Antxoa gaztearen biomasa gehieneko historikoetan dago Bizkaiko golkoan

Aztik kalkulatu du 725.000 tonako antxoa biomasa dagoela. Hurrengo urteko arrantza kuota aurtengoaren parekoa izatea espero du

Getariako Santa Luzia Hiru arrantzontzia, antxoatan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Irune Lasa.
2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Antxoaren kanpainaren gorabeherek 3.500 langileri eragiten diete zuzenean Bizkaian eta Gipuzkoan, bai arrantza sektorean, baita kontserba eta elikagaien industrian ere. Horregatik, eta antxoaren harrapaketak bost urtez etenarazi zituen kolapsoa ondo gogoan, antxoaren Bizkaiko golkoko biomasaren neurketen emaitzek garrantzi berezia dute.

Hurrengo urtean heldutasunera iritsiko den biomasaren kantitatea ezagutzeko, Azti-Tecnaliak zuzendutako Juvena kanpainak antxoa gaztearen kantitatea eta banaketa aztertzen ditu irailero. Eta aurtengo zientzia kanpainaren arabera, 2003. urteaz geroztik neurtutako maila handienean dago antxoa gaztearen biomasa, 725.000 tonatan, iazko maila handia mila tonatan gaindituta. Antxoa gazteek batez beste 6,5 zentimetroko neurria dute, eta plataforma kontinentaletik kanpora aurkitu dituzte.

Azti-Tecnaliaren eta Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu horiek «datorren urterako errekrutamendu handia iragartzen dute, eta baliabidearen egoera ona berresten». Arrain kantitatea zuhurtziazko biomasaren gainetik egonda, 2018ko arrantzaldirako urteko harrapaketa kuota aurtengoa bezalakoa izatea espero dute, hots, 33.000 tonakoa.

Antxoa gazteen datuek, era berean, erakusten dute espeziea suspertuta dagoela, 2005. urtetik 2009ra antxoa arrantzatzeko debekua ekarri zuen kolapsoaren ondoren. Alde horretatik, Bittor Oroz Jaurlaritzako Arrantza sailburuordeak azaldu du «soilik kudeaketa jasangarri baten bitartez bermatu ahal izango dela espeziearen iraupena eta arrantza honek sortzen duen jarduera ekonomikoaren etorkizuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.