Kontu publikoak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek %2,4 gehiago bildu dute urrira arte

Hiru ogasunen bilketa 299 milioi euro handiagoa da 2018ko epe berean baino, eta dagoeneko 12.744 milioira iritsi da.

Finantzen Euskal Kontseiluaren azken bilera, Gastezen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2019ko azaroaren 15a
14:19
Entzun

Finantzen Euskal Kontseiluaren helburutik ez dago urrun ogasunek egindako bilketa urrira arte; izan ere, 2019rako %2,7ko igoera aurreikusi du organo horrek, 15.386 milioi euro guztira. Arabak gaur bertan eman ditu jakitera urriko datuak, eta Bizkaiak eta Gipuzkoak emandako informazioa osatu du: urteko lehen hamar hilabeteetan %2,4 hazi da bilketa (299 milioi euro), 12.744 milioi aurora arte.

Lurraldeka, Bizkaian igo da gehien bilketa, %2,8 hazi baita, 7.096,9 milioi eurora arte;  Gipuzkoan ere gora egin dute ogasunaren sarrerek, %2,8ko helburu orokorraren azpitik, baina ez urrun, %2,2 hazi baita (3.800 milioi euro); eta Araban, berriz, apalago dabil, baina hazten: %1,2 igo da, 1.848 milioi eurora arte.

Errenta zerga gora, sozietate zerga behera

Lan errentek egin diote berriro ekarpen handiena bilketari, eta urrira arte gehien hazi den atala hori izan da, hiru lurraldeetan gainera. BEZaren bilketak ere gora egin du, kontsumoak gora egin duelako seinale, ogasunen arabera. Behera doana sozietate zerga da, eta joera hori ere hiru lurraldeetan islatu da urteko lehen hamar hilabeteetan. Bizkaian -%9,3 izan da enpresen irabaziak zergapetzen duen tarifaren bilketaren eboluzioa; Gipuzkoan -%2,1koa izan da; eta Araban -%5,9.

Sozietate zergaren ekarpena gero eta txikiagoa  da, beraz, eta gero eta handiagoa errenta zergarena, soldatapekoek pagatzen dutena. Bizkaian %4,3 egin du gora PFEZak, eta horren barruan %5,6 igo da lan errenten ekarpena. Gipuzkoan %5,9 egin du gora kontzeptu horren bilketa, eta PFEZ osoarena %3,7. Araban, aldiz, -%1,6 izan da PFEZaren bilketaren emaitza, urrira arte betiere. Amatasun eta aitatasun prestazioen itzulketak eragin du jaitsiera hori, baina lan errentei dagokien ekarpen zehatzak %4,9 igo da 2018ko epe berarekin alderatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.