BEZaren igoerak ez bezala, argiarenak ez du atzeratzeko itxurarik. Apirilaren 1ean bertan etor daitekeela iradoki du Espainiako Gobernuak, nahiz eta ez den garbi esatera ausartu. Balizko igoera horrek hamarren bat edo beste gehituko lioke inflazioari. Otsailean prezioak ez ziren igo Hego Euskal Herrian, merkealdiaren amaierak konpentsatu zuelako petrolioaren garestitzea. Urte arteko inflazioa hamarren bat jaitsi da, %2,1etik %2ra.
«Ez dut baztertzen urteko bigarren hiruhilekoan igoerak izatea», esan zuen atzo Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak, Madrilen emandako hitzaldi batean. Igoera horrekin aurre egin nahi dio Espainiako Gobernuak tarifaren defizitari, hots, herritarrek eta enpresek elektrizitatearen kostu osoak ez pagatzeak dakarren zorrari. Edonola ere, Hego Euskal Herriak eta Espainiak dute EBko elektrizitaterik garestiena, Maltaren eta Zipreren ondoren.
Industria Ministerioa tarifaren defizitari behingoz aurre egiteko sistema baten bila dabil. Iaz, ia beste 3.500 milioi euro handitu zen, eta jadanik 25.000 milioikoa da. Soriaren arabera, oraindik ez dute erabaki nork eta nola pagatuko duen zor hori, baina baztertu egin du eragile bakarraren bizkar egitea. Prentsak kaleratu duenaren aurka, zorra kitatzea edo txikitzea baztertuta dagoela dio Soriak, baina guztia kontsumitzaileak pagatzea «jasangaitza» izango litzatekeela aitortu du. Estatuak osorik bere gain hartzea ere baztertuta dago, defizit publikoa handituko lukeelako.
Proposamen osatua aurkezteko denbora gehiago behar duela adierazi du Soriak, baina aitortu du apirilean «koiunturazko neurriak» hartuko direla. Horien artean, herritar gehienek ordaintzen duten TUR tarifa arautua igotzea: «Gezurra esango nuke har daitezkeen neurrien artean tarifak igotzea dagoela ukatuko banu».
Argindarraren sektorearen barruan ere zatiketa handia dago. Batetik, Unesa elkartean biltzen diren konpainia handiak daude, Endesa eta Iberdrola buru dituztela. Haiekin aurrez aurre daude eguzki energia sustatzen dutenak, oso haserre, uste dutelako ez dutela diru laguntzarik jasoko jadanik egin dituzten inbertsio batzuen truke.
Apirilean argindarra igoko duela iradoki du Espainiako Gobernuak
Otsailean prezioek ez zuten igoerarik izan Hegoaldean, eta inflazioa %2,1etik %2ra jaitsi da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu