Arabako merkataritzako langileek grebara deitu dute etzirako

Bizkaikoak gaur bilduko dira patronalarekin; akordiorik ezean greba deialdiari eutsiko diotela diote

Miren Garate.
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Bizkaiko merkataritzako langileek ez ezik, Arabakoek ere greba egingo dute etzi, merkealdien lehen egunean. ELAk, CCOOk eta UGTk egin dute deialdia. Beste lan hitzarmen bat eskatzen dute, azkena 2009koa baita. Sindikatuek azaldu dutenez, Unimoda patronalak KPIaren adinako soldata igoera eta hogei ordu gehiagoko lanaldia eskaini zien 2010erako. Sektoreko langile gehienek mila eurotik behera irabazten dutela eta zatikatutako lanaldia dutela azaldu du Oihana Lasagabaster langileen ordezkariek. «Patronalaren eskaintza onartzea lehendik txarrak diren baldintzak okertzea litzateke», dio.

KPIa + %1,25eko soldata igoera, izatezko bikoteek ezkonduen eskubide berberak izatea eta uztaileko azken bi larunbatetan saltokiak arratsaldean ixteko eskatzen dute sindikatuek. Pull&Bear, Maximo Dutti, Breshka, Gables, Blanco, eta Oyshoko langileak dira deialdiarekin bat egin dutenetako batzuk.

Erlojuaren aurka ari dira negoziatzen Bizkaiko merkatariak eta sektoreko langileak. Atzo sei bilera egin zituzten, bana berritu beharreko lan hitzarmeneko <->—elikadura, altzariak, ehungintza, metala, larru eta oinetakoak eta merkataritza orokorra—. Akordiorik egin ez zutenez, gaur elkartuko dira berriz. Bitartean, hilaren 7ko greba deialdiak indarrean jarraitzen du. ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk antolatu dute.

Cecobi patronalak adierazi duenez, zenbait proposamen aztertu zituzten atzo. Gaurko bilerara, berriz, «negoziatzen jarraitzeko borondatez» joango dela esan du. Sindikatuek diote, berriz, proposamen berririk jaso ezean, agian ez dutela batzarrean parte hartuko. Patronalak egindako azken eskaintza soldatetan 2009ko KPIa igotzea eta atzerapenak ere ordaintzea izan zen. Abenduaren 23an izan zen hori. Egun horretarako nahiz biharamunerako ere grebara zuten deituta. Azken orduan, atzera egin zuten, Cecobiren eskaintza «azken bi urteetako onena» zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.