Arabako metal merkataritzan soldatak 2025erako %25,5 igotzeko akordioa lortu dute

3.500 langilek egiten dute lan sektorean, eta 2023tik 2025era iraungo du lan itunak. UGTk sinatu du aurreakordioa.

FERROFORMA AZOKA
ALFREDO ALDAI / EFE
inaut matauko rada
2023ko azaroaren 22a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

2009tik ez aurrera ez atzera zebilen lan itun bat berritu duela iragarri du UGT sindikatuak. Arabako metalaren merkataritza ituna 2008. urtearen amaieran iraungi zen, eta ordutik ez da berrikuntzarik izan. Hala, sindikatuak adierazi duenez, akordioari esker %25,5 igoko dira sektoreko langileen soldatak 2025erako. 3.500 langilek egiten dute lan sektorean.

Soldata taulak %14,5 igoko dira, eta 2023an beste %4 handituko dira soldatak; urtarrilaren 1etik orain arteko tarte horri dagokiona eta atzerapenak ordaindu egingo dituzte. 2024an beste %4 igoko dituzte soldatak, eta 2025ean, %3. Guztira, beraz, %25,5 igoko dira soldatak 2025eko urtarrilaren 1ean. Horrez gain, 2023 eta 2025 arteko KPIaren baturak %11 gainditzen badu, hori ere igoko zaie langileei 2026ko urtarrilaren 1ean.

ELA da sektorean gehiengoa duen sindikatua, eta UGTk adierazi du sindikatu horrek etenda eduki duela ituna berritzeko prozesua, eta gainontzeko sindikatuek «beste alde batera» begiratu dutela.

Nafarroan, sinatu berri

Nafarroan ere joan den astean lortu zuten metalaren merkataritzako ituna berritzeko akordioa, UGTren, CCOOren eta patronalaren artean. Aurten %5 handituko dituzte soldatak; 2024an, %3; eta 2025ean, beste %3. Hala, 2025eko urtarrilaren 1ean %11 igoko zaie soldata sektoreko langileei; eta hori gutxienez, beste %2ko soldata bermea ere adostu baitzuten.

ELAk adierazi zuen akordio hori ez zela nahikoa, eta iragarri zuen kontratuak «prekarizatuko» dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.