Zilegi izan bekit, nik ere badut pasadizo bat itzalaldikoa. Aita bat seme-alaben bila joan zen eskolara, zer gerta ere bere ondoan nahi zituelako; etxean hamabost egunerako biziraupen kit bat zuela prest, aspalditik.
Horren muturreraino joan gabe, argi dago prest egotea garrantzitsua dela. Horretan saiatzen da argindar sistemaren operadorea: zerbait gertatuta ere, prest egoten. Eta, horregatik, argia joaten denean berehala itzuliko dela uste dugu beti, minutu gutxi batzuetako kontua izango dela.
Oraingoan, ordea, ez da hala izan, eta argia ez da berehala bueltatu. Zerbait gertatu zen atzo, eta sistema ez zegoen prest minutu gutxi batzuetan berriz ere eskariari erantzuteko. Kontrara, kate erreakzio baten moduan sistemako ekipoak eta energia sortzaileak itzaliz edo saretik deskonektatuz joan ziren, zentral nuklearrak, hidroelektrikoak, ziklo konbinatuak... «Zero energetikoa», deitu zion atzo Red Electricak.
Argindar sorrera eta argindar eskaera bateratzea da argindar sistemaren egitekoa. Lan izugarri konplexua da, are gehiago errentagarritasun ekonomikoa eta halako aldagaiak kontuan hartu behar badira.
Trantsizio energetikoak are gehiago korapilatuko du argindar sistemaren funtzionamendua
Eta, bai, trantsizio energetikoak are gehiago korapilatuko du argindar sistemaren funtzionamendua. Transmisio sareak frekuentzia jakin batean (50 hertz) eta egonkor jardun behar du, edozein gorabeherak —adibidez bat-bateko tenperatura aldaketa batek sarearen zati jakin batean— ekipoak hondatu baititzake.
Frekuentzia egonkor horretan laguntzen du inertziak, zentral termikoetako turbina birakariek sortutako energia zinetikoak. Baina ez dira lagungarriak plaka fotovoltaikoak eta sorgailu eolikoak, ez baitute inertziarik jartzen sisteman. Ondorioz, esan daiteke sarearen egonkortasuna zaurgarriagoa dela fotovoltaikoak eta haize errotak argindar sorkuntzan nagusi direnetan.
Jakina, ari dira jada lanean arazo horri irtenbidea eman nahian. Adibiderako, Arteche euskal konpainiak iazko irailean Finlandiako Teraloop start up-aren %2 erosi zuen, eta, hala, Teraloop markaren banaketa esklusiboa lortu.
Teraloop lebitazio magnetikoko inertziazko bolante bat da, argindarrik gabe geratuta ere segundo batzuez biraka segi dezakeena. Biltegiratutako energia askatzen du, eta inertzia eskaini gorabeherak direnetan —edo beharrezkoa bada, energia jaso—. Modu bat da sarearen egonkortasunean ekarpena egiteko, adibidez, energia eolikoarentzat, eta ari dira beste modu asko agertzen: inbertsore teknologia, kasurako.

A, baina, dena ez da txarra izango berriztagarriekin; itzalaldietan energia eolikoak eta fotovoltaikoak badute abantaila bat. Argindar iturri banatuak direnez eta eskala txikiagokoak, erraztu egin dezakete itzalaldi handietatik suspertzea, zentral termiko handiek askoz ere denbora gehiago behar izaten baitute beren jarduerari berriz ekiteko; izan ere, nahitaezkoa dute sistemaren zati handi bat jada berrezarrita izatea.
Atzo, berriztagarrien bidez lortu zen gure lehen telefono deietarako eta argirako argindarra. Alegia, argindar segurtasunean ere ekarpena egiten dutela plakek eta sorgailu eolikoek.
Sistemaren zaurgarritasunaz, ezin aipatu gabe utzi iberiar sistema elektrikoaren ezaugarri nagusia: argindar kontuetarako penintsula bat ez, irla bat dela. Europarekin konexio gutxi batzuk baino ez ditu sareak —Euskal Herritik barrena horietako batzuk—. Hori atzokoan abantaila izan zen Europarentzat, itzalaldia ez hedatzeko. Baina kalterako izan zen penintsularentzat, sistemaren oreka berreskuratzeko Europatik laguntza lortzeko linea mugatua delako.
Dirudienez, Frantziako zentral nuklearrei eskertu behar diegu hori. Argindar esportatzaile handiari ez zaio interesatzen penintsulan sortuko den argindar berriztagarriak sarbide askoz gehiago izatea Europara. Bueno, Frantziarentzat energia nuklearra ere energia garbia da. Hori bai, beroaldi handi batek nuklearrak itzalaraz ditzake, hozte sistemak gerarazita. Ez dezagun ahaztu: klima larrialdian gaude.
Esan gabe doa, pasadizoez harago, itzalaldiak ondorioak izango dituela ekonomian, politikan eta gizartean, datozen egunetan errazago ulertu ahalko direnak. Eta Euskal Herrian ere galdera hori egin beharko dugu, ea prest ote gauden.
Trantsiziotik etekina nork atera behar duen eztabaida alde batera utzita, argindar berriztagarriak bultzatzeko prest gaude? Deskarbonizaziorako giltzarri den elektrifikaziorako sare eskakizunak, goi tentsioko linea handiak eta halakoak onartzeko prest gaude, klima larrialdiari aurre egiteko? Klima larrialdiari aurre egiteko eta botoiari emandakoan argia izateko? Beharbada, beste aukera bat da hondamendi klimatikoetarako biziraupen kit-a prestatzen hastea.