Munduaren erdigunea ekialderantz mugitzen ari den heinean, ardatz berrira egokitzen ari dira orain arteko potentzia nagusiaren orbitan zebiltzan sateliteak. Pragmatismoak indar magnetiko handia du, eta hautsezinak ziruditen loturak kolokan jartzeko gai da. Galdetu, bestela, Ameriketako Estatu Batuei. Azken bi aste hauetan ikusi dute nola beren aliatu europarrek ez duten arazo handirik izan Washingtonen presioei izkin egin, eta Txinaren proiektu kutunarekin bat egiteko: Erresuma Batuak lehenik eta Alemaniak, Italiak eta Frantziak ondoren iragarri dute parte hartuko dutela Asiako Azpiegituretarako Inbertsio Bankuan [AIIB, ingelesezko laburduran]. Behin europarrek tabua hautsita, baliteke ondorengo egun edo asteetanurrats hori egitea Hego Koreak eta Australiak ere; batez ere Hego Koreak AEBekin oso harreman militar estua du, baina harreman komertzial are estuagoak ditu orain Txinarekin.
Erabaki horrekin, Europako Batasuneko lau potentzia nagusiek erakutsi dute ulertu dutela egoera: jada munduaren ardatza ez dago Atlantikotik igarota, Pazifikotik baizik, eta ez du zentzu handirik gerra geoestrategiko batean hastea Txinarekin, soilik AEBekin ongi geratzeko. Hobe da Pekinekin harreman normal bat izan, eta handik ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzea. Financial Times-ek aipatu dituen Obamaren gobernuko iturriek Txinari errazegi men egitea leporatu diote Erresuma Batuari. Londresen, berriz, ez dute helburua ezkutatzen:erabakiaren helburu nagusia ez da Asiak beharrezkoak dituen azpiegiturak eraikitzen laguntzea, Txinaren inbertsioak jasotzeari ez uztea baizik. Pragmatismoa, azken finean.
Eta bere interesen defentsa pragmatikoa da, berez, AEBak gidatu dituena. Ofizialki, AEBek argudio etikoak erabili ditu AIIBarekiko mesfidantza erakusteko. «Ez gaude AIIB sortzearen aurka, baina beldur gara erakunde horrek ez dituela dirua mailegatzeko estandar gorenak errespetatuko», adierazi du Jack Lew AEBetako Altxorreko idazkariak. Estandar horiek aipatzean, ingurumenarekiko edo lan araudiekiko errespetua eta ustelkeriaren aurkako neurriei buruz ari zen Lew, haren iritziz horiek baitira Munduko Bankua (MB) edo Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) dirua mailegatzeko orduan dituzten irizpideak.
Baina AEBetako gobernuak ez du ezkutatu interes partikularrak ere badituela kontu honetan guztian. Lewen arabera, Txinaren erronkaren aldean, AEBen «nazioarteko sinesgarritasuna eta nazioarteko arauak eta praktikak diseinatzeko eragina mehatxupean daude», eta horregatik komeni zaio orain kontrolpean dituen nazioarteko erakundeak erreformatzea —NDFk eta MBk Washingtonen dute egoitza, AEBek dira haien akziodun nagusia eta MBko burua beti da estatubatuarra—. Obamaren gobernuak onartu zuen NDFn gorabidean diren herrialdeei erabakiguneetan botere handiagoa ematea, baina AEBetako Kongresua kontrolatzen duten errepublikanoek erreforma hori blokeatu dute.
Blokeo hori ikusita, Txinak erabaki du potentzia gisa jokatzea eta bere neurrirako nazioarteko erakundeak sortzen hastea: Garapen Berrirako Bankua bultzatzen ari da BRICS taldeko beste kideekin batera (Brasil, India, Errusia eta Hego Afrika), eta AIIB bera aurten nahi du martxan, Shanghaiko egoitzatik.
AEBak gidatzen dituzten interes berekoi berberak lepora dakizkioke, noski, Pekini. Txinako Alderdi Komunistaren gidaritzari ezer gutxi axola dio herrien arteko senidetasunak edo bere auzokoen garapenak, bere mesederako ez diren bitartean. Kasu honetan, Txinaren ekoizpenak Indiara edo Asia Erdiko errepubliketara errazago eta merkeago eraman ahal izatea da Pekinen interesa, eta horrek ezinbestean dakar kontinentearen azpiegituretan inbertsio erraldoiak egitea.
Berez, gaur egun badago AIIBren antzeko erakunde bat, ADB Asiako Garapenerako Bankua izenekoa. Haren 67 kideen artean bik dute boterea: AEBen eta Japoniaren artean botoen %31 dituzte, eta %5 ziztrin bat Txinak. Ordena zaharraren ordezkaria, ordena berria sortzen ari den mundu batean.

GEURE KONTU
Sateliteak, ekialdeko orbitara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu