Araban pisu handia du metalgintzak: lurraldean industria enplegu gehien sortzen dituen sektorea da; 25.000 langile inguru ditu, hain zuzen. Lan ituna iaz iraungi zitzaien, eta aurtengo urtarrilaren 26an SEA patronalak eta sindikatuek negoziazio mahaia eratu zuten akordioa berritzeko. LABen ustez, orduz geroztik hitz egindakoari ezin zaio negoziazioa deitu: «Bilera katea luzatzen ari da, eta blokeoa erabatekoa da». Horregatik, irailean «indarrak batzera» deitu ditu gainerako sindikatuak, proposamen bateratu bat egiteko «elkarlanerako aukerak dauden arakatzeko».
ELAk %47ko ordezkaritza du negoziazio mahaian, CCOOk %21ekoa, LABek %17koa eta UGTk %15ekoa. LABek aitortu du berak ez duela pisurik handiena, baina nabarmendu du hilabeteak daramatzala mobilizatzen, eta horregatik hartu duela intersindikalera deitzeko iniziatiba.
LABek argudiatu duenez «presioan salto bat» emateko modu bat da sindikatuak ados jartzen saiatzea. Izan ere, otsailean sindikatu bakoitzak bere proposamena aurkeztu zuen, eta SEA patronalak martxoan erantzun zien, eta beste proposamen bat egin. Azken proposamen horretan, «eskubide galera larriak» jaso zituzten, LABen arabera. Esate baterako, ez zuten bermatzen soldatak KPIaren arabera igotzea, malgutasun lanorduak 100 ordu izan beharrean 259 ordu izatea aurreikusten zuten, eta aldi baterako ezintasun arruntetako osagarria kentzen. Gerora ere, patronalak egindako proposamenetan ez ditu aurreko ituneko baldintzak hobetu, eta hori funtsezkoa da, LABen arabera, akordio bat lortzeko.