Patronalak eta sindikatuek «akordioaren bideari» eutsi egin diotela uste du LHK-k

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 48.000 beharginek hitzarmenik gabe jarraitzen dute, eta %45,7k eguneratu gabe daukate ituna. Greba eta erregulazio espediente gutxiago izan dira.

Lan Harremanen Kontseiluko arduradunak, Bilbon egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Lan Harremanen Kontseiluko arduradunak, Bilbon egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko uztailaren 10a
15:46
Entzun 00:00:0000:00:00

Patronalaren eta sindikatuen arteko harremanetan garai gozoa dutela pentsa daiteke, LHK Lan Harremanen Kontseiluak aurkeztutako azken txostena irakurrita. Hitzarmena eguneratuta daukaten Euskal Autonomia Erkidegoko langileak %54,3 baino ez dira, baina «baikorrak» izateko modukoa dela uste dute, «horri esker behera egin duelako greba kopuruak». Oraindik ikusteko dago zer gertatuko den metalaren Bizkaiko eta Arabako itunen negoziazioekin, abenduaren 31n iraungiko baitira, eta sektore hori da langile gehien biltzen dutenetariko bat, eta gatazkatsuenetariko bat. Bitartean, gutxi gorabehera beharginen %7k —48.000 pertsona inguruk— jarraitzen dute hitzarmen batek inoiz arautu gabeko jardueretan lan egiten, eta haietatik 28.000 inguru etxeko langileak dira.

Emilia Malaga Perez LHK-ko presidenteak jakinarazi ditu datu horiek, gaur goizean, Egoera Ekonomikoa eta Lan Harremanak EAEn 2024an txostenaren aurkezpenean, Bilbon. Hasi bezain laster, gogorarazi du 1.029.145 zirela ekainean Gizarte Segurantzara afiliatutako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleak. Negoziazio kolektiboari dagokionez, 2024a «mugarria» izan zela azaldu du Malagak, langileen %67,7k —2023an baino %3,9 gehiagok— hitzarmena eguneratuta zeukatela itxi baitzen urtea: «2012ko lan erreforma indarrean sartu zenetik izandako ehunekorik handiena», azpimarratu duenez.

%3,51

Soldatak zenbat igoko diren. 2025eko lehen sei hilabeteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan adostu diren itunetan %3,51 igo dira soldatak; Madrilen negoziatu direnetan, berriz, %2,58. Batez beste, %3,35.

2025ean ere, «aurreko bi ekitaldietan bezala, akordioaren bideari eutsi zaio», Malagak adierazi duenez: maiatzaren 31n, langileen %54,3k hitzarmena eguneratuta zeukaten, eta enplegu bolumen handiko hitzarmenak ari ziren negoziatzen.

Sei hilabete horietan adostutako lan itunek 67.070 behargini eragingo liekete: lortutakoen artean, Bizkaiko Ostalaritza eta Arabako Eraikuntza eta Herri Lanetako hitzarmenak aipatu ditu LHK-ko presidenteak. Lehenengoak 23.000 langileri baino gehiagori eragingo lieke.

Hala ere, txostenean ageri diren kopuru horien barruan ez dituzte kontuan hartzen hitzarmenek inoiz arautu gabeko jardueretan lan egiten duten herritarrak, EAEko negoziazio kolektiboak lan kontratua duten beharginen %93ri baino ez baitie eragiten. Aitzitik, langileen %7k —48.000 pertsona inguruk— lan itunek arautu gabeko enpleguetan jardungo lukete, eta gehienak, 28.000 inguru, etxeetan lanean ari diren emakumeak izango lirateke.

Grebak eta erregulazioak

Txostenaren arabera, lan gatazka gutxiago izan ziren 2024an: «Gatazkaren arrazoi nagusia negoziazio kolektiboa da. Hori dela eta, azken urteetan lortutako akordioek modua eman dute greba kopurua nabarmen murrizteko», Malagak aipatu duenez. LHK-k emandako datuen arabera, guztira 260 greba egin ziren iaz, eta 2023an 325 izan ziren.

«Gatazkaren arrazoi nagusia negoziazio kolektiboa da. Azken urteetan lortutako akordioek modua eman dute greba kopurua nabarmen murrizteko»

EMILIA MALAGALan Harremanen Kontseiluko presidentea

2025eko lehen hiruhilekoan ere berbera izan zen joera, greba kopuruak ez baitzuen gora egin. Bai, ordea, lanuzteetan parte hartu zuten beharginen eta bete gabeko lanaldien kopuruak. Malagak nabarmendu duenez, bete gabeko lanaldien %95,2 sektore publikoan deitutako greben ondorioz izan ziren: «Zehazki, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoko grebak bete gabeko lanaldi guztien %94,3 hartu zuen».

Enplegua erregulatzeko eskaerei dagokienez, 2024an 9.508 langileri eragin zieten. Haietatik %90,3 aldi baterako lan erregulazioengatik izan ziren, eta %9,7, lan harremana amaitzeko espedienteak. Behargin horien %83,7k industrian egiten zuten lan. «Hala ere, 2025eko datuek erakusten dute joera nolabait eten egin dela, eragindako pertsonen kopuruak behera egin baitu». Gauzak horrela, 2025eko maiatzera arte 3.322 langileri eragin zieten erregulazio espedienteek, hau da, aurreko urteko aldi berean baino %31,1 gutxiagori.

Lanaldiaren murrizketa

Lanaldiaren murrizketaz ere hitz egin du Malagak, hori ere txostenean jasota baitago. Arau aldaketa posible bati dagokionez, non urteko gehieneko lanaldia asteko 40 ordutik 37,5 ordura jaitsiko litzatekeen —1.712 ordu urtean—, LHK-k jasotako datuek adierazten dute sektoreko 133 hitzarmenetan izango lukeela eragina: EAEn negoziatutako 33 itunetan eta Espainian sinatu arren Araban, Bizkai eta Gipuzkoan eragina duten beste 100 hitzarmenetan. Horrez gain, enpresako beste 351tan.

«Ildo horretan, uste dugu hitzarmena indarrean edo luzatuta daukaten 281.828 langileri eragingo liekeela, eta haien lanaldia, orain 1.754 ordukoa, batez beste %2,4 murriztuko litzatekeela», Malagak azaldu duenez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.