Turisten kopuruak markak hautsi ditu berriro Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eustatek 3.687.240 sarrera zenbatu ditu hoteletan eta antzerako ostatuetan, eta 7.214.545 gaualdi. Hiriburuetan antzeman da igoera, Gasteizen batez ere.

Turistak
Turistak Donostiako udaletxearen aurrean, iazko irailean. Maialen Andres/FOKU
aitor biain
2024ko urtarrilaren 23a
13:30
Entzun

Turismoaren alorra errekor guztiak hausten ari da urterik urte, eta 2023ko datuak ez dira salbuespena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelek iaz izandako datuek garbi uzten baitute bisitarien kopurua handitu baino ez dela egin azken urteotan. Eustatek emandako datuen arabera, 3.687.240 pertsonak igaro zuten gutxienez gau bat hiru herrialdeetako ostatuetako batean. Inoizko kopururik handiena da.

Iazko datuekin alderatuta, %10,4 handitu da bisitari kopurua, eta %12 turista horiek aterpea hartuta igaro zituzten gauen zenbatekoa. Pandemia aurretik izandako sarrera eta gaualdiak baino gehiago zenbatu ditu Eustatek 2023an ere, 2019an baino %15 inguru gehiago izan baitira. Herrialde guztietan ez dira berdin ugaritu, hala ere; Bizkaian (%11,5) eta Araban (%11,2) handitu da batez ere bisitari kopurua, nahiz eta Gipuzkoan ere izan den igoerarik (%8,8).

Dena den, 2023an gehien handitu diren turismo ereduetako bat hirietakoa izan da, eta hori Gasteizen nabaritu da batez ere: 385.087 turista hartu ditu guztira (%14,8 handitu da kopurua); 960.282 turista hartu ditu Donostiak (+%11,3), eta 1.151.352 Bilbok (+%10,9). Igoera hori gaualdi kopuruetan ere antzeman da, eta antzekoa izan da bilakaera hiriburuei dagokienez: Gasteizek izan du igoerarik handiena (%23,3), Bilboren (%12,9) eta Donostiaren (%11,4) aurretik.

Egonaldiak eta tarifak ere, gora

Batez besteko egonaldia ere luzatu egin da, ia bi egunera; 1,96 egunekoa izan zen iaz. Aurreko urtean baino zertxobait luzeagoa da: 1,93 egunekoa izan zen 2022an. Hala ere, ez da gainditu pandemia aurreko (2019) marka, batez beste 1,97 egunekoa izan baitzen orduan egonaldia. Araban egin du gora gehien (1,87tik 1,98ra); Gipuzkoan pixka bat igo da (1,97tik 1,99ra), eta Bizkaian apenas egon den aldaketarik (1,91tik 1,92ra).

Hotelen betetze mailak, hori bai, aise gainditu ditu iazko datuak, baita pandemia aurrekoak ere. 2023an %57,8koa izan da okupazio tasa, aurreko urtean baino ia %4 handiagoa. Ostatuen betetze maila gelaka neurtuta ere, bost puntu handiagoa izan da 2022ko datuekin alderatuta; ia puntu erdi egin du gora 2019tik.

Aterpe hartzeagatik ordaindutako prezioak goranzko joerari eusten dio. Batez besteko tarifa 108 eurokoa izan da 2023an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iazkoa baino 9,52 euro garestiagoa. Gipuzkoan izan da batez besteko tarifarik garestiena (125,55 euro), eta hura garestitu da gehien (+%10,7) iaztik, halaber. Hiriburuetan ere antzekoa da aldea: Donostia izan zen garestiena (151,62 euro), baina Bilbo garestitu zen gehien (+%10,4).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.