragozteagatik epelak entzun dituzte gobernuak eta haren aldekoek, eta LIOTen bigarren zentsura mozio baten hotsak indartzen ari dira. Nahikoa txingar protestaren suarentzat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.