Pertsona batzuek gertura ikusteko betaurrekoak erabiltzen dituzte, eta beste batzuek, urrutira ikustekoak; bada, agintarien artean ere, antzera: batzuek gertura begiratzen dute, eta besteek, berriz, urrutira. Eta bihar Pekingo Herriaren Aretoan bilduko diren bi agintarien ezaugarrietako bat da batek, Donald Trumpek alegia, epe laburra duela buruan —eta buru horren osasunaz zalantzak daude, gainera—, eta besteak, Xi Jinpingek, luzera jokatzen duela.Â
Hein batean, haien boterearen berezitasunaren ondorio da: AEBetako presidente batek lau edo zortzi urteko agintaldia du, baina iritzi publikoaren aldartearen menpe egin behar; Txinako oraingo presidenteak, berriz, ez die hauteskundeei, hedabide libreei eta halako trabei aurre egin behar, eta horrek aukera ematen dio begirada luzatzeko.
Baina bada Txinaren eta AEBen arteko beste desberdintasun bat. AEBak dira munduko lehen potentzia, eta, kontuan hartuta posizio horretatik jaitsi baino ezin direla egin, herrialdearen nagusitasuna indarrez erakusten dute behin eta berriro Washingtongo agintariek; inork ez du izan nahi inperioa galdu zuen enperadorea.

Txinari, berriz, bere historiarengatik merezi duen podiumeko lehen postura itzultzeko bidea urratsez urrats egin behar dela irakatsi dio historia horrek berak. Hori dela eta, egonkortasuna lortu nahi du Xik, urak bere bidea egingo duen esperantzarekin. Eta horretan ari da, urte askorako planak egiten, teknologia batzuetan aurrea hartzen (energia berriztagarriak, auto elektrikoak, lur arraroak...), eta beste batzuetan zuen atzerapena gutxitzen; mikrotxipetan, batez ere.
Trump, kontrara, egonkortasunaren antitesia da. Nola kalifika daiteke bestela Venezuelako presidentea bahitu duen eta Iranen aurkako gerra helburu oso garbirik gabe abiatu duen presidentea? Aliatu historikoak muga zergak ezarriko dituela eta inbasioak abiatuko dituela esanez (Groenlandia) etengabe mehatxatzen eta umiliatzen dituen agintaria?
Xiren promesak
Trumpek epe laburrerako zenbait garaipen poltsikoan dituela itzuli nahi du Washingtonera. Oso litekeena da Xik Boeing hegazkin, txerriki eta soja gehiago erosteko promesa egitea; aurretik egin izan du, nahiz eta gero promes horiek ez diren bete. Baina munta txikiko kontuak dira horiek, koiunturalak; Trumpek hautesle jakin batzuk (nekazariak, nagusiki) gustura uzteko balio dezakete, baina ezer gutxi ekarriko dio AEBetako presidenteak azken hauteskundeak irabazteko egin zuen promes nagusiari: AEBen desindustrializazioa etengo zuela eta kanpora joandako ekoizpena berreskuratuko zuela.
Zergatik? Epe luzeko helburu hori lortzeko tresna magikoa muga zerga «handi eta politak» ziren; Europako Batasuna eta beste herrialde batzuk bai, behartu zituen tratu kaskarrak onartzera, baina Trumpi ihes egin zion harrapakinik handienak, Txinak. Xi ez zen kikildu, eta Trumpek %145eko muga zergarekin hordagoa jo zuenean, Txinako presidenteak erakutsi zion berak zituela kartarik onenak: debekatu egin zuen lur arraro batzuk AEBetara esportatzea, eta aste batzuen buruan, telefonoen, autoen eta beste produktu askoren ekoizpena etetear zegoela ikustean, Trumpek atzera egin behar izan zuen, eta merkataritza gerran urtebeterako tregoa bat egin Xirekin.Â
Oso litekeena da su eten hori luzatzea Pekinen, gaur egungo munduko bi potentzia nagusiek elkarren beharra baitute, eta ez baitzaie komeni elkarren arteko lehia muturrera eramatea eta harremanak haustea. AEBek denbora behar dute, esaterako, Txinaren menpekoa izango ez den hornidura eta prozesatzea bermatzeko lur arraroen arloan; Txina, berriz, mikrotxip aurreratuenetan daukan atzerapena arintzen ari da, baina oraindik ere AEBetako konpainia teknologikoen beharra dauka.
Lezioa Trumpentzat
Horrek ez du esan nahi hurrengo urteotan Txinaren eta AEBen arteko harremanak gorabeherarik gabekoak izango direnik. Irango gerrak eta etor daitezkeenek tirabirak sortuko dituzte, baita Taiwanen gaineko betiereko galderak ere. Eta, nagusitasun teknologikoa ere jokoan dagoenez, baliteke osagai eta enpresa jakinen aurkako zigorrak ere ezartzea elkarri.
Baina gauza bat nekez aldatuko da: Trumpek, eta haren atzetik datozenek Txinarekin tratatu beharko dutela, jakinda Pekinek bere buruarengan gero eta konfiantza handiagoa duela. Bai, barne arazoak ere baditu —etxebizitzaren burbuila lehertua, biztanleria gero eta zaharragoa, gazteen langabezia, barne merkatu ahula, Ekialde Hurbileko petrolioarekiko menpekotasuna...—, baina, Trump bera ikasten ari denez, jada ez da ezer inposatu ahal zaion eragile bat.