Turismoa

Apartamentu turistikoek iaz baino ia %25 lagun gehiago hartu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Gipuzkoako hazkundea da nabarmenena (%40,2). Nafarroako hotelek hartutako bisitari kopuruak ere gora egin du.

12601514
Etxe turistiko baten sarrera, Donostiako Gros auzoan. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko urtarrilaren 24a
12:15
Entzun

Turisten kopuruek markak hausten jarraitzen dute, eta sektorearen hazkundean bada asko ugaldu den ostatu mota bat: apartamentu turistikoa. Eustatek emandako datuen arabera, halakoek hartutako bisitari kopuruak %24,7 egin zuen gora 2023an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hoteletako bisitari kopurua %10,4 handitu da, eta landetxeetakoa, berriz, %2,3.

Hiru herrialdeetan gainditu dituzte 2022ko datuak, baina nabarmenen Gipuzkoan: %40,2 ugaritu dira apartamentu turistikoek hartutako bisitariak. Bizkaian, %20,4, eta Araban, %13,9. Apartamentuetako bisitari kopuruak (176.781) gainditu egin du landetxeetan izan direnen kopurua (172.918), eta gaualdietan are nabarmenagoa da aldea: apartamentu turistikoetan gau gehiago egin dituzte turistek (627.157) nekazari etxeetan baino (446.374).

Eustatek aterpetxeen gaineko datuak ere eman ditu, bigarrenez. Haietan, gainontzeko alojamentu mota guztietan bezala, goranzkoa da joera (%7,6). Araban izandako hazkundea da azpimarragarriena (%34). Hiru lurraldeetan, 222.174 lagunek pasatu dute gutxienez gau bat aterpetxeetan.

Nafarroako hotelak

INE Espainiako Estatistika Institutuak eman ditu Nafarroako hotelen inguruko datuak, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako joera berretsi dute: 2022an baino %5,3 bisitari gehiago izan dituzte. Gaualdiek %5,6ko hazkundea izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.