Andorra, jada ez hain paradisu

Urte berriaren hasierarekin batera, banku sekretua ezabatu du Pirinioetako herrialdeak. Bost bankuetako bezeroen informazioa automatikoki trukatuko du Europako Batasuneko ogasunekin. Bankak espero du bezero ihes handirik ez izatea, eta nazioartekotzean jarrita dauka itxaropena.

Gizonezko bat protesta egiten, Madrilen, Banco Madriden bulego aurrean —Andorrako BPAarena zen—, 2015eko martxoan. CHEMA MOYA / EFE.
Jon Fernandez.
2017ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Banku sekretu barik, ez dago paradisurik. Bada, Andorrak, urteetan paradisu fiskal izan denak, ezabatuta dauka banku sekretua urte berria hasi zenetik. Urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean Pirinioetako estatu katalanak Europako Batasunarekin sinatutako Informazio Truke Automatikorako Akordioa, Andorrak joan den azaroaren 30ean lege gisa onartu zuena. Ogasunetako iruzurgileentzat orain arte zerga paradisu izan dena, beraz, ez da hain paradisu jada.

Herrialdeko bost bankuek—Andbank, Banc Sabadell d'Andorra, Credit Andorra, MoraBanc eta Vall Banc— bezeroen inguruko xehetasunak eman beharko dizkiete Andorrako Finantza Ministerioari, tartean informazio fiskala; eta hark, aldi berean, atzerriko bezeroen jatorrizko herrialdeetako ogasunei bidaliko die informazioa. Hartara, herrialde bakoitzean agerian geratuko da zergapetu ez eta Andorrako bankuetan gordeta dagoen dirua.

Bankuek eta EBko ogasunek trukatuko duten informazioa OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak ezarritako irizpideen araberakoa da. Honako datu hauek trukatuko dituzte: bezeroaren izena edo onuradun nagusiaren izena —enpresa bat baldin bada—; jaioteguna; bizi den herrialdearen izena; identifikazio fiskala edo egoitzafiskala; bankuko kontuaren zenbakia, kontuan daukan zenbatekoarekin, mozkinekin eta diru sarrerekin.

Urtebete datuak biltzeko

Badaude salbuespen kasu batzuk: pentsio planekin edo aurrezki seguruekin zerikusia daukaten produktuak—urtean 47.200 eurotik beherako ekarpenak egiten badituzte edo milioi bat eurotik beherako saldoa badaukate—. Kasu horietan, bankuek ezkutuan gorde ditzakete datu batzuk.

Bankuek 2017 osoa daukate milioi bat eurotik gora daukaten bezeroen informazio guztia biltzeko. Esther Puigcercos ABA Andorrako Bankuen Elkarteko zuzendari nagusiaren esanetan, bankuak dagoeneko harremanetan daude bezeroekin. 2017a amaitzerako bankuek informazio guztia Andorrako Finantza Ministerioari helarazi ez badiote, hark neurriak hartuko ditu. Legearen arabera, ministerioak250.000 eurora arteko isunak jarri ahal izango ditu.

Kontuan milioi bat eurotik behera daukaten bezeroen informazio biltzeko, berriz, urtebete gehiago izango dute bankuek, 2018ko ekainaren 30era arte. Andorrak orduan egingo du bezero horien lehen informazio truke automatikoa, eta, harrezkero, urtero egin beharko du.

Bankuetako bezeroek azken hilabeteetan erabaki behar izan dute zer egin euren diruarekin, 2016a amaitu baino lehen: erregularizatu eta dagokion ogasunean zergak ordaindu; dirua segurtasun kutxa batean gorde; dirua gastatu; egoitza fiskala aldatu; edo informazio truke automatikorik ez dagoen herrialdeetara eraman dirua —AEBek, adibidez, ez dute sinatu AEoI trukeko nazioarteko ituna—. Diru beltza Andorran zuten espainiar gehienek 2012an PPren amnistia fiskala baliatu zuten erregularizatzeko.

Aukera berriak

Banku sekretua ezabatzea, hain zuzen, aldaketa handia da urteetan paradisu fiskal izan den herrialdearentzat. Hala ere, aldaketa ez dela ikaragarria azpimarratu du Puigcercosek, urteak daramatzatela truke automatikora moldatzen, eta orain datorrena bide horretako azken pausoa baino ez dela.

Dena dela, ikusteko dago, joko arau berriak ezarrita, Andorrako bankuetako bezero askok ihes egingo ote duten. Bezero dirudunak arrapaladan ihesi joatea saihesteko, ABAk espero du berme gisa balio izatea herrialdeko bankaren nazioartekotze handiak eta banka pribatuan daukan urteetako esperientziak.

Erabat Andorrakoak diren hiru bankuek —AndBankek, Credit Andorrak eta Morabancek— filialak dituzte AEBetan, Luxenburgon, Uruguain eta Suitzan. Horrez gain, AndBankek bulegoak ditu Espainian —Inversis erosi zuen 2012an—, Bahametan, Brasilen, Mexikon, Monakon eta Panaman. Credit Andorrak, bestalde, bulegoak ditu Espainian —Banco Alcala bereganatu zuen 2011n—, Mexikon, Panaman, Perun eta Txilen ere.

Beste bi banku handiak, kanpoko bankuen adarrak dira: Banc Sabadell d'Andorra, Kataluniako Sabadell bankuarena; eta Vall Banc —lehengo BPA—, AEBetako J.C. Flowers funtsaren esku dago. Hain zuzen ere, azken banku eskandalu handiena BPA Banca Privada de Andorrarena izan zen, iaz. Estatuak nazionalizatu egin behar izan zuen, AEBek salatu eta gero dirua zuritzen zuela nazioarteko krimen sareentzat.

Banka sektoreak neurriz kanpoko garrantzia dauka Andorrako BPG barne produktu gordinean, %21. Bost bankuek 45.214 milioi euroren baliabideak kudeatzen dituzte; kopuru izugarria 77.000 biztanleko herrialde baterako. Turismoak ere pisu handia dauka: urtean bederatzi milioi bisitari jasotzen ditu. Eskia, paradisu fiskal izatea eta prezio merkeagoak izatea dira turistentzako amu nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.