Bada panikoa aipatu duenik, eta, egia da, inoizko danbatekorik latzenak hartzen ari direla Ibex-35 eta Bilbao-2000 gure indize gazteak; S&P edo Dow Jones Stoxx 600 agureak ere, 1987tik izandako jaitsiera egunik handiena izan zuten eta Nikkei eta enparauak ere, hor nonbait. Crash edo krisi, «kraxkateko» edo danbateko, akzio azoken gainbeherak ez du oraingoz etenik. Hori bai, atzo ere 5.751 milioiren akzioak salerosi ziren eta, burtsatik diruarekin atera zirenek, dirua burtsara eraman zutenekin egin zuten topo. Esan nahi baita, atzo burtsan inbertitu zuenik egon zela.
Santander edo BBVAren akzioek %11na galtzea harrigarria da; Renovablesek %15 edo Accionak %13. Baina Iberdrolak %10,57 galtzea posible ote? Egun bakarrean hainbeste jaitsi ote da etorkizuneko mozkinen balio eguneratua? Noiz eta interes tasek beheranzko itxura osoa dutenean? Non eta argindarra (!) ekoizten duen enpresa handi, dibertsifikatuaren kasuan? Hainbat lurraldetan monopolioa izanda? Petrolioa gainbehera doalarik?
Azalpen posible bakarra, arrisku gainsariarena da; interes tasak edo etorkizuneko mozkinak baino, egongaiztasunak eragin duen beldurrak azaltzen du danbatekoaren zergatia. Etorkizuneko izate horrek duen zalantza puntuari ihes egin dio hainbatek, azken egunetan; korrika ihes egin ere. Aldiz eta, Wall Street bart nola mugitu zen ikustea besterik ez dago, txerritxo ehiztari abilenak eskupeta prest izaten du beti. Urdurienek ospa egiten dutenean hondoa joko du burtsak eta, aspaldiko urterik txarrena izanda ere, izango da patrikak bete diru urtea amaituko duenik. Hori bai, aintzinako prezioei erreparatuz bizitzeak ez du zentzurik: jaunok, azken urtean 12 euroz gora ibili den Iberdrolaren akzioak, 5,16 euro balio ditu orain. Edurnezuri 23 eurotik 13ra amildu da. Hori bai, enpresa horiek mozkinak izaten jarraitzeko aukera osoa dute. Eta zuk euren zati bat erosteko merkealdi paregabea duzu; galtzea axola ez zaizun dirurik baldin baduzu, bistan da. Egin joku!
ANALISIA. Kraxkatekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu