Apirilean, dena garestiago

Argindar konpainien arabera, sarbideko tarifa %35 igo beharko luke Espainiako Gobernuak, eta azken prezioa %17Butano bonbonak %2,9 gehiago balioko du, eta Renfeko bidaia txartelak %7 gehiago

2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Urtarrileko aldapa gainditzerako, apirilekoari aurre egin beharko diote herritarrek, udaberriarekin ia dena garestituko baita: argindarra, butano bonbona, tren zerbitzua...

Argindarra

Apirilean argindarra garestitu egingo da Hego Euskal Herriko erabiltzaile gehienentzat. Inork zalantzarik bazuen, atzo Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak berak ziurtatu zuen. Zenbat garestituko den, hori da orain galdera, baina dezente izango dela dirudi. Izan ere, hiru hileroko berrikusketa egiteaz gain, Espainiako Auzitegi Gorenaren agindua bete beharko du gobernuak. Zer agindu? Urtarrileko tarifen izoztea legez kanpokoa dela esan, eta atzerako eraginarekin igotzera behartzen duena.

Argindarraren tarifak bi zati izaten ditu. Erdia, araututako jarduerei dagokiena —sarbideko tarifa deitzen zaio—, Industria Ministerioak erabakitzen du; beste erdia, berriz, energiaren kostuei dagokiena, argindar enpresek erabakitzen dute, enkante bidez. Abenduko enkantean jaitsi egin zen argindar eskaria eta baita haren prezioa ere. Hori baliatuta, Espainiako Gobernuak %10 berari dagokion partea, eta argindarraren prezioak igoerarik gabe jarraitu zuen. Baina Iberdrolari eta Endesari ez zitzaien nahikoa iruditu, eta ezta Espainiako Auzitegi Gorenari ere. Kopuru hori ez dela jarduera arautu guztiak pagatzeko adinakoa eta tarifek eragindako defizita handituko lukeela dio autoan. Horregatik, igotzeko agindu dio.

Industria Ministerioa kontuak ateratzen ari da. Aldiz, argindar konpainiek dagoeneko atera dituzte. Auzitegi Gorenak agindutakoa egoki betetzeko, gobernuak sarbideko tarifa %35 igo behar lukeela uste dute. Horrek, argindarraren azken prezioa %17 igotzea eragingo luke. Gainera, igoera atzera eraginarekin jarri beharko du indarrean.

Horrek gain, hiru hilean behineko berrikusketa tokatzen da. Argindar ekoizle eta merkaturatzaileek martxoaren 22ko enkantearen emaitzaren arabera erabakiko dute fakturan dagokien partea. Gobernuak oraindik ez du aurreratu zer egingo duen.

OCU eta Facua kontsumitzaileen elkarteek gogor kritikatu dute tarifa igotzeko Espainiako Gobernuaren erabakia. Haien esanetan, herritarrek ez dute tarifek defizita eragin izanaren errurik.

Butano bonbona

Butano bonbonaren salneurriak ere %2,9 egingo du gora datorren hilaren hasieran. Horrela, 12,5 kilogramo pisatzen dituen bonbona batek 15,53 euro balioko du —orain 15,09 euro balio du—.

Petroliotik eratorritako gas likuatuen operadoreen Espainiako elkartearen arabera, ordea, garestitzeak askoz handiagoa izan behar luke. Salneurria %8,69 igo eta bonbona bakoitza 16,88 euroan salduta ere, operadoreek bonbonako ia bi euro galduko lituzketela ziurtatu du elkarteak.

Tren zerbitzua

Espainiako Gobernuak oraindik ezer ziurtatu ez duen arren, hainbat informazio iturrik diote Renferen zerbitzua batez beste %7 garestitzea aztertzen ari dela Sustapen Ministerioa. Ibilbide luzeko bidaia txartelen eta abiadura handiko tren zerbitzuaren prezioa igoko ei ditu gehien,baina gainontzekoak ez dira libratuko, ibilbide ertaineko eta aldiriko zerbitzuak ere garestitu egingo dituelako. Gobernuak diru sarreretan izango duen jaitsiera orekatzeko beste maniobra bat litzateke.

Normalean, Sustapen Ministerioak urte berrirako sarrera baliatzen du Renfeko bidaia txartelek prezioa igotzeko. Baina aurten ez zuen hala egin, boterean astebete baino gutxiago zeramalako eta denborarik izan ez zuelako. Baina garaiz egin ez izanak ez du esan nahi egingo ez duenik, eta itxura guztien arabera apirilaren 1a baliatuko du horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.