Sindikatuen arabera, langile publikoen grebak aurrekoek baino erantzun zabalagoa izan du

Nagusiki garraio publikoan, hezkuntzan eta EITBn izan du eragina, eta 28.000 lagun inguru elkartu dira manifestazioetan. Jaurlaritzak esan du grebara deitzeko erabili dituzten argudio batzuk ez direla egiazkoak.

(ID_13695743) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2024-03-12, Bilbo. EAEko sektore publikoko greba eguna, ELA, LAB, CCOO, ESK eta STEILAS si...
Sektore publikoko greba BIlbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko martxoaren 12a
09:05
Entzun

Sektore publikoko langileak grebara deituta daude gaurko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; denera, 150.000 behargin baino gehiago. Urte erdiko epean egiten duten hirugarren lanuztea da, ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek deituta —ordezkaritzaren %80 baino gehiago—. Manifestazioak eguerdian egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta, antolatzaileen hitzetan, denera 28.000 lagun elkartu dira. Abenduaren 19koekin alderatu, eta adierazi dute «orain arteko mobilizazio jendetsuenak» izan direla. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote jarrera aldatu eta sindikatuekin negoziatzeko.

Zerbitzu publikoen alde, soldatak eta enplegua hemen adostu lelopean antolatu dituzte protestak. Diotenez, aldundiek eta Jaurlaritzak ez dute borondate politikorik euren lan baldintzak hemen negoziatzeko, eta baldintzak zein zerbitzua hobetzeko aukera bakarra da mobilizazioekin jarraitzea. Gainera, sindikatuek gaitzetsi dute ez dutela erakundeen deirik jaso grebara deitu zutenetik. Oraingoan, Satse erizainen sindikatuak ez du babestu deialdia.

Jaurlaritzatik Bingen Zupiria bozeramaileak erantzun die; esan du grebara deitzeko erabili dituzten argudio batzuk ez direla egiazkoak; esaterako, zerbitzu publikoak pribatizatzen ari direla eta langile publikoen lan baldintzek okerrera egin dutela. Elkartasuna adierazi die lanuzteen ondorioak nabaritu dituztenei, eta, gehitu du, dituzten datuen arabera, grebak «eraginen bat edo beste» izan duela garraioan eta hezkuntzan.

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, berriz, adierazi du ez dagoela grebara deitzeko arrazoirik: «Negoziazio mahai guztiak irekita dauzkagu sindikatuekin». Bide beretik jo du Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak; azpimarratu du «ulertzeko oso zaila» dela deialdia, eta nabaria dela hauteskundeen atarian jeltzaleei kalte egiteko asmoa.

EH Bilduko Pello Otxandiano lehendakarigaiak, ordea, arrazoi nahikoak ikusten ditu sektore publikoa grebara ateratzeko. Besteak beste, administrazioak «eraldaketa sakona» behar duela berretsi du, eta sektore publikoak aldaketa teknologikorako norabide bat sortu behar duela. «Horretan inbertitu behar dugu. Administrazio gaitu eta eraginkor bat lortzeko, administrazioa modernizatu egin behar da».

Sumarreko Jon Hernandez legebiltzarkideak ere adierazpenak egin ditu, eta guztiaren gainetik «zerbitzu publikoen etengabeko hondatzea» azpimarratu. «Zerbitzu publikoen etengabeko narriadura prozesua bizi dugu Euskadin, EAJk, PSEren laguntzarekin, urteetan bultzatu dituen pribatizazio politiken ondorioz. Haren kudeaketa eredua publikoa argaltzean datza, sektore pribatuaren parte bat gizentzeko, kontrata, adjudikazio eta kontzertu publikoen kontura bizi baita».

«Erantzun zabala»

Era batera edo bestera, greba goizean goizetik nabaritu da; nagusiki, garraio publikoan. Euskotren gutxieneko zerbitzuak ematen ari da, %30ekoak, eta horrek jende pilaketak eragin ditu, besteak beste Bilboko metroan eta aldiriko trenetan. Renfekoetan ez, hango langileak ez baitaude deituta lanuztera. Goizak aurrera egin ahala, lasaitu egin da egoera.

Pikete informatiboak ere izan dira; esaterako, Eusko Jaurlaritzaren egoitzen parean, hiriburuetako udaletxeetako atarietan eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen campusen sarreretan. Dena den, Segurtasun Sailak azaldu duenez, ez da grebarekin lotutako istilurik izan inon. EHUn eta ikastetxe publikoetan nabaria izan da grebaren eragina, baita EITBn ere. Hori berretsi dute sindikatuek, eta sektore horietan «erantzun zabala» izan dela adierazi dute. Irakasleen artean, adibidez, %65ek egin du greba.

Osasun zentroak

Osakidetzan ez du ia eraginik izan deialdiak. Sindikatuek gehiegizko gutxieneko zerbitzuei egotzi diete errua, grebaren oihartzuna baldintzatu dutelako. «Adibidez, gaueko txandako langileetako ia inork ere ezin dezake greba egin», gaitzetsi dute. Horrek azaltzen du Osasun Sailak gaueko txandan grebak izan duen erantzunari buruz emandako datua: %0. Goizeko txandan %4,6koa izan dela gehitu du.

Bestalde, grebak hainbat esparrutan izandako erantzunaren berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Esate baterako, Administrazio Orokorreko langileriaren %9,83k greba egin du. Ikastetxeetako zuzendaritzek bidalitako datuen arabera, eta ikastetxe publikoen %89ren gaineko informazioa jasota, ikastetxe horietako irakasleen %33,8k bat egin du grebarekin. Azkenik, Segurtasun Sailak igorritako datuen arabera, sail horretan lan egiten duten langile guztien %2,52k egin dute bat grebarekin.

ESK-k salatu du langileen greba eskubideak oztopatzeko ahaleginak egin dituztela Barakaldo-Sestaoko ESI erakunde sanitario integratuan (Bizkaia), ebakuntzak programatu dituztelako, baita grebari buruzko kartelak eta pankartak kendu ere.

Administrazio orokorrari eta justiziari dagokienez, sindikatuek esan dute oihartzuna «aurrekoan baino zabalagoa» izan dela, nahiz eta ezberdintasun handiak izan diren lurralde bakoitzean. Hortaz gain, jakinarazi dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bat egin duela lanuztearekin, eta gaur Iruñean eman behar zuen kontzertua bertan behera geratu dela.

Zazpi eskaera ZEHATZ zerbitzu publikoak hobetzeko

  1. %10eko soldata igoera, eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.

  2. Pribatizazioei atea ixtea, eta publifikazio planak adostea.

  3. Enplegu publikoa sortzea eta egonkortzea, behin-behinekotasuna %8ra jaitsiz.

  4. Lan kargak arintzea, lantaldeen osasuna bermatuz.

  5. Politika feministak eta berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.

  6. Administrazioak eta langileak euskalduntzea.

  7. Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean ipintzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.