Bizkaiko Golkoko uretan bizi diren urtebetetik beherako antxoen kopurua 114.000 tona ingurukoa da. Batez besteko kopuruen azpitik dago zifra hori, baina, oro har, "maila onean" dago antxoaren biomasa —helduen kopurua "gehieneko historikoetan" baitago— , eta "arriskurik ez" dago, beraz, 2020ko kanpainarako. Hori ondorioztatu du AZTI ikerketa zentroak, urtero argitaratzen duen Juvena txostenean.
Aztik abuztuan kaleratu zuen antxoa helduei buruzko azterketa (Bioman), eta 190.000 tona zeudela kalkulatu zuen. Kostera bermatzeko gutxienezko biomasa 21.000koa da —helduak soilik arrantza daitezke—.
AZTIko zientzialariak 1987. urtean hasi ziren espeziearen biomasa neurtzen, eta aurtengoa izango litzateke kantitate erregistraturik handienetako bat. Azken hamarkadan, kopuruak nabarmen egin du gora, 2005etik 2009ra debekatuta egon baitzen antxoa harrapatzea Bizkaiko golkoan. Ikerketaren arduradun Guillermo Boyak azaldu duenez, datuek aukera ematen dute arrantza agintariei gomendioak emateko, urteko harrapaketa kopuruak zehazteko eta arrantzarako lekuak ireki ala ixteko.
Euskal Herrian 3.500 lagunek baino gehiagok egiten dute lan arrantzan, eta arrainen kontserben eta elikaduraren industrietan. Antxoa espezie garrantzitsua da arrantzaleentzat; zenbait kalkuluren arabera, beren diru sarreren %30-40 lortzen dute hori salduta. Kanpaina ona izan dute aurten.
376.000 tona gutxiago
Aurten, antxoa gazteen kopuruak nabarmen egin du behera, iaz eginiko azterketarekin alderatuta: 376.000 tona gutxiago. Boyak aitortu du "batezbesteko historikoen azpitik" dagoela aurtengo zifra, kopuru "ertain-baxuak" direla, baina azaldu du "gorabehera handiak" egon ohi direla antxoa gazteen kasuan, ingurumen faktoreengatik eta beste arrazoi batzuengatik; legez kanpoko arrantzak, esaterako.
Aztiko ikertzaileak irailean ontziratu ziren. Ultrasoinu sistemen bidez ezarri dituzte antxoa gazteen zenbatekoa eta kokapena. Era berean, ondorioztatu dute arrain horien batez besteko tamaina 6,1 zentimetro ingurukoa dela.
Horrez gain, ingurumen faktoreekin loturiko datuak ere jaso dituzte, espeziearen iraupenari eragiten dioten prozesuak ulertzeko. Besteak beste, antxoaren eta beste arrain eta ugaztunen arteko harremanen ingurukoak; uraren tenperaturarekin, gazitasunarekin edo uhertasunarekin loturikoak; eta elikagaiaren eskuragarritasunari buruzkoak.