Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Sestao Txinatik gertu dago

2016ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urrutiko intxaurrak bat-batean mahai gainean agertu zaizkigu. Urrutikoak diruditelako Txinako ekonomiaren gorabeherek, hango burtsen amiltzeak, haren ekonomiaren geldotzeak... Euskal Herrian lantegi bat geratzea eragin arte. Arcelor Mittalek ziurtatu du Txinako altzairu inportazio merkeen erruz «aldi baterako baina eperik gabe» itxi duela Sestaoko ACB altzairutegia. Multinazionalaren iragarpenak industriaren urtarril beltza borobildu du: TRWk 250 langile bota nahi ditu Iruñean, eta beste 370ak ere 2018an bota ditzakeela ohartarazi du; General Electricek Buñuelgo lantegia ixteko asmoz jarraitzen du; eta enplegu galera masiboaren mamua berriro azaldu da Aernnovan.

Lau kasu desberdin dira, guztiak dramatikoak kalean geratzeko arriskuan dauden langileentzat. Baina Arcelorrenak badu sinbolismo berezi bat, ACB baita Bizkaiko Labe Garaiak historikoaren oinordekoa. 1980ko hamarkadako birmoldaketa bortitzak industriarentzat mortu bilakatu ez zuen orube bakarrenetariko bat hondatzeko arriskua dauka.

Itxiera, gainera, ez dago lantegiaren errendimenduaren esku, nazioarteko egoeraren menpe baizik. Txinaren inportazio merkeen argudio hori bera entzun dute kalera joan berri diren Ingalaterrako, Eskoziako edo Mexikoko altzairuko milaka langileek. Eurofer patronalak salatu duenez, Txina kostu azpiko prezioetan ari da soberan duen altzairua esportatzen, eta horrela lortzen du europarrena baino %30 merkeago izatea. Europako Batasunak irekita dauka ikerketa bat dumping horri aurre egiteko, baina prozesua poliki doa, eta haren eraginkortasuna auzitan jarri dute altzairugileek.

Beste irtenbideak —Txinak soberakinik ez izateak— ez dirudi erraza. Bere industria esportatzailearen gosea eta azpiegitura plan handinahiak elikatzeko altzairu fabrika erraldoi bilakatu da Txina: munduko altzairuaren %25,6 ekoizten zuen 2004an, eta %49,4 hamar urte geroago. Oraintsu arte altzairu horren zatirik handiena bere burua elikatzeko zen —munduko %46,2 kontsumitu zuen 2014an—, baina nekez izango da horrela aurrerantzean, gosea txikitzen ari zaiolako. Aste honetan jakinarazi du Pekingo gobernuak ekonomiaren hazkundea jaitsi egin dela: 2014an %7,3 izan zen, eta %6,9 iaz. Beste datu bat oharkabeago igaro da: altzairu ekoizpena %2,3 jaitsi da. Altzairu kontsumoa, berriz, %4,6. Hau da, soberakina handitu zaiola.

Krisiaren hirugarren hanka

Altzairu kontsumoak eta ekoizpenak gehiago jaitsi beharko luke hurrengo urteotan, baldin eta Txinak bere hazkunde eredua samurki aldatzea lortzen badu, esportazioetan eta inbertsioetan oinarritu beharrean kontsumoan oinarrituta. Prozesu hori motel doa aurrera. Kontsumoa handitzeko familien errentek BPGan duten pisua handitu behar dute: %56 ziren 2000n, %58 2008an eta %61 2013an. Ondorioz, kontsumoa BPGaren %40 izan zen iaz; %70 inguru da AEBetan, eta %55 eta %65 artean Mendebaldeko Europako herrialde gehienetan.

Kontsumoak nahikoa ez duenez tira egiten, inbertsioekin jarraitzen du Pekinek, jakinda ere asko ez direla errentagarriak. «Alferrikako inbertsioa moztuko balute, ekonomia atzeraldian sartuko litzateke», ohartarazi du Martin WolfFinancial Times-eko analistak.

Munduko ekonomiaren motorra izan da Txina, baina kezka iturri ari da bihurtzen. Merkatuen artalde joeratik badu Txinako burtsen hondoratzeak, baina herrialdearen benetako egoeraz galderak egitera darama. Eta bilatzen hasiz gero, badira kezkatzeko arrazoiak: inbertsioak maileguen bidez finantzatu direnez, zorra BPGaren %157tik %250era igaro da 2007tik 2015era; kapitalak jasotzetik, ihesa jasatera igaro da (650.000 milioi euro inguru iaz); lehertu gabeko etxebizitzaren burbuila bat dago... Gerta liteke Pekingo agintariak gai izatea ontzia bideratzeko, baina ugaltzen ari dira krisiaren hirugarren faseari buruzko analisiak, subprimeren krisiaren eta euroguneko zorraren ondoren. «Badirudi zorraren zikloaren hirugarren hanka gainean dugula. Txinari buruz 'orain desberdina izango da' dioenak ez du errealitatea ikusi nahi». Kenneth Rogoffek oraingoan asmatzen badu, Sestao bat baino gehiago izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.