Irune Lasa.
GEURE KONTU

Zerga politikak eta lehiakortasuna

2017ko azaroaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Enpresa handien irabazien gaineko zergaren tasa nominala bi puntu jaitsi, eta %26 izango da datorren urtean, eta %24 izango da 2019an. %24tik %20ra apalduko da bi urtean enpresa txiki eta ertainena. Hala adostu dute EAJk eta PSEk aste honetan, zertarako eta PPren botoak lortzeko 2018ko aurrekontuetarako.

Nazioartean orokorra da sozietate zergaren tasak jaisteko joera. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeetan zerga horren batez besteko tasa %32,2koa zen 2000. urtean, %25,9ra murriztu zen 2008an, eta %24,7ra iaz. Inbertsio eta enpresentzat erakargarriak izan nahi dute herrialdeek, «lehiakorrak fiskalki». Krisi ekonomikoa dela, erakargarriago izateko lehia dela, enpresen irabazien gaineko zergetan diru gutxiago biltzen da OCDEko herrialdeetan eta baita euskal ogasunetan ere. Iaz, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek orotara 1.002 milioi euro bildu zituzten sozietate zergaren bidez. 2007. urtean 2.000 milioi eurotik gorakoa zen.

Euskal enpresa gehienek —salbuespen mingarriak salbuespen— krisia atzean utzi dutela dirudienean, pentsatzekoa litzateke mozkinen gaineko zergan bildutakoek gora egin beharko luketela. Baina, kenkari, hobari eta mekanismo desberdinen ondorioz, gaur egun euskal enpresek irabaziengatik ordaintzen dituzten egiazko tasak tasa nominal horiek baino nabarmen txikiagoak izaten dira. Adibidez, krisiak, zeharka, oraindik eragina du sozietate zergan, mozkinak izanda ere enpresek aurreko urteetako galerak balia ditzaketelako —hamabost urtez— irabaziengatik ogasunari ordaindu beharreko kopurua murrizteko.

PSEko idazkari nagusi Idoia Mendiaren arabera, kenkari eta hobari horietako batzuk mugatu dituzte, eta, tasa nominala jaitsi arren, horrek eragotziko du diru gutxiago biltzea «enpresek egiaz dituzten mozkinei dagokiena ordainduko dutelako».

Tasa nominalen jaitsiera batek, dena den, ez du asko lagunduko sozietate zergarekin bildutakoaren pisua handitzen. Eta pisu hori asko arindu da azken urteetan. Iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek bildutako guztiaren %7,7 etorri zen sozietate zergatik. Ez da euskal ogasunen arazo esklusiboa. OCDEko herrialde askotan ere gauza bera gertatzen da. Lanaren (PFEZ) eta batez ere kontsumoaren (BEZ) gaineko zergen pisua gero eta handiagoa da, eta kapitalen gainekoa, txikiagoa.

Progresibitate handieneko zergak ospea galduz doaz. Erakargarri izateko sozietate zerga jaitsi behar baldin bada noraino?— eta soldata eskasekin lanaren gaineko zergek askoz gehiagorako ematen ez badute... BEZa, erregaien zerga eta halako zeharkako petxak bihurtu dira agintarien zerga gogokoenak: kudeatzeko arinagoak dira, herritarrei saltzeko errazagoak... Zenbaiten ustez, gainera, jarduera ekonomikoa gutxiago oztopatzen dute. Horri esker, diote, ekonomia gehiago haz daiteke, eta ondorioz, diru bilketa ere.

Zerga politikaren zereginetako bat, hain zuzen, ekonomia jarduera mantendu, sustatu eta areagotzea da. Ulergarria da, adibidez, enpresa txiki eta ertainak edota hasi berriak kenkari bidez laguntzea ikerketa eta garapenean inbertsioak egiteko. Euskal Herrian etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izango diren enpresa lehiakorrak nahi izatea zentzuzkoa da.

Euskal patronalek aspalditik dituzte mantratzat erakargarritasuna eta lehiakortasuna, eta biak indarberrituta agertu dira sozietate zerga jaisteko enpresaburu elkarteek egin duten presio kanpaina gogorrean ere. Atzean ez gelditzeko, enplegua sortzeko, diote, aberastasuna sortzeko.

Jaurlaritzak ere krisian bildutako zorrak ordaintzeko dituela gogorarazi zien bere garaian Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak enpresaburuei, diru nahikoa lortzeko txapela nola pasa berriz aztertu beharra zegoela.

Zerga politikaren beste aldea hori baita, hain zuzen, gastu publikoa. Dirua osasun sistemarako, hezkuntzarako, azpiegituretarako... Baita ezberdintasun sozialak murrizteko ere, are gehiago zergen progresibotasuna atzerantz doanean. Lehiakortasuna, berez, ez delako helmuga, bidea baizik. Lehiakortasuna ahotan hartzean buruan egiaz gizartearen ongizatea dutenen tasa, behintzat, ez dadila jaitsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.