Arabako aldundiak PPren babesa lortu du errenta zerga deflatatzeko

Landa eremuetako biztanleentzat eta mendeko kideak dituzten familientzat kenkariak handitzea hitzartu dute Gonzalezek eta Oiarzabalek. Nafarroako Parlamentuak bihar onartuko du %4ko deflatazioa dakarren zerga erreforma.

ramiro gonzalez
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia Arabako Batzar Nagusietan. Ezkerrean, Iñaki Oiarzabal PPko buruzagia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko abenduaren 20a
13:30
Entzun

Araban ere aurrera egingo du PFEZ errenta zergaren deflatazioak, PPren botoei esker. Trukean, Arabako aldundiari eusten dioten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, ontzat hartu dute kenkariak handitzea mendekotasuna eta elbarritasuna duten pertsonentzat, mendekoak zaindu behar dituzten familientzat, eta 500 biztanletik beherako herrietan bizi direnentzat.

Finantzen Euskal Kontseiluak urriko bileran hitzartu zuen errenta zergaren tauletan %2,5eko deflatazioa egitea. Hau da, errenta zergan tasa bat edo bestea ordaintzea eragiten duten tauletan %2,5eko igoera ezartzea, hartara, inflazioaren eta soldaten eguneratzearen ondorioz zergapekoek tasa handiago bat ez ordaindu behar izateko.  

Akordio horren arazoa zen deflatazio hori proposatu zutenek ez zutela gehiengo osorik neurria onartu behar zuten erakunde guztietan. Bizkaian bai, baina ez, ordea, Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, horietan ez baitute gehiengo osorik EAJk eta PSE-EEk: 51 batzarkideetatik 24 dituzte lurralde batean zein bestean.  

Gonzalez-Oiarzabal bilera

Arabako korapiloa askatzeko bilera egin dute gaur goizean Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak (EAJ) eta Iñaki Oiarzabal Arabako PPko lehendakariak. Ados jarri dira, eta, horri esker, geroago bildu den batzar nagusietako finantza batzordeak ontzat hartu du errenta zergaren taulak eguneratzen dituen foru araua. Osoko bilkuran ere aurrera egingo du, PPko bederatzi batzarkideak batuko zaizkielako EAJko hamabostei eta PSE-EEko bederatziei.

Oiarzabalek azaldu zuenez, %3ko deflatazioa nahiago zuten, inflazioaren azken datutik gertuago dagoelako —Araban, %2,8—, baina pozik azaldu da landa eremuko herritarren zerga kenkaria 107 eurotik 200 eurora igaro delako, eta herri gehiagotan ezarriko delako.

Gipuzkoan, 2024ko aurrekontu proiektuari lotuta zegoen errenta zergaren taulen deflatazioa, baina proiektu hori bertan behera utzi du foru gobernuak, gutxiengoan dagoelako eta ez duelako beste talde baten babesa lortzerik izan. Gauzak horrela, deflatazioa ezartzeko beste bide bat bilatuko duela iragarri du aldundiak.

fortuna handien zerga, elkarrekin podemosekin

Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan gutxiengoan izanda, oposizioko taldeen babesa ezker-eskuin bilatzera behartuta daude Eider Mendozaren eta Ramiro Gonzalezen gobernuak, neurri nagusiak onartzeko. Batzuetan ez dute arrakastarik —Mendozak aurrekontuekin—, baina beste batzuetan bai: fortuna handien gaineko zerga aurrera ateratzeko, Elkarrekin Podemosen botoak ziurtatu dituzte EAJk eta PSE-EEk.

Nafarroan, berriz, parlamentua bihar da onartzekoa errenta zergaren deflatazioa: %4 igoko dira taulak 2024an, eta beste %3 2025ean. Zerga erreforma zabalago baten barrukoa da PFEZa inflaziora egokitzea. Besteak beste, handitu egingo dira zergapekoek egin ditzaketen kenkariak, handitu egingo dira alokairuari lotutakoak, eta txikitu egingo da etxeko langileei ordaindutako Gizarte Segurantzako kuoten kenkaria.

Maria Txibiteren koalizio gobernuak ere (PSN, Geroa Bai eta Zurekin) gutxienez beste talde baten babesa behar zuen erreforma hori aurrera ateratzeko, eta dagoeneko badauka. EH Bildurekin negoziatu ditu neurrietako batzuk, eta ziurtatuta dauka koalizio independentistaren abstentzioa. UPN aldeko botoa ematekoa zen, baina Iruñeko alkatetza galtzear egoteak erregionalisten botoa aldatu du.

ELA: «UPNren gustukoa»

Erreforma hori biguna dela ziurtatu du gaur ELAk, agiri baten bidez. «Erreforma fiskalak neurri guztiz eskasak onartzea dakar, Nafarroan dagoen egungo eredu fiskal bidegabea zuzentzeko balio ez dutenak», salatu du sindikatuak, eta gogorarazi du 1.900 milioi euro gehiago bilduko lituzkeela foru ogasunak, Nafarroako zerga presioa Europako batez bestekoa adinakoa balitz.

«Erreformaren edukia UPNren gustukoa da», esan du ELAk, eta nabarmendu du Iruñeko zentsura mozioaren aurretik aldeko botoa agindu zuela Javier Esparza UPNko buruak.

EH Bilduren jarrera kritikatu du sindikatuak, uste baitu haren zuzenketek ez dutela egiturazko neurririk. «Nafarroako zerga politika UPNk baldintzatzen jarraitzen du; izan ere, 2015etik [Barcinaren gobernuaren azken urtetik] gobernu bakar batek ere ez du bultzatu nahi izan fiskalitate eredu bidezkoagorik». ELAren ustez, «larria da talde parlamentario ezkertiar edo aurrerakoi batek ere ez planteatzea beste politika fiskal bati buruzko eztabaida, eta langileentzako alternatiba bidezkoagoak ez proposatzea gizarte eredua definitzeko funtsezkoa den gai honetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.